Edertasun jasangaitza
Lide Egizala • Arte zalea
Mendeetan zehar, artea inspirazio, edertasun eta eraldaketaren iturri izan da, hunkitu, alaitu eta pentsaraztera bultzatu gaituen zerbait. Baina, posible ote da esperientzia artistiko bat jasanezina bihurtzea? Bada, hain zuzen, gertakari hori definitzen duen fenomeno bat existitzen da: Stendhalen sindromea. Artearen indar emozionalak gizakiaren adimenaren mugak zeharka ditzakeen adierazgarria da hori.
XIX. mendean Florentziara egindako bisita batean, Stendhal idazle frantsesak lehen aldiz deskribatu zuen sindrome hori. Artelan batek sortutako edertasun edo hunkidura handiegia jasatean, pertsona batek erreakzio fisiko eta psikiko bortitzak izan ditzake: zorabioak, bihotz taupadak azkartzea, antsietatea edota haluzinazioak. Batzuek fenomeno erromantiko baten mitotzat hartzen duten arren, mediku zein psikologoek dokumentatutako kasuak daude.
Hala ere, eztabaidaren funtsa ez da sindrome hau existitzen den ala ez, baizik eta artearen eta giza sentiberatasunaren arteko harremanari buruz zer adierazten duen. Gaur egun, irudi azkarrak etengabe kontsumitzen ditugun honetan, Stendhalen sindromeak gogorarazten digu arteak gu astintzeko ahalmena duela. Artea ez da neutroa, eta sublimea, tragikoa edota sakratua den horrekin aurrez aurre jartzeko indarra du. Gure emozioak lozorroan mantentzen ditugun bitartean, Stendhalen sindromea erresistentzia sentsorialaren adierazpen gisa uler daiteke, eta oraindik, sakonki hunkitzeko gai garenaren seinale da. Beharbada, patologia modura ikusi beharrean, osasun estetikoaren adierazgarri gisa hartu beharko genuke. Bizitzeko hain beharrezkoa dugun harritzeko gaitasuna oraindik bizirik dagoela erakusten duen zantzua baita. ■
