Ateak ireki, arren
Igor Susaeta • Kazetaria
Lagun min batek zera esaten dit: igande goizetan Zumarragako La Salleko, Hermanoetako, frontoian palan jolasteko, Iñigo de Loiola kaleko atearen gainetik salto egiten zutela bere aitak, nire aitak, eta beste asaldatzaile batzuek. Balentria bat bezala kontatzen du —adierazi nahiko balu bezala «zer demontre ari ziren egiten…»—, konturatu gabe, agian, haiek hori egiten zutenean baino zaharragoak garela gu jada. Jauzi egiten zuten, noski, itxita egoten zelako.
Itxita darrai asteburuetan; Ikastolako kanpofubolerako sarrerak ere bai; eta aspaldian ez naizenez joan atera jaurtiketa batzuk egitera Gainzuriko zelai gorria zenera, ez haren ingurumarietara, ezin esan nerabeak eta gaztetxoak han jolastu daitezkeen.
Ez gara nor haiei esateko zer egin behar duten aisialdian, baina zerbaiten jabetzarengatik transferitzen diren eskubideen kontu soil eta burokratiko hutsetik harago, hiru espazio horiek zergatik dauden itxita jakin nahiko nuke. Ez dudanez guztiz irrigarri geratu nahi, ez naiz hasiko esaten «garai batean…»; ez dut, jendaurrean, behintzat, hanka sartze hori egingo.
Hori bai, zer esan ez dakigunean, gustatzen zaigu nerabeak-eta larrutzea: ez direlako etxetik ateratzen; egun guztia pantailaren aurrean pasatzen dutelako; «banku baten bueltan kalean elkarrekin daudenean ere, sakelakoari begira. Altxa burua!».
Ireki beharko genituzke itxita dauden leku horiek, nerabeei eta gazteei gurean historikoki eskaini izan zaien beste aukera, zurrutarena, modaz pasatuta baitago jada; bai, behintzat, azkeneko 40-50 urteotan funtzionatu duen molde deskontrolatuan. Tabernak ez, gimnasioak daude nerabez eta gaztez lepo.
Gainera, Europako herrialde batzuetan erabakitzen ari direna kontuan hartuta, ez harritu hemendik urte batzuetara soldaduskara deitzen badituzte… Ireki ditzagun, beraz, eta entrenatu daitezela euritan, elurretan, eguzki galdatan, La chaqueta metálica-ko sarjentuarena egin nahi duen psikopataren baten agindupean. ■
