«Bizitza ja konplikatua da, moda ere konplikatzeko»

Bide ezberdinetatik, baina askok ezagutuko dute Iñigo Aranburu Garmendia (Lazkao, 2000). Harrabotsa sortu du azken hilabeteetan eta hainbat esparrutan egin da ezagun: Tik Tok sare sozialean eta Euskadi Irratian zein Gaztean, Euskal Herriko estilismoaz hitz egiten du eta dagoeneko jantzi ditu zenbait musikari ezagun, hala nola Eider, Maren, Aimarz eta Sune. Beste batzuek, ordea, Lazkaoko eta Ordiziako azoketatik ezagutuko dute, aspaldian aritzen baita barazki eta landare saltzaile gisa. Bokazio modura hasitakoa, ogibide bilakatu du.
Estilista zara. Zer ikasi zenuen?
Kazetaritza gradua egiten ari naiz, Leioan. Hemezortzi urterekin Madrilera joan nintzen gradu bera egitera, baina neure burua aurkitu ez nuenez, pare bat urtez taberna batean aritu nintzen eta duela bi urte erabaki nuen gradua berrartzea. Gaur egun, hainbeste maite ditudan bi munduak uztartzen ari naiz: komunikazioa eta moda.
Moda-estilismoan, baina, ez dut ikasketarik; autodidakta naiz, neure kasa ikasten dut. Egunero dut zerbait berria esku artean eta irakaspenak ateratzen ahalegintzen naiz, gero horietatik ikasteko.
Ba al dute loturarik?
Modak ikaragarri komunikatzen du, eta kazetaritzaren funtsa ere komunikatzea da. Biek amankomunean izan dezaketen komunikazio horretatik abiatuta, badute erlaziorik. Hala ere, ez zait inolako mezu konkreturik komunikatzea gustatzen; bezeroak eta ni soinean daramagunarekin eroso sentitzea eta estetikoki gustagarria izatea bilatzen dut. Bizitza ja nahiko konplikatua da, moda ere konplikatzen hasteko. Azalekoagoa da nik burutzen dudan lana.
Nondik datorkizu modarekiko grina?
Txiki-txikitan zaletu nintzen. Ikaskide guztiek futbolean ibili nahi zutenean, erosketak egitea gustatzen zitzaidan: amarekin dendetara joatea, ama arropak probatzen ikustea, nik neuk ere arropak probatzea… Gaur arte. Pentsa zenbat denbora igaro den. Hala ere, inoiz ez nuen imajinatuko moda ogibide bilakatuko nuenik; denborarekin eta gustuko dudanari helduta ikasi dudan zerbait izan da.
Dagoeneko punta-puntako musikariak jantzi dituzu.
Eider izan zen jantzi nuen aurreneko artista. Nogen musika taldetik atera berri zen, eta bere dimentsio estetikoa bilatu nahi zuen. Biok lazkaotarrak izanda, idatzi egin nion, argazki saio bat egiteko proposamena luzatuta. Baiezkoa esan zidan, eta horrela joan ginen gutxika-gutxika mundu estetiko hori eraikitzen; berak eskatzen zidanarekin eta nik eman niezaiokeenarekin lortu genuen bere artista izaera hori sendotzea. Eiderretik, Marenera; Marenetik, Aimarrera; eta, azkenik, Sunerengana. Zabaltzen joan naiz, baina Eiderri zor diot dena.
Bide erreza izan al da?
Ez dut gezurrik esango. Iruditzen zait Euskal Herrian beste leku batzuetan baino errazagoa dela. Madrilen ikasten ari nintzenean, estilista mordo bat zeudenez, askok lana utzi behar izaten zuten. Nik zortea izan dut, nahiz eta egia den ekonomikoki zailtasun ugari daudela. Lan prekarioa da, eta aldi baterakoa. Artista askok albumak uda hasieran ateratzen dituztenez, lan eskari handia egoten da portadetako eta kontzertuetarako estetikak eraikitzen, baina hilabete gutxi batzuetako lana da. Gainera, gure diru sarrerak ordaindu behar ditugun gastuak baino baxuagoak izaten dira, eta balantzea negatiboa izaten da askotan. Hala ere, esperientzia atsegina eta polita izaten ari da, eta asko disfrutatzen ari naiz.
Zenbat lan dago bezero baten estetika eraikitzen?
