Euskaraz bizi gara Gerrikon, baina…
Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Zenbat kultur ekintza! Zenbat aukera ditugun euskaraz gozatzeko, janzteko, bizitzeko, udazken honetan ere Gerriko komunitatera inguratzen garen guztiok: musikariekin elkarrizketak eta musika-saioak (Hitz&Musik), hizlari trebeekin solasaldiak (Berriketan), zinema (Filmazpit), mintzapraktika (Mintzalaguna), azokak (garagardo-azoka eta euskal liburu- eta disko-azoka)… Kulturak janzten gaitu, euskal kulturak jantzi eta elikatzen gaitu.
Izan ere, euskaraz bizitzeko aukera handiak eskaintzen dizkigun elkartea da Gerriko. Horretarako sortua eta horretan darraiena. Etxean euskararen hautua egina dugunok eta aisialdia ere gure hizkuntzatik betetzen dugunok, ordea, ez gaude erasoetatik salbu. Zenbat zangotraba, zenbat eraso, zenbat nahi eta ezin bizi ditugun egunero. Bai, eraso latzak bizi ditugu eta hizkuntza normalizazioa urruti daukagu. Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi bezala, larrialdi linguistikoan bizi gara.
Itxaropenez jokatu beharra daukagu, ordea, aurrera begira, mundua euskaraz pentsatu, euskaraz egin, gozatu eta bizi. Egia da lan asko egin ditugula eta lorpen handiak zerrenda genitzakeela. Horien indarrarekin, bultzadarekin, aurrera egin beharra daukagu. Etsipenak ez du lekurik behar gurean.
Horiek dira euskaraz bizitzeko ahaleginean ari garenon gorabeherak, pozak eta penak. Baina… gure komunitateko beste zati handi bat, jende asko, gehienbat erdaraz bizi diren eta euskaraz bizitzeko ahalegin handiegirik egiten ez dutenak, nola erakarriko ditugu geurera? Nola animatuko ditugu euskarara? “Zatozte, zatozte denak!!!” esatea ez da nahikoa.
Oraintxe, biharko utzi gabe, bi gonbit handi ditugu: batetik, besoak zabalik hartuko zaitugu eta inguratu Gerrikoko ekintzetara; bestetik, abenduaren 27rako Kontseiluak Bilbon deitu duen ekimenean parte hartzeko, eskuratu sarrera eta eman izena autobusean joan-etorria egiteko. Euskaltzaleon garaia da! Piztu argiak! ■
