'Kirol tabernak', zaletuen eta jokoaren tenplu zaharrak
Futbol, txirrindularitza, boxeo, pilota edo parean egokitzen zen beste edozein kirolen jarraitzaileek jakineko tabernak izaten zituzten, 1990eko hamarkadara arte, herri bakoitzean. Parrokiaren herri epaitegi zorrotzak izaten ziren, entrenatzaile amateur ugariren joko zelaiak, eta sarri askotan, herriko kirol munduaren hauspotzaile, egurtzaile eta antolatzaileak, tokatzen zenaren arabera.
Horietako kirol taberna bat Ormaiztegiko Fausto zen. Beasainen ere gogoan dute askok beste bat, Bar Joakintxo. Tabernako kirolzaleen zerbitzurako, ez ziren falta izaten apustutxo gurutzatuen oholak. Ezta Kiniela edo beste mota askotako loto eta loteria jokoak egiteko estafetak ere –eskuz gurutzetxoak eginda, garai hartan–.
Eguneroko txikiteroen presentzia etengabeaz gain, igande arratsaldeak ziren kirol tabernen benetako ordu alaiak. Futbol partiden emaitzak, izan Lehen Mailako profesionalenak, izan Erregional mailako inguruko harrobiko taldeenak, taberna horietara iristen ziren lehenengo. Telefonoz hartzen zituzten zenbaitzuetan, arbelean idatzi eta denen jakinaren gainean jartzeko. Herriko taldearen emaitza-kronika ere handik telefonatzen zuten prentsara.
Herrian bertako kirol taldearen partiden ondorenetan ere –Ormaiztegiren kasuan, eskubaloia– ikusleen topaleku bihurtzen ziren. Taberna ugari sortzen joan ziren horien inguruan. Kirola eta aisialdia beste modu batekoak ziren garai haietan, baita informazioaren hedapena eta gizarteko harremanak nahiz ohiturak ere.
Ehun urteko historia
Ormaiztegiko Fausto edo geroago Ekaitz taberna orain dela 101 urte ireki zuten. Jose Antonio Gurrutxaga itsasoarrak 1923an erosi zion Juan Otañori, eta 1924an ardo saltoki lizentzia eskuratu zuen. Izen ugari izan ditu, historian zehar: Amerikano Txiki, Txikine, Denda Berri, Gurrutxaga, Fausto Taberna, eta azkenera Ekaitz.
Bigarren Errepublikaren garaian (1931-1936), Ormaiztegiko Zentro Errepublikanoa tabernako jangelan kokatu zuten. Gurrutxagak bere burua «gizon txikie baino errepublikano haundie» gisa definitzen zuen. 1945ean hil zen, eta Maria Juana Lekuona Gurrutxaga alargunak hartu zuen tabernaren ardura; eta, geroago, Fausto Gurrutxaga semeak.
Fausto Taberna 1989ra arte egon zen martxan, eta bere ezaugarriak izan ziren Kinielak eta lotoak egiteko estafeta edukitzea, edo kirol zaleen bilgune izatea. Negozioa Joxe Mari eta Marijose Garmendia anai-arrebei eskualdatu zien Gurrutxagak, eta haiek jarri zioten establezimenduari Ekaitz izena. Gabirialde kaleko taberna-giroaren urrezko aroa izan zen 80ko eta 90eko bi hamarkada haietakoa.
Garmendiatarrek 1996an utzi eta hurrengo lau urteetan Amagoia Unanuak eta Belen Callejok eduki ondoren, 2000n itxi zuten taberna. ■

