Kontzertuen konpaserako partitura bat
Goierri Zuzenean taldean sartu diren Segurako, Legorretako, Ordiziako eta Zaldibiako musika-antolatzaileen ordezkariak. Lazkaokoa falta da. / Aimar Maiz
Goierriko bost herritako musika kontzertuen antolatzaileek Goierri Zuzenean ekimena sortu dute, agendak koordinatzeko, zuzenekoen eskaintza segurtatzeko eta euskal musika indartzeko.
Azaroaren 7an gertatu zen azkeneko kasua, lehengo ostiralean. Ordizian Galder Izagirre musikariaren kontzertua zeukan antolatuta Ordiziarrock Ekintzak taldeak. Egun eta ordu bererako, handik 4 kilometrora, Zaldibian, Leihotikan eta Ezpalak taldeekin kontzertua egitekoak ziren ZEK Zaldibiako Ekintza Kulturala elkartekoak. Goierriko kultur agenda oparoaren sintoma izan liteke, baina, bi ekitaldien hartzaile multzoa eta zaletuen nolakotasuna ikusita, elkarren lanaren ezezagutzaren eta koordinazio faltarena ere bai. Airoso konpondu zuten bikoiztasuna: ordiziarrek euren emanaldia 19:00etara aurreratu zuten, «ondoren denok Zaldibiara» amua erantsi zioten kartelari, eta auzo-herrian 22:30ean hasi zen bigarren kontzertua. Elkar ez zapaltzeko, eta azkenean iluntze-gau osorako plan dotorea eskaintzeko balio izan zuen.
Baina antolatzaileak jakitun dira horrela ez dutela askotan musikaren zaletasunaren alde ezer batuko, batak besteari kendu baizik. Hala, Goierri Zuzenean taldean bat egin dute Goierriko bost herritako musika-antolatzaileek. «Behar baten ondorioz sortu dugu. Bakoitza bere gaietan ari ginen, bere borrokan eta bere kontzertuak antolatzeko grinarekin. Baina konturatu ginen arriskua zegoela elkar zapaltzeko eta kontraprogramazio bat sortzeko», azaldu du Ordiziarrockeko Urko Ruiz de Apodakak ekimen berriaren ernamuineko kezka nondik datorren.
Goierri Zuzenean taldeak funtzionamendu eta izaera oso xumeak ditu. Whatsappeko talde bat da, azken batean. Baina koordinatzeko eta informazioa elkarbanatzeko egundoko aurrerapausoa. Aipaturiko Ordiziarrock eta ZEK taldeez gain, Legorretako Satto kultur elkartea, Segurako Ganbaran Norbait Dabil elkartea, eta Lazkaoko Aho Lehor elkartea sartu dira, momentuz, Goierri Zuzenean ontzira. Baina irekia da antzeko beste talde gehiagorentzat ere.
Komunikazio «gutxieneko» batekin, agendak egokitu nahi dituzte. «Orain, batek data jartzen duenean, konturatzen gara guk buruan dugunarekin bat egingo duen kontzertuak. Gehienak bi mila biztanletik beherako herriak izanda», erakutsi du sortzen den disfuntzioa Satto elkarteko Iñigo Lasak.
«Agendak egokitzeko aukerarik ez badago ere, agian elkarlan bat egin dezakegu egun bereko beste antolatzaileekin. Azaroaren 7an gertatu den bezala. Bestalde, elkarren bozgorailu izan gaitezke, besteen kontzertuei oihartzun handiagoa emateko. Denak abantailak ikusten ditugu», gehitu du ZEKeko Iban Pajares zaldibiarrak. Esan eta egin; dagoeneko sare sozialetan agenda bateratu gisa iragartzen dituzte kontzertu-egitarauak. «Gero, elkar lagundu ere bai. Ziur behar desberdinak dauzkagula, eta besteek lagunduta agian horiek asetzeko gai gara, kanpora joan gabe», erantsi du Segurako Eñaut Telleriak.
Lazkaoko Aitor Artza antolatzailearen iritziz, azkenik, «denontzako oso interesgarria» da Goierri Zuzenean: «Ondoko herrikoak zer egiten ari diren ez dugu jakiten, askotan. Kontzertuak data beretan jartzen direla ondoren konturatzen gara, ez antolaketa prozesuan. Horregatik, ongi etorria da egitasmoa».
Publikoa mugitu nahian
Funtzionamendu hobea ezartzeko nahiaz harago, bestalde, musika kontzertuak jartzen eta aurrera eramaten ari diren eragile guztiek badute kezka bat sakonean: jendea, gazteak, herritarrak kontzertuetara eramatea. Paradoxikoki, musika taldeen harrobia sendo dagoenean, eta herrietan kontzertuen antolakuntza sekula baino antolatuago dagoenean, publikoa falta izaten da sarritan. Oinarrizko lehengaia.
