Ezagutza trukatzeko topagunea
Natur Zientzien VI. Topaketak egingo dituzte bihar eta etzi Iruñean Euskal Naturak eta UEUk, ezagutza partekatzeko eta gazteengan jakin-min zientifikoa pizteko. Iker Agirrezabal eta Maixa Otegi ikertzaile goierritarrak hizlari ariko dira.
Natur Zientzien VI. Topaketa izango da azaroaren 15ean eta 16an, UEUren Natur Zientzien sailak eta Euskal Natura elkarteak antolatuta. Topaketa horien helburu nagusiak natur zientzien inguruko ezagutza gizarteratzea eta gazteengan zientziarekiko interesa piztea dira, ikerketaren, hezkuntzaren eta berrikuntzaren arteko elkarrizketa sustatuta. Topaketek Euskal Herrian natur zientzietako adituen eta naturazaleen elkargune izateko borondatea ere badute. Aurreko edizioetan (2013 NZTOPA!, 2015 NZ2TOPA!, 2018 NZ3T, 2021 NZ4T eta NZ5T) arloko kide asko erakarri eta eztabaidarako gune interesgarriak sortu dituzte.
Aurtengo edizioak adimen artifiziala, trantsizio energetikoa eta omikak izango ditu ardatz, besteak beste, eta bi egunetan zenbait tailer, hitzaldi eta esperientzia partekatuko dituzte. Zientzialariek, irakasleek eta ikasleek bi eguneko topagune dinamikoetan parte hartuko dute, ikerketa eta praktika pedagogikoa uztartuko dituztenetan.
Goierrik ere ordezkaritza nabarmena izango du aurtengo ekinaldian: Iker Agirrezabal segurarra, hidrogenoa energia iturri garbi gisa aztertzen duen ikertzailea; eta Maixa Otegi lazkaotarra, Fraisoro Eskolako irakaslea eta natura kudeaketan aditua, izango dira hizlarien artean. Biek azpimarratu dute zientzia herritarrengana hurbiltzearen eta hezkuntzaren bidez gizartea sentsibilizatzearen garrantzia. ■
Iker agirrezabal, ikertzailea
«Eguzki energiaren bidez ura hidrogeno bihurtzea da gure erronka nagusia»
Hidrogenoa etorkizun energetikoaren giltzarrietako bat da, eta haren ekoizpen jasangarriaren inguruan lanean ari da Iker Agirrezabal ikertzaile segurarra. Bere taldeak eguzki energiaren bidez ura hidrogeno bihurtzeko bide berriak aztertzen ditu, energia garbia eta eraginkorragoa lortzeko helburuarekin.
Zein da zure proiektuaren jatorria eta helburu nagusia?
Arlo zientifikoan dauden erronken eta gure ikerketa-taldearen lerroen arteko uztarketa da gure proiektuaren abiapuntua. Helburua konposatu kimiko eta erregai berriak sortzeko bide eraginkorragoak aurkitzea da.
Zergatik hidrogenoa?
Molekula txikia eta arina da, eta horrek aukera ugari ematen ditu material ezberdinak probatzeko. Gainera, gaur egun hidrogenoa dagoeneko erabiltzen da hainbat industria-prozesutan, baina oraindik potentzial handia du energia garbiaren arloan. Etorkizuneko konposatu kimiko eta erregaien artean giltzarrietakoa izango da, batez ere energia metatzeko eta garraiatzeko eremuan.
Hidrogenoa benetan energia garbia al da?
Energia guztiz garbia izatea ia ezinezkoa da. Hidrogenoa uretik eta energia berriztagarrien bidez sortzen bada, orduan bai, ‘berdeena’ da. Baina prozesuak beti du ingurumen-kostua. Erronka tekniko asko gainditu dira, baina oraindik ez du merkatu zabala aurkitu, trantsizio energetikoaren kostu eta interes ekonomikoengatik.
Zure proiektuak zein berrikuntza dakartza?
Eguzki energiaren zati handiena zuzenean aprobetxatzen dugu ura hidrogeno bihurtzeko, elektrizitatea sortu beharrik gabe. Horrek prozesua eraginkorrago egiten du eta energia garbiaren erabilera bultzatzen du.
Zientzia eta industria elkarrekin joan behar dira trantsizio energetikoan?
Oinarrizko zientzia ezinbestekoa da aplikazio berriak garatzeko, eta industria, berriz, jakintza hori praktikara eramateko. Askotan bi arloak urrun daude —zientziak ezagutza sortzen du, industriak etekin ekonomikoa bilatzen du—, baina gero eta proiektu gehiago ari dira elkarlanean. Bide hori sendotu behar dugu, laborategiko ideiek benetako eragina izan dezaten.
