«Hau da niri une honetan komeni zitzaidan ipuina»
Antxiñe Mendizabalek (Zumarraga, 1968) ‘Katona’ nobela argitaratu du. Bere bigarren nobela da. Lehenengoan ez bezala, fantasiari bide eman dio. Aste honetan bertan aurkeztu du liburua herrian. Urretxuko liburutegian, hain zuzen ere. Asko gozatu du liburua idazten eta gustura ageri da emaitzarekin.
Liburua aurkezteko garaia heldu da.
Topiko bat da, baina idazten zaudenean zaude gustuen.
Oraingoan, gainera, oso lan pertsonala argitaratu duzu. Liburuko protagonista ez zara zu, baina…
Nire antz handia du. Horrela utziko dugu. Nire buruari egin diodan ipuina da. Pertsonaiak nire antza du, baina ipuin bat. Zenbat duen niretik? Nire ustez, egiatik asko du. Egia zer da? Egia zure gorputzak, oroimenak… errekonozitzen duena da. Errealitatetik zenbat duen? Ez dakit.
Nola egin duzu?
Nire bizitza islatu dut eta, memoria oso selektiboa denez, gauza batzuk ekarri ditut eta beste batzuk ez. Hau da niri momentu honetan komeni zitzaidan ipuina. Zergatik? Beharbada nire bizitzako maitasun ariketa bat egin nahi nuelako, maitasuna jarri nahi nuelako nire bizitzaren erdigunean, Yolanda Arrietak esaten duen bezala zahartzaroaren haurtzaroan sentitzen naizelako… Niri buruz hitz egiten hasita, seguru asko bost edo hamar urte barru beste gauza bat asmatuko nuke. Hau orain komeni zitzaidan biografia da eta idaztea libre denez, horretan nire gain inork agintzen ez duenez… Egia esan, idazten duzun bakoitzean, zure bertsio bat gelditzen da. Orain bertsio hau gelditzea nahi dut. Beste une batean beste bat nahiko nuke. Mitobiografia hitza ikusi nuen eta grazia egin zidan: zure bizitza mito bat bihurtzea da, ipuin bat bihurtzea. Eta gizakiok gure buruari esaten diogun guztia sinisteko joera dugunez… Gainera, gure errealitatea sortzen dugula sinistuta nago. Nik ipuin honetan sinisten dut. Bertsio hau komeni zait. Nire bizitzaren beste bertsio batzuk edukiko nituzke, baina nahiago dut haiek ez aipatu.
Beharbada zure bizitzako beste une batean beste bertsio hori erakutsiko duzu.
Hori da. Hori literatur aditu batek irakatsi zidan. Jendeak autobiografiak une jakin batean egiten direla ahanzten du. Zahartzaroan bertsio bat utzi nahi da, gaztetan egiten baduzu beste zerbait egiten duzu… Ez nuen pentsatuta nire bertsio bat uztea, baina korronteak eraman nau.
Nola sortu zen?
Nobelaren hirugarren partea da idatzi nuen lehena. Nobela hau ariketa estilistiko batetik sortu zen. Beste idazketa mota bat probatu nahi nuen. Ez dakit zenbatgarren atalean nobela hau egiteko prozesuaz hitz egiten da. Literatura idazten dudanean zer egiten dudan, nola egiten dudan. Hori esplikatu nahian, idazten hasi nintzen. Nobela atzetik hasita dago. Idazkera horrek munduari beste era batera begiratzeko aukera ematen zidala konturatu nintzen. Bernardo Atxaga aipatu behar dut, lehengoan esaldi mundiala esan baitzuen. Bere azken nobelan deabru batzuk kontatzen dute istorioa eta Atxagak narratzaileak ez gizatiarrak direnean lengoaia askatu egiten dela esan zuen. Niri hori gertatu zait. Errealitatetik haratago joaten zarenean, idazkera libreagoa da. Nire nobelan, oniriko samarra denez, idazkera askatu egiten da. Kapitulu batean kazetaritza idazkeraren eta literarioaren arteko tentsioa aipatzen da. Protagonistari kazetaritza gustatzen zitzaion, baina estilo errealista eta zurrunak, arauek… ez zuten betetzen. Errealitatea kontatzeko beste idazkera bat topatu zuen. Nire buruaz ari naiz, noski.