«Ekintza faltarik ez dago, publikoa falta da, batez ere 40 urtez azpikoa. Antolatzaileok hortik gorakoak gara, eta askotan gazteenak geu izaten gara. Triste samarra da. Agian musika estiloagatik izan zitekeela eta, behin proba egin genuen Kai Nakai ekarri eta regetoi kontzertua jarrita. 15 urtetik beherakoak joan ziren, baina hortik gorakoak, batere ez», esan du Lasa legorretarrak.
Herrietan «dinamika» badago, Pajaresen irudiko. «Herri izaera indartsua daukaten herriak dauzkagu, zorionez, Goierrin. Dinamika horiei guztiei gorputza ematen dio horrelako sare bat sortzeak berak». Hala, abiada eman dioten bost herriez gaindik, ekimena zabaltzea da asmoa. «Goierri Zuzenean delako. Herri bakoitzetik eragile bat izanez gero, gaizki ez», aitortu du Ruiz de Apodakak.
Sarea zabaltze horrek publikoaren mugimendua susper dezakeela uste dute antolatzaileek, era berean. «Hilean behin kartel bat Goierri mailan jartzera ailegatzen baldin bagara, ondo. Jada ez gara bozgorailu bakarretik abiatuko, foku ezberdinetatik baizik: Legorretakoa Seguran zabalduko da, eta gurera segurarrak eta zegamarrak azalduko dira. Gauzei aukera gehiago ematen die», dio Lasak.
Koordinazio ezaren disfuntzioen beste adibide bat jarri du Artzak: «Aurten, Lazkaon Aho Lehor jaialdia zegoenean, asko estimatzen dugun Zumarragako Gaizka Oiartzabalek ZarraparraZ antolatu zuen egun berean. Denok dena lotuta geneukan. Pena. Batak besteari jendea lapurtuko genion, bietara gustura asko joango zena».
Euskal musikaren militantzia
Sutan jarrita probatzen da eltzea, eta aurreneko aukeran ikasi dute zerbait: «Ordiziako eta Zaldibiako elkarlan honek [azaroaren 7koa] ahalbidetzen du ordutegiak moldatzea, guk arratsaldean eta beraiek gauean jarrita, eta tartean Zaldibian taloak afaltzeko aukeran. Orduan, akats batetik eguneko ekitaldi polit bat sortu da bi herrien artean», dio Ruiz de Apodakak.
Jarduteko modu bat, antolaketa eredu bat, eta musikalki helburu jakin batzuk dituzte buruan. «Publikoa eta militantzia» dira orain antolatzaileen erronka nagusiak, «baita lanerako ere. Azken batean, gu gogotsu gaude eta tira egingo dugu, baina jende gazteagoa behar da antolaketarako ere. Militantzia hori falta da», gehitu du ordiziarrak. Taldean jarduteak zama asko arintzen dituela diote: bai laguntzeko, bai zeregin desberdinak burutzeko, bai batek ezin duenean ordezkoak lekua hartzeko.
Seguran ere antzera ikusten du egoera Telleriak. «Militantziarekin ados nago. Uste dut badela erronka jendea inguratzea, beste musika bat ezagutzeko, talde euskaldunak ezagutzeko… Zeren orain kontsumitzen den musikaren ehuneko zenbat den euskalduna jakin nahiko nuke. Hortik aparte, beste mundu bat badagoela erakusten dute kontzertu hauek, oso ona den mundua, hobea dena. Euskal kultura da, eta hori bultzatu eta aldarrikatu nahi dugu».
Gaur egungo kontsumo ohiturak ere ekuazioan sartu nahi dituzte. Makrokontzertuak ez dituzte kritikatu, baina txikiari ere begirunea eta arreta zor zaiola begi bistara atera dute. «Sold out [dena salduta] kontzertuetara iristeko, behetik hasi dira denak. Hori ezin dugu inoiz ahaztu. Hemendik [herrietako kontzertu txikietatik] etorri dira orain milaka entzule biltzen ari diren taldeak. Sold out horietara joaten den jendeak ere ikusi behar du zergatik doan, hemendik etorri direlako. ‘Behera ere joan behar naiz’ esan beharra daukate. Landu egin behar da», arrazoitu du Ruiz de Apodakak.
«Zetak-ek 80.000 lagun batuko ditu. Ni 80rekin izugarri pozik nago», bota du egoeraren diagnosiaren irudia Lasak.
Beste irakurketa bat egin du Artza lazkaotarrak: musikaren alternatibotasunak eta espezialiazioak jokatzen duten papera. «Aho Lehorren eskaintzen ditugunak musika alternatibak dira, maila handi batean egunean daudenak, bereziak. Ez daude egunero irratian. Beste leku guztietan sold out izan diren taldeak hona ekarri, eta erakarri dute jendea, baina ez hainbeste. Musikan espezializatutakoen edo oso murgilduta daudenen bilgune izaten dira, askotan». Horrek publikoaren jatorriaren eremua zabaltzen du, eta Lazkaoko kontzertuen kasuan Euskal Herri osotik inguratzen da publikoa.