Zer suposatzen du zuretzat Natur Zientzien VI. Topaketan parte hartzeak?
Zientziaren aurrerapenak gizarteari azaltzea ezinbestekoa da. Zientzian sinesten duen eta inbertitzen duen gizarte bat askoz aurreratuagoa da. Topaketa hauek esperientziak eta ezagutzak partekatzeko aukera paregabea dira.
Zer mezu utzi nahi zenieke natur zientzietan ari diren gazteei?
Zientzia kuriositatea eta etorkizunaren ikuspegia uztartzen dituen arloa da. Garrantzitsuena da ikertzeko eta ikasteko gogoa izatea, eta hori duen edozein gaztek bere ekarpena egin dezake. Zientziak ez du mugarik ezagutzen eta, beraz, askatasun hori esploratu nahi duen edozein gazte izan daiteke etorkizuneko ikerlari. ■
Maixa Otegi, Fraisoro eskolako irakaslea
«Zientziaren transferentzia hezkuntzaren eskutik egin behar da»
Hezkuntza eta zientziaren arteko lotura indartzea funtsezkoa dela uste du Maixa Otegi Fraisoro Eskolako irakasle lazkaotarrak. Baso eta natura ingurunearen kudeaketan aritzen da, eta lehen aldiz parte hartuko du Natur Zientzien VI. Topaketan.
Zergatik dira beharrezkoak halako topaketak?
Informazio gehiena modu ez zuzenean jasotzen dugu, sareen edo adimen artifizialaren bidez. Horregatik, aurrez aurreko topaketa hauek oso baliagarriak dira informazio truke zuzenerako, emozioak partekatzeko eta sentsibilitatea lantzeko. Zientzia ez baita datu hutsen transmisioa, baizik eta esperientzia eta ikuspegi anitzen elkartrukea. Gainera, presentzialtasunak gizakiaren dimentsio soziala berreskuratzen du.
Zer harreman izan duzu natur zientziekin?
Nekazari eta mendi ingeniaria naiz, eta egun Fraisoro Eskolan irakasle naiz baso eta natura ingurunearen kudeaketa zikloan. Naturarekin harreman estua dut, eta ikasleei ingurunearekiko ardura hori transmititzen diet. Topaketa batean parte hartzen dudan lehen aldia da. Esperientzia aberasgarria izango da.
Lanbide heziketak zer leku du zientziaren dibulgazioan?
Oso garrantzitsua. Gero eta proiektu gehiago garatzen dira zientzia eta jasangarritasuna uztartuz. Esaterako, Fraisoron baso suteen detekzio goiztiarrerako sentsoreen bidez proiektu bat daukagu martxan. Halako ekimenek ezagutza teknikoa eta ingurumenarekiko kontzientzia uztartzen dituzte. Gainera, iraunkortasun eta digitalizazio modulu berriek ikasleak gai horietan trebatzen dituzte.
Zein dira ikasleen behar nagusiak zientziaren ikuspegitik?
Zientziarekiko interesa piztea. Askotan ikasleek gai sentsibleekin lotzen dute —babestutako espezieak edo ingurumen hondamendiak, adibidez—, baina ez dute beti sakontzen. Gaur egungo informazio azkarrak hausnarketa sakona oztopatzen du. Horregatik, irakasleon lana da jakin-min hori piztea eta jakintza kritikoa sustatzea.
Zer ekarpen egin dezakete hezkuntzak eta zientziak elkarrekin?
Gizarte arduratsuagoa lor dezakegu. Zientziaren aurrerapenek hezkuntzaren bidez iritsi behar dute jendearengana, eta horrek gizarte sentsibilizatuagoa eta inplikatuagoa sortuko du. Gazte askok gero eta ezagutza mugatuagoa dute naturaren inguruan, eta hori aldatzeko bultzada kolektiboa behar dugu.
Zein mezu utziko diezu topaketara joango diren gazteei eta irakasleei?
Gozatzeko eta parte hartzeko. Ezagutza partekatzea aberasgarria da, eta eztabaidak beti ematen du ikuspuntu berririk. Gazteei esango nieke gai batek erakartzen baditu, ikertu eta ingurukoekin parteka dezatela. Eta irakasleei, entzun dezatela besteek diotena, errespetuz eta irekitasunez. Horrela soilik lortuko dugu ezagutza zabalagoa. ■

