«Esku ona daukat gozoak prestatzeko, baina zaila da horretara dedikatzea»

Urte askoan kanpoan ibili ondoren, herrira itzuli, idazten hasi eta Amesgile argitaletxea sortu zuen Betzaida Urtaza Elizburuk (Legorreta, 1988). «2019an aita hil zen eta horrek erabat aldatu zituen nire bizitza eta pentsaera. Ondoren Covid-a etorri zen eta idazten hasi nintzen. Argitaletxeetan ate joka hasi, eta erantzunik ez nuenez jaso, Amesgile sortu nuen amak bultzatuta». Idazle izateaz gain, editore, itzultzaile eta ipuin kontalari ere aritzen da. «Gehien gustatzen zaidana sortzea da, lana bukatuta esku artean izatea. Ipuin kontaketak ere asko gustatzen zaizkit, haurren harridura aurpegia eta naturaltasuna ikusteko». Beste hainbat ikasketaren artean, gozogintza ikasi zuen: «Esku ona daukat gozoak prestatzeko, baina zaila da horretara dedikatzea. Beraz, etxekoei prestatzen dizkiet, beren barruak goxatzeko».
Zer zaletasun dituzu?
Irakurtzea, kozinatzea, dantzatzea, film on bat ikustea…
Pelikula bat edo telesail bat.
Disneyko edozein.
Liburu bat.
Oraintxe bukatu dut Freida McFadden La asistenta. Eta nire argitaletxeko bat aukeratzeko, hurrengo urtean argitaratuko dugun Lazos edo Loturak.
Musika talde edo abeslari bat.
Unearen arabera: Benito Lertxundi, Süne, Zetak, Calema, The Flavours, Bomba Estéreo, Stromae…
Abesti bat.
Cabo Verdeko Marizaren Saudade Solta eta The Ververen Bitter Sweet Symphony.
Oporretarako leku bat.
Bi leku ditut etxean sentiarazten nautenak. Algeciraseko El Rinconcillo auzoa. Txikia nintzeneko bizipen asko ditut, eta familia bihurtu diren lagunak. Eta Portugal; hango janaria, musika, kultura, jendea… Gainera, nire bikotekidea eta bere familia bertakoak dira.
Zer gosaltzen duzu?
Ondo gosaltzea gustatzen zait eta egunero ezberdina izaten da. Gehien gustatzen zaidana etxean egindako tortitak dira, fruta zatiekin eta edateko txokolate beroa edo infusioren bat.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Nire aita hil zela deitu zidatena, edo nire semea jaio zena.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Ama izateko aukera izatea.
Amets bat.
Asko betetzen ari naiz. Baina utopia dirudien arren, ondorengoei mundu hobeago, baketsuago eta lasaiagoa uztea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Lasai egoteko denbora, etxeko txikiaren irribarreez, egiten dituen aurrerapenez gozatzeko.
Goierriko txoko bat.
Gure Txindoki mendi maitea.
Legorretan biziko ez bazina…
Portugalen dugun ‘txokoan’. ■