Zuzenekoaren balioa
Musikaren sukaldean, zabalpen, ezagupen, sustapen eta gozamen errezetan, gehitzea ahatz ez daitekeen bixigarria zuzenekoaren gatza da. Musika bertan joa eta aditua, bitarteko eransgarririk eta eraldaketarik gabe. Horrelakoak egiteko joera ere beherantz doala sumatu dute. «Gabezia hori ikusten dugu –dio Pajaresek–. Herrian bertan azpiegitura oso txukuna badugu, baina garai bateko dinamika bati, gazteen artean zuzeneko musika jartzearenari, ez ziotela heltzen ikusten genuen. Zaharragoek heldu behar izan diogu, gazteek ez zutelako interesik edo dena delakoarengatik; arrazoi legitimoak denak ere. Baina zuzeneko kontzertuen gabezia ikusten genuen herrian, horrek ematen duen guztiagatik: lehengoen izugarrizko oroitzapenak zeuden, jendea etortzen zitzaigun ea berreskuratuko genuen galdezka… Kristoren eszena da zuzenekoena: gertukoak ematen duena beste gauza bat da, eta herrian bertan egiteko aukera egonda, gainera».
Berebizikoa da herrietako kontzertu txikietara jendea joatea, ekimenek jarraituko badute. «Denak daude jaialdi handiei begira, baina etor gaitezen txikira, ezagutu txikia benetan zer den. Fase horretan gaude: batzuek sarrerak segituan agortzen dituzte, eta gu beti tiraka. Kontraesan horretan bizi gara», gehitu du Pajaresek.
Herri batetik bestera errealitatea aldatzen da, ordea, ibilbideak oso bestelakoak direlako batean eta bestean. Ordiziarrock, adibidez, 1999tik ari da, eta urteen eta lanaren poderioz lortu dute «publiko finko bat». «Izan dira kontzertuak barrakoarekin, muntatzaileekin eta beste hiru katurekin egin direnak. Baina sortu dugu inertzia bat jendearen artean, lana egin eta egin, matxakatuz, eta horren zortea daukagu orain. Baina, orokorrean, mobilizazioa falta da».
Taldeak egon, badaudela diote. Horretan ez dago arazorik. Eskain ditzaketen plazak baino eskari gehiago jasotzen dituzte antolatzaileek. «Sentsazioa daukat taldeei ezezko piloa ematen diegula. Kontrakoa: jotzeko aukerak falta dira. Taldeengatik balitz, astero kontzertua antolatzeko moduan geundeke», azaldu du Telleria segurarrak. Kontsumo ohiturak daude atzean, Pajaresen iritziz: «Kontsumoa talde batzuetan bakarrik dago oso zentratuta. Musika bera kontsumitzeko baino, musika jakin bat edo ezagunak kontsumitzeko gogoa dago gehiago. Hori puskatzera ere badator musika gertu, eskura eta bizitzeko jartzea». ■
Musikarekin gozatu, Irlandan bezalaxe
Goierriko musika kontzertuen antolakuntzaren kasuan, behar lukeena baino jendearen parte-hartze apalagoarekin ibiltzearen errua adibide batekin ilustratu du Urko Ruiz de Apodaka ordiziarrak: «Hemen muntatzen duzu kontzertu oso polita, bere tabernatxoarekin, eta oso jende gutxi etortzen da. Eta etorri ez den jende hori aldameneko tabernan dago. Gero, horiek Irlandara joaten dira, eta ‘hi, zer ondo! Joan ginen taberna honetara, musika zuzenean ari zen, tragoak hartuz…’. Etxean daukazu hori eta!».
Eskaintza musikal eta kultural herrikoia lantzen 26 urte darama Ordiziarrock Ekintzak taldeak. Hilabetean behin jartzen dute kontzertua, D’elikatuz aretoan, abuztuan izan ezik. «Denetik» ekartzen dute, baina lehentasuna «bertako taldeek» daukate. Urtean bi jaialdi handi ere badituzte: Aftersun eta Baserritarrock txandakatuz Oiangun, eta Ordiziarrock.
Legorretan 2018tik ari dira, irailetik Aste Santura bitartean hilean behin. Herri Antzokian, zutik ala eserita izango den erabaki dezakete azken unean. Bertako musika- eta argi-ekipo propioak ere badaude. Publiko aldetik, Su Ta Gar eodo Zea Maysekin 300era arte osatzen dute; normalean, 30-40 lagun biltzen dira. Taldeen %80 euskaldunak dira, eta munduan zeharrekoak besteak.
Segurako Botikaxahar aretoan, «denetik» antolatzen dute. Gutxi ezagutzen edo ohikoan zabaltzen ez den euskal musika ekartzen dute, maiztasun finkorik gabe. Zaldibian, bi hilean behin izan ohi dira emanaldiak, talde izendunak eta ezezagunagoak tartekatua. Lazkaon, Aho Lehor urteko jaialdiaz gain, Hitz&Musik solasaldiak eta kontzertu akustikoak antolatzen dituzte. ■


