Esku batek hitza hartu du
Iban Toledo, Arangurengo aztarnategian, dokumentalerako grabaketa prozesuan. / Labrit Multimedia
Iban Toledo beasaindarra ‘Eraukon, eskuaren mintzoa’ dokumentala ari da egiten, Irulegiko eskuaren aurkikuntza, euskararen lehen aztarna izan daitekeenaren balioa nazioarteko ikusleari hurbiltzeko.
Irulegiko muinoan, eguzkia gainean itsasten zaionean, brontzezko esku bat dirdira egiten hasten da. Bost hatz, eta metalezko azal batean zizelkatutako idazki bat: ahanzturaren gainetik biziraun duen mezua. Duela bi mila urte norbaitek utzi zuen han bere aztarna, eta gaur egun, bere isiltasunaren azpian, euskara bera dabil arnasa hartzen.
Esku hura —Irulegiko eskua— arkeologoek lurpetik atera zutenetik, euskal gizarteak ez du begirik kendu harengandik. 2021eko ekainaren 18an aurkitu zuten, Arangurengo aztarnategian induskatutako etxebizitza baten sarreraren ondoan. Ordutik, ez da soilik aurkikuntza bat; euskararen antzinatasunaren lekukoa da, gure komunitatearen iruditeria astindu duen ikurra. Eta orain, Iban Toledo beasaindarrak eta Oroitz Zabalak dokumental bihurtu dute haren istorioa: Eraukon, Eskuaren mintzoa.
«Labrit Multimediatik proposamena iritsi zitzaidan», dio Toledok, kameraren atzean begi finez urte asko daramatzanak. «Aranzadik bazuen ideia bat: aurkikuntza honi bere tokia eman behar zitzaiola, ez bakarrik hemen, baizik eta Europa mailan. Hortik abiatu ginen. Eta ni orduan sartu nintzen saltsa honetan, gaur arte iraun duen bidaia batean, eta oraindik ere falta da lan pixka bat pantailara iritsi arte», iragarri du ekoizle beasaindarrak.
Misterioa, hizkuntzaren erraietan
Irulegiko Eskuak 40 zeinu ditu grabatuta. Horien artean, lehen begiratuan guztiok ulertzen genuen edo hala nahi genuen hitz bat: sorioneku. Baina azken urteetan bestelako irakurketa bat ere indarra hartzen ari da: ‘eraukon’. «Hor dago dokumentalaren giltza», azaldu du Toledok. «Aditu batzuek diote aditz bat dela, ‘eradun’ aditzarekin lotua —eman, eskaini, entregatu—. Beste batzuek, aldiz, bestelako esanahiak bilatzen dituzte. Hor dago magia hori, misterioaren irekitasuna».
Filmak, hain zuzen, misterio hori bera jartzen du erdigunean. Euskararen sustraietan dagoen galdera zaharrari begiratzen dio: nondik gatoz hizkuntza gisa? Eta zinemaren bidez, Toledok eta Zabalak ikuslearen jakin-mina piztu nahi dute. Ez soilik jakiteko zer dioen brontzezko eskuak, baizik eta zer esan nahi digun gaur egun, euskaldunoi.
«Harridura eta poztasun handiz hartu genuen aurkikuntza», gogoratu du Ibanek. «Eta orain, lan hau egiten ari garenean, ohartu gara Europako aditu askok ez dutela oraindik ulertu zer nolako aurkikuntza den hau. Horregatik ari gara lanean: bere tokia emateko, eta gure hizkuntzaren balioa munduari erakusteko.»
Euskaratik mundura
Dokumental honen balioa ez da bakarrik euskal zabalkundean geratzen; nazioartean ere badu pisu handia. Izan ere, euskararen jatorria eta haren testigantzak Europan hizkuntza gutxitu eta bizia denaren erakusle izan daitezke. Horregatik, helburu nagusiak hauek dira: Aurkikuntza aintzat hartzea historiaren mapan; euskararen posizionamendua indartzea nazioartean; eta komunitate euskaldunari hausnarketa ematea: hizkuntzak eta memoria kolektiboak duten lekua.
Ekoizpenaren atzean
Eraukon, Eskuaren mintzoa ez da dokumental xume bat. Nazioarteko koprodukzioa da, Labrit Multimedia, On Produkzioak eta Les Valseurs-en artean egina, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen lankidetzarekin. Grabazioak egin dira Frantzian, Erresuma Batuan, Madrilen, Bartzelonan, baita Euskal Herriko hainbat tokitan ere: Tolosan, Iruritan, Gaztelun, Bujandan, Iruñean eta Gasteizen.
Toledok berak azaldu duenez, «filmaketak 2022an hasi genituen, baina prozesua luzea izan da. Finantziazioa lortzea ez da lan erraza, eta bitartean, Irulegiko indusketek aurrera jarraitzen zuten. Bertan egon gara kamerarekin, aurkikuntza txiki eta handi bakoitza jasotzen».
2023an Aranzadik Arkeologia Ondarearen Europako Saria jaso zuen, eta Belfasten egindako kongresuan izan ziren lehen grabazio nagusiak. «Han elkarrizketatu genituen Europako arkeologo garrantzitsuenak», dio Toledok. «Galesen, Bartzelonan, Madrilen… bidaia asko, lan asko, baina ilusio handiz egindakoa».
Zientzia eta sinbolismoaren artean
Irulegiko eskua, Nafarroako museoan dago ikusgai. / Ariane Vierbücher
Irulegi ez da agortu. Aranzadik dio oraindik 14 hektareako eremutik bost besterik ez direla induskatu. «Ez dakigu oraindik zer dagoen lur azpian», dio Ibanek. «Eta pentsatzen dudanean, dardara egiten dit bihotzak. Baina gure lana ez da aurkikuntzak iragartzea; gure lana da dagoenari ahotsa ematea».
Eta ahots hori, dokumentalean, euskararen mintzoa da. «Euskara Europa osoko hizkuntza bizi zaharrena izan daiteke, eta horrek erantzukizuna ematen digu. Gure hizkuntza zaindu eta kontatu egin behar dugu, ahaztu ordez». Hori da Eraukon-en funtsa: arkeologiaren eta hizkuntzaren arteko elkarrizketa. Lurraren isiltasunetik jaio den hitz bat, kamera baten bidez berriro biziarazten dena.
Etorkizunera begira
Udazkenean azken grabazioak egin, eta muntaia lanetan murgilduko dira. 2026ko udaberrirako prest izatea espero dute. Ondoren, nazioarteko jaialdietara eramango dute, eta handik zinemetara eta plataformetara.
«Gure helburua ez da irakasgai akademiko bat egitea», azaldu du Toledok irribarrez. «Ikus-entzunezko entretenigarria izan dadila nahi dugu, jendeak gustura ikus dezan, eta bere baitan harrotasun puntu bat piztu dezan. Euskararen altxor zaharrarekin topo egitea, eta ulertzea zer den benetan gure eskuetan daukaguna».
Eta esku horretan, Irulegikoan bezala, badirudi hitzak berak dir-dir egiten duela oraindik: Eraukon. Eskaini, eman, entregatu. Agian hori baita dokumental honek egiten duena ere: gure hizkuntzaren altxorra berriz ere eskaintzea, pantaila baten bidez, munduari. ■
