Jantoki kolektiboen egiteko eran eragiten
Jantokiekin ez ezik, ekoizleekin ere lanketa egin behar du Biziolak, eskain dezaketen produktu kopuruaz hitz egiteko. / pexels.com
Elikadura burujabetzaren bidean sakontzeko estrategikotzat du Biziolak jantoki kolektiboen kudeaketan eraldaketarako proposamen oso bat lantzea. Bi lanketa paralelo ditu gaur-gaurkoz esku artean.
Bai sortu aurretik, bai sortu zen une beretik, elikadura burujabetzan urratsak egitea izan da Biziolaren ardatzetako bat. Urratsak egitea eta eginaraztea. Eta helburu hori lortzeko bidean jantoki kolektiboetan eragitea izan du jomugan, haien egiteko eran eredu berriak proposatuz. «Guretzat estrategikoak dira. Elikadura eskubide sozial bat da, eta bertako elikagai osasungarriak denon eskura egon beharko liratekeela uste dugu. Bide horretan jantoki kolektiboak tresna bat dira. Eskari bat antolatzea eta salmenta aukerak antolatuta edukitzea izan dugu helburu hasieratik», nabarmendu du Intza Barandiaran Biziolako kideak.
Modu xume batean bada ere, «lanketatxo» bana eginak dituzte Legorretan eta Beasaingo Ikastolan, baina esperientziak erakutsi die «jantokien eraldaketa oso bat» landu beharra dagoela. «Azterketa bat egin beharra dago, beste jantokietara sistematizazio bat edo egiteko modu berri bat eramateko. Eta ekoizleen artean ere lankidetzak sortu beharko dira, eta egiteko modu berriak pentsatu eta adostu».
Jantoki publikoen mapatzea
Askotariko jantoki kolektiboak daude Goierrin. Batetik eskumen publikokoak, eta enpresa eta ikastetxe pribatu eta kontzertatuenak bestetik. «Lehen horiek bestelako eskakizun batzuk dituzte, pleguak eta hitzarmenak direla, eta bide luzeagoa eskatzen dute».
Martxan dute, ordea, proiektu bat Kutxa Fundazioaren diru-laguntza bati esker. «Goierriko udal eskumeneko jantoki eta elikadura zerbitzuen mapatze bat egiten ari gara orain. Urtea bukatzerako jardunaldi bat antolatuko dugu, eta denak gonbidatuko ditugu eskualdeko esperientziak ezagutu eta partekatzera».
‘Baserritik jantokira’ egitasmoa
Proiektu horrekin paraleloan, eta Goierri Barnetik gobernantza prozesuaren barruan, landa garapeneko erronkan zehaztutako Baserritik jantokira egitasmoan ere lanean ari da Biziola, Goieki eta Uggasa garapen agentziekin eta Goimen elkartearekin lankidetzan. «Elikadura misioari lotuta aurkeztu genuen proiektua, eta diputazioaren Etorkizuna Eraikiz programaren laguntza jaso genuen. Egingo duguna da Goierriko jantoki pribatu bat hartu eta horniketa hasi aurreko aurre-lanketa guztiak egin».
Oraingoz ezin dute aipatu jantoki horren izenik, baina bai jarraituko duten prozedura. «Jantoki horren aurrekontua eta egiteko modua ezagutuko dugu. Sukaldean sartuko gara, sukaldarien lan prozesuak zein diren ikusiko ditugu, dedikazioak, jaki mota bakoitzaren eraldaketan pasatzen duten denbora, eta ondoren kudeaketa plan bat garatuko dugu». 2026an abiatuko dute esperientzi pilotu hori.
Lanketa horren ondoren «modu egonkor batean mantenduko den eta bertako produktuak izatea bermatuko duen menu aldaketa» proposatuko dute. «Hori bai, ezingo du oztopatu sukaldeko egunerokoa, eta ezingo du haien aurrekontuarekin talka egin». ■
Biziolaren bost ardatzak jantoki kolektiboen inguruan
Jantoki kolektiboek –eskoletako, ospitaleetako, enpresetako edo egoitza sozialetakoak, besteak beste– funtsezko eginkizuna dute elikadura burujabetzaren eraikuntzan, bereziki tokiko elikagaien hornidura sustatzen badute.
1. Tokiko ekoizleen sustengua
Jantoki kolektiboek bertako baserritarrei, arrantzaleei eta ekoizleei irabazi iturri egonkorra eskaintzen diete. Tokiko elikagaiak erostean bi helburu hauek betetzen ditu:
- Landa-eremuko ekonomia bizirik mantentzen laguntzen du.
- Ekoizpen txiki eta jasangarriak indartzen ditu, multinazionalen menpekotasuna murriztuz.
2. Ingurumen iraunkorra
Hiru dira ingurumenaren iraunkortasuna lortzeko sustatzen dituen helburuak.
- Garraio distantziak laburtzen ditu, CO2 isurketak gutxituz.
- Sasoiko produktuen kontsumoa sustatzen du, baliabideen erabilera eraginkorragoa
eginez. - Agroekologia eta ekoizpen iraunkorra sustatzen ditu, pestiziden eta energia fosilen erabilera murriztuz.
3. Elikadura burujabetzaren oinarria
Elikadura burujabetza da herriek bere elikadura-sistemak kontrolatzen duten eskubidea. Tokiko elikagaiez hornitutako jantoki kolektiboek honako hiru arlo sustatzen dituzte:
- Ekoizpenetik kontsumora arteko kate laburrak sortzen dituzte.
- Elikadura eredua demokratizatzen dute, herritarren eta komunitateen parte-hartzea sustatuz.
- Elikagai osasungarri eta justuen sarbidea bermatzen dute guztiontzat.
4. hezkuntza eta kontzientziazio soziala
Jantoki kolektiboak heziketa gune bihur daitezke.
- Ume, gazte eta herritarrak tokiko produktuen balioaz kontzientziatzeko funtzioa dute.
- Ohitura osasungarriak eta jasangarriak sustatzeko balioa dute.
- Kultura gastronomiko lokala babesteko eta belaunaldi berriei transmititzeko tresna dira.
5. ekosistema sozial eta ekonomiko berriak
Tokiko horniduraren aldeko jantoki kolektiboek sare komunitarioak sortzen dituzte.
- Ekoizleen, kontsumitzaileen eta erakundeen arteko kooperazioa sendotzen dute.
- Ekonomia sozial eta solidarioaren printzipioetan oinarritutako ereduak garatzen ditu.
Jantoki kolektiboak elikadura burujabetzaren motor izan daitezke, tokiko elikagaien bidez ekoizpena, kontsumoa, osasuna eta ingurumenaren zaintza uztartuz. Elikadura ez da soilik nutrizio kontua: erabaki politiko eta soziala ere bada.
