«Arama ni hazi nintzen herriaren oso antzekoa da»

Bihotzari jaramon eginda iritsi zen Livia Zelujec errumaniarra Goierrira, artean bere mutil laguna zena eta gaur egun senarra duenarengana etorrita. Semea eta hirurak Araman bizi dira egun. Errumania iparraldekoa da jaiotzez 41 urteko Livia Zelujec, Maramures lurraldekoa, «Hungariako mugatik gertu dago». 2008tik Goierrin bizi da. «Aurretik, hiruzpalau urtetan, oporretan etortzen nintzen. Gaur egun nire senarra dena hemen bizi zen». Gaur egun, Araman bizi da senarrarekin eta semearekin batera.
2008an Goierrira etortzea erabaki zenuenean, nolako egoera zegoen Errumanian?
Soldatak hemen baino askoz ere txikiagoak ziren. Ezberdintasun handia zegoen. Gaur egun ez dago hainbesteko desberdintasunik.
Etxea eta familia utzi eta Goierrira etortzeko erabakia hartzea erraza izan al zen?
Pertsonalki ez zen erraza izan. Orain atzera begira jarriz gero, pozik nago hartutako erabakiarekin. Baina kostatu egin zait. Erabakia hartzea kostatu zitzaidan, uko egin nion guztiari. Nire ikasketak nituen, dena egina nuela esan daiteke. Hemen, zerotik hasi behar nuen, zero-zerotik.
Zein ikasketa zenituen?
Materialetako Ingeniaritza. Ikasketak bukatu nituenean unibertsitatean bertan lanean geratzeko eskaini zidaten. Asko-asko kostatu zitzaidan hura uztea, nire ametsetako lanetako bat zelako unibertsitateko lana. Baina, azkenean, Goierrira etortzea erabaki nuen. Lehenengo urteetan buelta asko ematen nizkion erabakiari. Hemen ikasten jarri nintzen berriz. Gaztelaniarekin hasi nintzen lehenengo, hitz bakar bat ere ez nekielako. Gero pixkanaka hasi nintzen ikasten.
Hemen zer ikasi duzu?
Iraupen luzeko ikasketarik ez dut egin, baina ikastaro asko egin ditut, arlo desberdinetan. Administrazioko eta bulegoko ikasketak egin ditut batez ere, ideiarik ere ez nuen-eta horretaz. Senarrak autonomo bezala lan egiten zuen eta fakturak-eta egin beharra neuzkan. Ikasi beharra izan dut, baina konturatu naiz gustatzen zaidan alorra dela. Gero Eroskin hasi nintzen lanean eta han jarraitzen dut. Senarrak eta biok ILG teilatuak eta erreformetako kooperatiba txiki bat daukagu.
Gaur egun Araman bizi zarete. Zer moduz?
Oso ondo! Egia esan behar badut, oso ondo. Duela hiru urte etorri ginen Aramara, baina iruditzen zait bizitza osoan hemen bizi izan naizela. Senarra, semea eta hirurok oso gustura bizi gara. Semea Lazkaon jaio zen. Legorretan eta Ordizian ere bizi izan gara Aramara etorri aurretik.
Euskaraz ere moldatzen zara.
AEKn ikasi dut. Legorretan bizi ginenean hasi nintzen euskara ikasten. Konbentzitu egin ninduten, taldean pertsona bat falta zitzaiela eta. Han hasi nintzen euskararekin eta gero Ordizian jarraitu nuen. Orain lanagatik, ordutegiengatik ezin nuen jarraitu eta utzi genuen. Zaila da. Hasieran pentsatzen nuen ezinezkoa zela ikastea. Baina orain pixka bat badakit. Ulertzen dut nahikoa, baina kostatzen zait hitz egitea. Euskara ikastea erabaki nuen, hizkuntzarik ez baldin badakit, semea eskolako lanak egiten ari zenean, ezin nuelako konprobatu semeak badakien edo ez dakien.
Araman pilateseko taldean zabiltza. Han ere euskaraz egiten duzue.
Bai. Kalean, lanean, Eroskin euskaraz hitz egiten saiatzen naiz. Goierriko euskalkia zailagoa da.
Azkenean, Errumaniatik Goierrira etortzeko esperientzia ondo atera dela esan daiteke?
Momentu honetan, atzera begiratuta, baietz esango nuke. Baina hemen geratu edo Errumaniara joatearen arteko erabakia hartu behar izan nuenean, gogorra izan zen, oso gogorra.
Goierrin errumaniar asko bizi zarete. Zergatik etorri dira hainbeste errumaniar Goierrira?
Galdera ona. Egia esateko, inori ez diot galdetu. Nik ezagutzen ditudan gehienak Maramures aldekoak dira, iparraldekoak, eta inguru hura eta Goierri oso antzekoak dira. Nire kasuan, Arama ni hazi nintzen herriaren oso antzekoa da. 14 urtera arte bizi izan nintzen han, gero hiriburura joan nintzen ikastera, Baia Marera. Goierrira etorri artean han bizi izan nintzen.
Etorritako errumaniarrek hemen jarraitzen dute edo itzuli egin dira?
Batzuk itzuli dira Errumaniara. Baina beste batzuk, Errumaniara joan bai, baina berriz itzuli dira, batez ere seme-alabengatik. Seme-alabak hemen hazi dira, lagunak hemen dituzte, ikasketak ere bai, hemengo bizimodura ohituta daude eta oso zaila da han geratzea. Dena den, seme-alaben ikasketengatik ez balitz, asko itzuliko lirateke.
Eta jubilatu direnak?
Jubilatutako errumaniar asko Errumaniara joan da baina urtero itzultzen dira, medikuarengana, hemengo medikuekin ohitu direlako, hemengo medikuek beraien historiala daukatelako, eta aldi berean, hau faltan sumatzen dutelako. Errumanian ondo daudela diote, baina faltan sumatzen dute hemengo bizimodua.
Azkenik, seme-alabarik ez dutenak hemen geratu dira, hemengo bizimodua izugarri gustatzen zaielako.
Oporretan joaten zarete?
Ni, une honetan, ama bisitatzera bakarrik joaten naiz. Oporretan beste leku batzuetara joaten gara. Semea txikia zenean Errumaniara joaten ginenean bigarren egunerako galdezka hasten zen noiz gindoazen etxera. Berarentzat, amona bisitatu eta berriz etxera. Hemen bizitza-kalitate hobea dago. Desberdina da. Hemen, hobeto.
Errumaniarrak elkartzeko tokiak badituzue hemen?
Igandeetan Donostiara, Loiolako elizara joaten gara. Ortodoxoak gara gu. Mezaz gain, beste gauza asko egiten ditugu elkarrekin, ekitaldi desberdinak antolatzen ditugu: Errumaniako Eguna, Gabonak… Eskulanak ere asko egiten ditugu. Errumanieraz hitz egitea da baldintza. Ez dakienari edo gutxi dakienari, ikasten laguntzen diogu. Badaude seme-alabei errumanierarik erakutsi ez dioten familiak.
Integrazioa erraza izan da? Zein da gakoa?
Toki batera joatea erabakitzen duzunean, nora zoazen jakin behar duzu. Eta jakina, errespetatu. Ezin dituzu gauzak inposatu, ohitu egin beharko zara, dagoenera egokitu. ■
