«Amets bat egi bilakatzea izan da profesionaletara jauzia ematea»

Gari Ugarte txirrindulariak (Legazpi, 2005) profesional mailara egingo du jauzia. Euskaltel-Euskaldi taldearekin arituko da 2026an eta 2027an. Ez du, ordea, nolanahiko merituz lortu igoera hori: aurten Zamorako Itzuliko etapa bat irabazi du, baita Salamancako Itzuliko etapa bat eta sailkapen nagusia ere. Ugarte «pozik eta gogotsu» dago etapa berriari ekiteko.
Profesionaletan arituko zara datorren denboraldian. Nola hartu duzu albistea?
Amets bat egi bilakatzea izan da niretzat. Pixkanaka sinesten joan naiz ametsa betetzea posible zela, baina gertatzen den arte ez duzu benetan sinesten. Oso pozik eta gogotsu nago denboraldi berrirako.
Zein dira denboraldirako zure helburuak?
Batez ere, ahalik eta ondoen eta azkarren egokitu nahiko nuke taldera. Horrez gain, pelotoian nire tokia zein den ezagutzea eta ekipoari laguntzea dira nire helburu nagusiak.
Noiz eta nola hasi zinen txirrinduan?
Osaba betidanik ibili izan da bizikletan, eta berak sartu zidan har hori. Errepidean zein ziklo-krosean ikusten nuen, eta ni ere mendiko eta errepideko txirrinduan ibiltzen hasi nintzen. Inoiz ez naiz oso iaioa izan kiroletan, baina pixkanaka hobetzen joan naiz bizikletaren gainean, orain arte.
Zein dira zure indarguneak?
Teknikoki nahiko abila naizela esango nuke, eta pelotoian nire lekua aurkitzen ere ona naiz.
Astean zenbat entrenamendu egiten dituzu?
Ia egunero entrenatzen dut. Noizbehinka atseden ere sartzen dut, baina txirrindularitzan egunero entrenatu behar da. Bizikleta gaineko entrenamenduez gain, indar eta mugikortasun ariketak ere egiten ditugu, lesioak saihesteko.
Nola uztartzen dituzu entrenamenduak, ikasketak eta bizitza soziala?
Bizitza soziala mantentzea gustatzen zait, eta beti ateratzen dut tarte bat lagunekin kafe bat hartzeko. Amak esaten dit nire psikologoak direla lagunak.
Zein izan da orain arte egin duzun lasterketarik bereziena?
Castelloko Itzulia, esango nuke. Hura izan zen benetan indartsu eta lehiakor sentitu nintzen lehenengo lasterketa. Asko disfrutatu nuen karrera bat izan zen, eta, gainera, lider jartzea lortu nuen.
Erreferenterik ba al duzu?
Txikitan Alberto Contador zen nire idoloa. Bestalde, bizitzan erreferente asko ditut, familiatik hasi eta nire entrenatzailera arte. Oso zutabe garrantzitsuak dira nire bizitzan.
Buruan duzun amets edo helburu bat?
Profesionaletan lasterketa bat irabaztea izugarria izango litzateke. Bestalde, Frantziako Tourreko irteeran egotea ere amesten dudan zerbait da. ■
