«Entzuleak nire erraietatik ateratako abestiak aurkituko ditu diskoan»
Bere lehenengo diskoa atera berri du Uxue Kerejetak (Zumarraga, 1999). Amaiera izena jarri dion arren, ibilbide oparo baten hasierari ekin dio lan horrekin. Barruko sentimenduak plasmatu ditu zumarragarrak diskoan, eta esan du bere burua «hobeto ezagutzeko» balio izan diola. Bi urteko prozesuaren ondorioa izan da diskoa, eta orain kontzertuak ematea da zumarragarraren helburua.
Gustura gelditu zara egindako lanarekin?
Bai, oso gustura. Proiektu hau egiteko nire gertuko jendearekin inguratu naiz, eta horrek prozesua asko erraztu eta goxatu du.
Zer aurkitu daiteke disko honetan?
Azken bi urteetan idatzitako kantekin ondu dut diskoa, eta urte horietan bizitako emozioak eta sentimenduak agertzen dira bertan: tristura, poza, mina, maitasuna… Entzuleak nire erraietatik ateratako abestiak aurkituko ditu disko honetan.
Zergatik ‘Amaiera’?
Mundu guztiak berdina galdetzen dit. Kantak aztertzen hasi nintzenean denek zerbait komunean zeukatela konturatu nintzen: zerbaiten amaiera iristean idatzita zeuden, eta horregatik zentzuzkoa iruditu zitzaidan izenburu hori jartzea.
Nolakoa izan da diskoa sortzea?
Prozesu luzea eta progresiboa izan da, ia bi urteko proiektua. Beti izan dut buruan disko bat kaleratzearen ideia, eta 2024ko udan neuzkan abestiei forma ematen hasi nintzen. Lehenengo pausoa musikariekin hitz egitea izan zen, baita proiektuari forma eta kohesioa ematea ere. 2025eko urte hasieran lehenengo entseguak egiten hasi ginen, eta ekainean grabatu nuen diskoa, Zestoako Gaztain estudioan.
Zer izan da prozesutik gehien gustatu zaizuna?
Gehien gustatu zaidana nire burua ezagutzeko eman didan aukera izan da. Beti izan naiz inpultsibo samarra, eta lan hau egiterakoan gauzak lasai eginda eta ondo pentsatuta proiektu politak ateratzen direla konturatu naiz. Hala ere, orain arte nire baitan gordetako sentimenduak eta alde intimoa besteei erakusteak bertigo pixka bat eman dit.
Behin diskoa aterata, orain zer asmo daukazu?
Oraingoz, abenduaren 12an talde guztiarekin disko aurkezpena egingo dugu, Urretxun. Hortik aurrera, oraindik ez daukat ezer lotuta, baina horretan gabiltza. Gure asmoa kontzertuak ematea da.
Zumarragan diskoa aurkeztu zenuen. Zer moduz joan zen?
Zumarragan diskoaren formatu akustikoko aurkezpena egin nuen Beñat Armentiarekin. Oso harrera ona izan genuen eta oso gustura egon ginen.
Noiz hasi zinen musikaz interesatzen?
Musika txikitatik izan dut alboan. Zortzi urterekin trikitia jotzen hasi nintzen; hamabost urterekin nire lehenengo gitarra oparitu zidaten, eta hamazazpi urte ingururekin hasi nintzen lehenengo kantuak idazten.
Hau al duzu zure ogibidea?
Ez, ni musikako irakaslea naiz berez. Sortzaile guztioi gustatuko litzaiguke hortik bizitzea, baina utopikoa dela iruditzen zait. Oraingoz oso gustura nago egiten dudanarekin, eta horrela jarraitu nahiko nuke.
Nola ikusten duzu gaur egungo euskal panorama musikala?
Oso oparoa dela iruditzen zait. Gure hizkuntzan egiten den musika oso anitza da, bai estiloei eta bai doinuei dagokienez, eta aukera zabala eskaintzen du.
Zer leku duzue emakumeek?
Poliki-poliki dagozkigun espazioak betetzen ari gara, baita gure ahotsa entzunarazten ere. Nire inguruan jende asko ikusten dut musika sortzen, eta haurrek eta gazteek emakumezko erreferenteak izatea garrantzitsua iruditzen zait.
