Merezi ote bakarrik egoteak…
Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Chill Mafiakoek bertsionatuta, are ezagunagoa egin da Gontzal Mendibilek idatzi eta abestutako bakardadearen inguruko hausnarketa. Gaur egungo mendebaldeko gizartean gero eta nabarmenagoa bihurtzen ari bada ere, filosofiaren historian pentsalari gutxi dira gai hau jorratu gabekoak. Kontzienteki bakarrik egon eta moldatzen jakiteak lasaitasuna, askatasuna, autoezagutza, heldutasun emozionala, sormena… bezalako lorpenetarako bidea ireki diezaguke. Merezi ote duen, zalantzarik ez.
Merezi ez duena, txanponaren beste aldea, nahi gabeko bakardadearena. Norberak aukeratutakoa aberasgarria izan daitekeen moduan, sufrikarioa eta kaltegarria bihur daiteke, hala ez denetan. 2015az geroztik Munduko Osasun Erakundeak osasun publikoko arazoa kontsideratua. Bizitzaren bidaian belaunaldi guztiei eragin badiezaieke ere, gizon-emakumeon bizi-itxaropena luzatuz doan heinean, bereziki adinekoengan fokalizatutako fenomenoa bilakatu da. Ongizatearen bidean, urte kantitatea eta kalitatea uztartzeak gero eta behar handiagoei aurre egitera garamatza.
Konponbideak bilatu nahian, esanguratsua, Erresuma Batua eta Japonia bezalako herrialdeetan Bakardadearen Ministerioak egotearena. Geurean, momentuz halakorik ez izanagatik, ekimenak bai. Gogoratzekoa 2019ko abenduan, kontzientziak astindu asmoz, Bilboko Areatza plazako banku batean, nahi gabeko bakardade sakonean bizi zen Mercedes adineko emakumearen silikonazko eskultura hiperrealista agertu zenekoa. Are gogoragarriagoa, ordea, hurrengo egunean hezur-haragizko Mercedes bera eskulturaren ondoan eserita ikusi genuenekoa. Denboran eta espazioan gertuago, nahi ez den bakardadea arindu asmoz, Beasaingo Barrendain plazako espazio publikoa berrantolatuz, 2026ko udarako sortu nahi den Kalelagun proiektua aurkeztu berri dute.
…geroan ere bakarrik egoteko-arenak beste baterako eman dezake. Kalera noa. ■