Orduetako lana izaten da. Bezeroarekin biltzen gara aurrena, izan artista, enpresa edo norbanakoa; hitz egin, entzun, oharrak hartu eta ondoren hasten da bilaketa lana. Orduak eta orduak pasa ditzakegu inspirazio bila; look baten atzean hiru ordu egon daitezke, eta hiru looken atzean hamar bat. Oso informatuta egon behar izaten gara: marka ezberdinak, moda diseinatzaile berriak…
Ba al da janztea gustatuko litzaizukeen goierritarrik?
Gustura nago janzten ditudanekin, baina ahalko banu, gustura jantziko nuke Lazkaoko alkate Kepa Zubiarrain. Potentzial handia duela iruditzen zait eta ziur naiz elkarrekin erosketetara joango bagina, gauza berriak deskubrituko nizkiokeela.
Tik Token ere sortu duzu zure komunitate propioa.
Nahi gabe hasi nintzen. Madrilgo alkatearen ezkontzaren inguruko bideoa izan zen sare sozialetara igo nuen aurrenekoa, eta emaitza onak lortu zituela ikusita, modaren inguruko bideoak egitea erabaki nuen, euskaraz.
Euskaraz bizi naiz eta hori transmititu nahi nuen. Umorea ere erabiltzen dut tarteka, eta jarraitzaile askorik ez badut ere, polita izaten da jasotzen dudan erantzuna. Aurkariak ere izaten ditut, baina ez dago alderik jasotzen dudan maitasunarekin. Bideoak erdaraz egingo banitu, ez dut uste jende gehiagorengana iritsiko nintzatekeenik. Nitxoa da euskarazko publikoa eta asko baloratzen da euskaraz egiten diren bideoak. Erdaraz milaka eduki sortzaile daude, eta askoz zailagoa da ezberdintzea.
Irratian ere bazabiltza, kolaboratzaile lanetan.
Udan hasi nintzen kolaboratzaile gisa Euskadi Irratian, eta ondoren Gaztean. Dimentsio eta mundu guztiz berria zabaldu dit irratiak, eta ikaragarri gustatzen zait. Sekulako profesionalak dauzkagu Euskal Herrian, eta joaten naizen aldiro, zirrara berezia eta urduritasun puntua sentitzen ditut.
Goierriko azoketan ere ezaguna zara aspaldian.
Ordiziako eta Lazkaoko azoketan barazki eta landare saltzailea naiz. Gure aitonarekin hasi nintzen orain hiru urte; barazki ekoizlea zen, eta sei belaunaldik izan dugun tradizioa da. Mundu berria ezagutu nuen, eta ez soilik barazkiena eta landareena: aurreneko aldiz jarri nintzen jendearekin harremanetan eta aurretik zerbitzu sektorean sekula lan egin gabe nengoen. Asko betetzen nau. Pentsa, gure aitona hil eta haren langile batek hartu zuen negozioa, eta harekin segitzen dut. Ez nuke ezergatik aldatuko eta ahal dudan heinean etortzen jarraituko dut, zoriontsu egiten nauen lanbidea delako eta gure familiako tradizioarekin jarraitzeak indarra ematen didalako.
Barazkitan eta landaretan ere ba al da modarik?
Guztiz. Badira barazkiak adinarekin zuzenki lotzen direnak. Denborarekin ikusi dut gazteok ez dugula ez zerbarik eta ez borrajarik erosten, eta horiek kontsumitzen dituzten bezeroen %95 60 urtetik gorakoak direla. Barazki ezin hobeak dira, baina lan handia eskatzen dute; gazteok lan gutxiago eskatzen duten barazkiak jaten ditugu: porruak, lekak, piperrak…
Zein da barazki glamurosoena?
Lonbarda aza esango nuke. Kolore moreak eta inguruko hostoek duten forma bereziak dotorezia ematen diote barazkiari. Ikaragarri gustatzen zait.
Azoketako arropei ere ematen diezu garrantzia berezia.
Armairuan daukadan outfitik onena eramaten ahalegintzen naiz. Asko gustatzen zait azoketarako prestatzea, eta maiz, buruhauste handiak izaten ditut bezperetan. Orain neguan, esaterako, beroki luzeak eta amerikanak janztea gogoko dut.
Buruhausteak aipatu dituzu. Nahikoa buruhauste izango zenituen Lazkao Fashion Week ekimenaren prestaketan.
