Pagadiko espezieak: Pagoa
Hostoak, loreak eta fruitua (pagatxa). © Raul Domínguez Pazo
Pagoa (Fagus sylvatica l.)
Deskribapena
Pagoa hostoerorkorra da. Haren hostoak (5-10 cm) sinpleak eta obatuak dira, eta mutur puntaduna dute. Hostoen ertzak osoak dira, eta, askotan, uhinduak. Hosto gazteek ile argiak dituzte ertzean.
Landare monoikoa da. Lore arrak (1 cm-ko Ø) txorten luzeetan zintzilikatutako borlak dira, eta zuri-horixkak izaten dira. Lore emeek (2-3 cm), berriz, txorten motza izaten dute, eta harizpiak ikusten zaizkie.
Pagoaren fruitua (1-3 cm) pagatxa da, eta bi urtetik behin fruituak oparo izaten dira.
Azal grisa eta oso leuna du.
- Ekologia. Klima leun eta hezeetan bizi da, udako lehorterik eta garaiz kanpoko izozterik gabeko eremuetan. Edozein lurzorutan haz daiteke.
- Banaketa. Eurosiberiarra.
- Loraldia. Apirila-maiatza.
- Tamaina. 20-40 m.
- Altitudea. 50-1.600 m.
- Erlazionatutako habitatak. Pagadia.■
Iturria: Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika sailak ondutako Basoak.eus webgunea.