Aurreko lanean baino gehiago gozatu al duzu?
Bai. Bestea, nekien idazteko modu horrekin zegoen erlazionatuta. Kazetaritzatik asko zuen nobela historiko bat zen. Ikerketa, adibidez. Nire bizefalia horretan, kazetaritza idazkera horri, naturalista, errealista, erantzuten dion nobela bat da. Hau, berriz, nahi gabe irten da. Hor zegoen, nonbait. Lehenengo idazkera heldu da eta ondoren argumentua. Idazketak askatu egin nau eta barruan nuen zerbait atera da. Bilaketa inkontziente bat egon da. Zergatik iritsi naiz horrela idaztera? Zer daukat nik horrela idazteko? Artefaktua saiokoak elkarrizketa egitera etorri dira eta ikastolara eraman ditut. Nire haurtzaroko tokiak bilatzen ari nintzen eta ikastolara eraman ditut. Frontoiak, eliza… ikusi ditudanean, nire ikaskideak, eszena guztiak, ikusi ditut. Nobela hau ere deja vu bat izan da.
Nobela hau idazteko beharra zenuen.
Beste erara idazten hasi nintzen eta ez zidan ezer esaten. Nondik idazten duzun eta idazkerak garrantzi handia dute, nire ustez. Bestelakoan, edozein istorio izan daiteke polita.
Horren libre, horren barrutik, idatzi ondoren, gustura geldituko zinen.
Odolekoak bukatu nuenean hustu egin nintzen eta oraingoan, berriz, bete egin naiz. Idazkera horrek harrapatu egin nau, aukera asko ematen baititu. Bete egin nau. Topiko bat da, baina idazten ari denean, idazlea nobelan bizi da. Bizitza erdigunean jartzen saiatu naizenez, sintonia horretan egon naiz. Desgraziak kontatu izan banitu, liburuak horretara eramango ninduen. Aseta bukatu du, ordea. Ondo. Pozik.
Zer erantzun jaso duzu?
Batzuk euskara jasoa erabili dudala esan didate. Nire ustez, liburu honek duen zailtasuna ipuinaren logikan sartu behar duzula da. Deabruak hitz egiten badu, aingeru guardakoak badabiltza… norbaitek, «hau zer da?» esan dezake. Irakurleak hori gainditzen badu, hitz ezezagunak aurkitzea tontakeria da. Hor dago hiztegia. Hitz batzuk nik ere ez nituen ezagutzen. Jendeak euskara jasoa erabili dudala dionean, zailtasuna beste toki batean dagoela uste dut: ez bazara literatur zalea, ez bazaude ere horretako nobelak irakurtzera ohituta…, noski, zailtasuna izango duzu. Baina nobelan sartu direnek, magia horretan sartu direnek, ez dute hiztegiarekin arazorik izan. Gainera, euskara ez da erosketako zerrenda egiteko bakarrik! Literatura egin behar badugu, era guztietako literatura egin behar dugu. Baina euskararekiko beti dago hori… «Euskara oso zaila da». Euskara ez da zaila. Norberak ditu zailtasunak. Nire editoreak esan zidan bezala, batzuk literaturaren esperientzia bizitzeko prest daude eta beste batzuk ez. Sartzen direnak, liluratu egiten dira. Azken urteetan ez dut horrelako idazkerarik topatu. Originaltasun puntu horrek poztu egiten nau. Nire ego txikiaren kontua izango da. Etxekoek ere irakurri dute eta hunkitu egin dira, bertan ikusi nautelako. Esperientzia literario horrek jendea betetzea espero dut. Eta bestela, beste liburu batzuk daude.
Consonni argitaletxearekin argitaratu duzu.
Zorioneko istripu bat izan da. Ezin izan dut Elkarren argitaratu eta Consonnikoak lehendik ezagutzen nituen, Odolekoak gaztelerara itzuli zutenetik. Ez nekien euskaraz argitaratzeko asmorik zutenik eta hiru idazlek beraiekin argitaratu dugu: Danele Sarriugartek, Ixiar Rozasek eta nik. Esperientzia polita izan da. Ezagutzen ditudan tokietatik irteteko aukera eman dit. Sekulako azala egin didate, gainera. ■