Bizitza zeharo aldatu didan proiektua izan da, eta taberna giroan broma moduan hasi zenak sekulako arrakasta izaten amaitu zuen. Lazkaoko taberna batean kafea hartzen nengoela gizon bat gerturatu eta hark proposatu zidan. Hasiera batean mutu geratu nintzen, baina egia da banekiela Tolosan ere urtero antzeko ekimen bat egiten dutela, eta sekula bertaratu ez banaiz ere, egingarria izan zitekeela pentsatu nuen. Lazkaotik, Lazkaora eta lazkaotarrentzat izango zen ekimena izango zela garbi ikusi nuen momentu hartan, herritarren laguntzarekin elkarlanean antolatuko genuena. Baina ez nuen espero inondik inora horrenbeste jende gerturatu zitekeenik, eta ezta halako arrakasta izango zuenik ere.
Moda handia dago Lazkaon eta hura herriari erakusteko modu bat izan zen. Tokiko establezimendu ugarik parte hartu zuten: arropa eta osagarri dendak, ile-apaindegiak, estetika zentroak, optikak… Eta ez hori bakarrik: beren produktuak zein zerbitzuak erakusteaz arduratu ziren diseinatzaile eta sortzaileak ere aritu ziren atzeko lanetan. Denera, ia 50 bat lagunek parte hartu genuen, tartean gurasoek. Ikaragarri lagundu ninduten.
Familia zutabe garrantzitsua da zuretzat?
Ezinbestekoak dira. Betidanik animatu naute maite dudana egitera, eta orain ere hala jarraitzen dute. Denerako prest daude eta beti laguntzen naute: oinetakoak forratzen, joan behar dudan lekuetara eraman eta ekartzen, eguneroko laguntza ematen… Ezin dut hitzez transmititu ematen didaten guztia. Oso eskertuta nago.
Ba al duzu esku artean aurrera begirako proiekturik?
Oraingoz oso gustura nago bizitzak parean jarri dizkidan aukera eta proiektu guztiekin. Lasaitasuna asko baloratzen dut, eta nahiz eta lan handia izan, kontzientziarekin eta daukadanarekin lasai egotea gustatzen zait. Horregatik, orain arte bezala jarraituz gero, gustura nengoke. Bide berriak deskubritzea gustatuko litzaidake, moda munduko beste alor batzuk ukituta, baina presiorik gabe. Etor dadila etorri behar badu, gogotsu hartuko dut. ■
Amona zena, inspirazio iturri
Iñigo Aranburu Garmendiak bere haurtzaroko argazki bat aukeratu du argazki kuttunaren atalerako. Bi urte inguru izango zituen orduan Aranburuk, eta haren amona Maria Dolores Iruin Garmendiaren gainean ageri da, herrian bertan dagoen aitona-amonen Ondarre baserriaren parean. Garai hura, amonarekin bizitako momentuak, eta gerora horiek utzitako bizipenak eta oroitzapenak ekarri nahi izan ditu gogora.
Ez ziren garai samurrak izan amonarentzako, baina oroitzapen onak ditu lazkaotar gazteak; gaixoaldi betean zegoen amona, eta berarekin batera ohean pasaturiko ordu luzeekin modu berezian akordatzen da Aranburu. Izan ere, bera txikia zela hil zen amona, duela hogei-bat urte, eta momentu horiek dira gehien gogoratzen dituenak. Azaldu du, gainera, «oso zoriontsu» izan zela garai hartan, eta ziur da orduan bizitako momentu gogorrek sendotu dutela haren pertsona.
Batzuetan, ez omen da behar denbora gehiegi pertsona berezienak aurkitzeko. Eta amonaren ondoan denbora gutxi bizi izan bazen ere, «oso garrantzitsua» da gaur-gaurkoz Aranbururentzat amona: «Nire bizitzako erreferentea izateaz gain, seguru aski sekula gehien maite izan dudan pertsona da; hari esker naiz ni gaur egun naizen pertsona». Gogoratu du, gainera, haren etxean ez ezik, Goierrin ere ezaguna zela amona, eta urte askoan zehar «oso maitatua» izan zela.
Moda munduan, gainera, inspirazioa bilatzea ezinbestekoa da, eta batzuetan orduak eta orduak egon badaitezke haren bila, Aranburuk garbi du bere inspirazio iturri nagusia amona zena dela, besteak beste, haren eguneroko bizitzan «lan mordoa» egiten zuelako: ile-apaindegian ile-apaintzaile lanetan, autoeskolan irakasle lanetan, Goierriko azoketan barazki saltzaile gisa, eta etxeko andre gisa aritu zen urte askoan zehar. Hark egindako lan guztiari eta amonarengandik jasotako maitasunari aitortza egin dio Aranburuk argazki kuttunarekin: «Inoiz norbaiten antza edukiko banu, amonarena edukitzea gustatuko litzaidake, zinez». ■
