Hikikomori
Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Noizbait sentitu al duzu dena alde batera utzi eta etxean gotortzeko beharrik? Gizartearekin duzun harremana eten, eta logela batean denbora baterako bakarrik egoteko desirarik? Bada jakin ez zinatekeela bakarra izango. Gero eta jendetsuagoa den talde baten parte izango zinateke.
90eko hamarkadan zehar, japoniarrak ohartu ziren euren gazteak desagertzen hasi zirela pixkanaka. Ikasketak alderatu zituzten askok; lagunekin eta familiarekin harremanak eten eta norbere logelan ezkutatu ziren. Eta ez zen alferrak zirelako, edo zaletasun arraroak zituztelako. Gizarteak ezarritako erritmoa jarraitzeko gai ez zirelako baizik.
Tamaki Saito irakasle eta psikiatra japoniarrak fenomeno hau gertutik aztertu nahi izan zuen eta Hikikomori izena jarri zion: ‘Norberaren barrura erretiratzea’ esan nahi du japonieraz. Ez zen brometan hartzeko kontua. Izan ere, garai hartako datuen arabera, milioi bat kasutik gora identifikatu zen herrialdean urte gutxian.
Japoniak bizi zuen eraldaketak eragin zuzena izan zuela uste dute adituek. Aurreko hamarkadetan bizitako hazkunde ekonomikoaren ostean, gainbehera etorri zen, eta horrek belaunaldi oso bat utzi zuen erabat galduta. Lana bizitzaren erdigune bilakatu zen; nerabeen artean, presio akademiko itogarria arnasten zen, eta produktiboak izatera behartuta sentitzen ziren. Ondorioz, erritmo horretara moldatzen ez zenak, desagerpenean aurkitzen zuen maiz askabide bakarra.
Eta desagertu esaten dudanean, desagertu esan nahi dut bai. Zeren badira kasuak non hikikomoriek hamar urte baino gehiago eman dituzten beren gelatik irten gabe, gurasoek janaria atearen aurrean uzten zieten bitartean.
Fenomenoa ez da uharte asiarrean soilik geratu noski. Han identifikatu eta izendatu bazen ere, munduan barrena zabaldu den patologia psikologiko baten aurrean gaude.
Ni neu, egoera ezberdinek bultzatuta, etxetik atera gabe egon behar izan naiz denbora tarte luzeetan. Oso gaztetan hasi nintzen esperientzia hauek bizitzen, eta ohitu ere egin naizela esan daiteke. Jakin badakit isolamendua ez dela biderik egokiena, baina ez ote da batzuetan munduaren zaratatik ihes egiteko modu zilegi bat?
Era guztietara ere, ez dut uste arazoa norbanakoaren porrot soil bat denik. Are gehiago: badirudi gizarteari ihes egitea, askorentzat, bizirik irauteko modu bakarra bihurtu dela. Beraz, zenbat denbora gehiago egingo dugu guztiok itxurak mantentzen, mundu honen funtzionamenduak gero eta gehiago sakabanatzen gaituen bitartean? ■
