«Niretzako terapia modukoa da driftean ibiltzea»
Automobilismoa indarra hartzen ari da Goierrin, eta rallyaz gain, badira driftean dabiltzanak ere. Horien artean dago Eider Manso. Lazkaotarrak dio emakumeen presentzia nahiko «ahula» dela kirol horretan.Duela urtebete eskas hasi bazen ere, erabat harrapatuta dauka driftak Eider Manso (Lazkao, 1998). Bikotekidearen zaletasuna bere bilakatu du, eta autoan sartzen den bakoitzean «oso ondo» sentitzen dela dio. Oraingoz, modalitate honetan «hobetzen» eta «ikasten» jarraitzea da bere helburua.
Zer da zehazki drifta?
Oso ohikoa da rallyarekin nahastea, baina oso desberdinak dira biak. Rallyaren ezaugarri nagusia abiadura da, hau da, ibilbide bat ahalik eta denbora azkarrenean egitea. Drift modalitatean, berriz, derrapatzea da helburu nagusia.
Nola hasi zinen praktikatzen?
Nire bikotea ezagutu nuenean mundu horretan zebilen, eta probatzeko gogoa sartu zitzaidan. Hasieran kopilotu ibiltzen nintzen, baina pixkanaka gidari bezala probatzea erabaki nuen.
Nola oroitzen duzu lehenengo aldi hura?
Sekulako adrenalina eta askatasuna sentitu nuela oroitzen dut. Futbola utzi eta gero ez nuen berdin betetzen ninduen kirolik aurkitzen, eta driftean hasi nintzenean konturatu nintzen benetan gustatzen zitzaidala.
Zer ematen dizu kirol horrek?
Psikologikoki ikaragarri laguntzen dit. Niretzako terapia modukoa da driftean ibiltzea. Autoan sartzen naizen bakoitzean oso ondo sentitzen naiz. Bestalde, kirol honek eman didan hoberena ezagutu dudan jendea izan da.
Zer da gehien eta gutxien gustatzen zaizuna?
Kiroltasun eta laguntasun handia dago kirol honetan, eta dauzkan baloreak azpimarragarriak iruditzen zaizkit. Elkarri laguntzen diogu uneoro, eta jendea oso esker onekoa da. Alde txar bat esatekotan, kirol oso garestia dela esango nuke.
Talde edo elkarteren batean zaude?
Bai, Lazkaoko Errateo Razing elkartean. Geroz eta gehiago gara taldean, eta familia polita sortu dugu. Egiten dugun guztia talde-lanean egiten dugu eta harreman izugarri ona daukagu, bai pista barruan eta baita kanpoan ere.
Emakumeen presentzia nolakoa da mundu honetan?
Drift modalitatean ez gaude emakume asko. Rallyetan, esaterako, neska asko daude, baina kopilotu bezala. Egia da geroz eta emakume gehiago sartzen ari garela automobilismoan, baina oraindik gutxi gara.
Erreferenterik baduzu?
Mundu honetan sartu nintzenean Ainhoa del Barco eta Ianire Ezeiza ezagutu nituen, eta erreferente izateaz gain, sekulako babesa izan dira niretzako. Bestalde, Yaiza Hermosilla eta Yanibel Diaz ere aipatu nahiko nituzke.
Zein dira zure helburuak?
Oraindik ikasteko asko daukat, baina nire asmoa lehiaketaren batean parte hartzea da. Oraingoz driftean ikusten dut neure burua, baina akaso, rallya ere probatuko dut egunen batean. ■

