Dantzara, plazara, dantzara!
Izaro Intsausti • Dantzaria
Abestiak ‘gure herriaren geroa baikara’ dio. Dantzaren, Kulturaren eta Euskararen geroa bermatzeko guztion beharra izango da, baina bada lan horretan erreferente izan eta gure artetik joan berri zaigun bat. Zu zaitut gogoan, Erramun.
Amets Bide dantza taldea txikitasunetik abiatu genuen herrian eta, urtez urte, taldea indartzen eta herrian dantzaren presentzia areagotzen lan eta amets egitea izan dira helburu nagusiak. Lan horretan ezinbestekoa izan dugu Erramun ameslaria eta bere lan taldearen prestutasuna.
Dantzari txiki egunera inguruko herrietako dantzariak gonbidatzen genituenean, hastapenetan etxeetan eta elkarteetan banatzen genituen. Erramunen laguntzari esker, herri bazkaria herriko plazara pasa genuen, eta dantzari txikia izatetik dantza asteburu oso bat antolatzeko modua izan genuen, hamaiketako, bazkari eta afariak bermatuta, noski.
Ordiziatik haratago, eskualdeko dantza taldeekin elkarlanean, Goierriko dantzari topaketa egitera ere animatu ginen, eta bi urtez behin Lazkao, Idiazabal eta Legorretan paellarik ez da falta izan tripak goxatzeko.
Ametsak egia bihurtzeko bidean babes ederra eskaini diguzu, eta lanean jarraitzeko amets egitea bezalakorik ez dagoela erakutsi. Irakaspen ederrak jaso ditugu zugandik, eta aurrerantzean zuk erakutsitako bidetik eta moduan, lanean jarraituko dugu Dantza, Kultura eta Euskararen alde.
Gaurkoa zuri eskerrak emateko, Erramun. Maitasunez betetako besarkada bat izarretara! ■
