Ni eta gu
Idoia Luzuriaga • Berdintasun teknikaria
Azaroaren 25aren harira Emakundek, foru aldundiek eta Eudelek aurten Ez da zure arazoa soilik, gurea ere bada lelopean aldarrikatuko dute emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna. Gai horri ere heldu dio aurten Eudelek udaletan onartzeko proposatutako adierazpen instituzionalean, hots, komunitateak laguntzeko eta babesteko duen indarrari; ez bakarrik arretarako, baizik eta prebentzio eta detekziorako. Esan genezake horrekin erakundeek ez dutela ezer berririk asmatu, baina harrigarria da oinarrizkora jo behar izatea, eta gure inguruan hainbeste urtetan bizitza mantendu duen hori kanpaina batean lelo bihurtzea.
Ingurukoek, lagunek, familiak, tribuak, lankideek, bizilagunek, ondoan dituzunek salbatuko zaituzte batzuetan, eta horregatik haiei tarteka aurrez aurre begiratzea eta haiekin denbora pixka bat pasatzea komeni da indibidualismoa hain modu zapaltzailean irabazten ari den gizarte honetan. ‘Neure burua maitatu behar dut lehenengo besteak maitatu ahal izateko’ edo ‘neure burua zaindu behar dut lehenengo besteak zaindu ahal izateko’ bihurtu dira mantra berriak. Lehenengo ni eta gero gainontzekoak, hegazkineko maskara bezala. Eta bai, garrantzitsua da norberaren burua zaintzea baina aurtengo Azaroaren 25ean hainbeste erabiliko den komunitatea hitz soil bat baino gehiago dela ikustea eta batzuetan, zure buruaren zaintzan erabat murgildu aurretik, ondokoaren beharra ere kontuan hartu litekeela pentsatzea.
Adineko jendearen zoriontasuna eta biziraupena markatzen duen adierazleetako bat komunitatea eta harekin dituen interakzioak direla irakurri izan dut inoiz. Horregatik, komunitatea edo tribua pixka bat zaindu beharko da. Komunitatea eta zaintza, modako hitzak eta zenbaitetan baztertutako oinarrizko kontzeptuak.
Eta komunitateari buruz ari naizela eta narrazioan oso txukun geratzen ez den bolante kolpe bat eginda, besarkada bat, eskerrik beroenak eta agurra eman nahi dizuet GoiBerri komunitatea osatzen duzuen guztioi. Otamotz-en eta hemen botatako burutazio eta hausnarketak irakurtzeko tartetxoa hartu duzuenoi eta, gainera, zenbaitetan kalean horien inguruko komentarioren bat egin didazuenoi ere bai. Harritu eta beti gustura sentiarazi nauzue hor zaudetela esanda. Ideiak eta burutazioak ez zaizkit bukatu, noski, baina bai modu txukunean hemen elkarbanatzen jarraitzeko ahalmena. Hemendik aurrera, nire komunitate eta tribuarekin elkarbanatuko ditut, elkar zainduz. Ondo bizi! ■
