Zenbakiak
Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Euskal Herria – Palestina futbol partidako ikusle kopurua, gutxieneko soldata propioaren aldeko herri ekimen legegilean lortutako sinadurak, aurreko astean botatako elur zentimetroak, Israelek Palestinako genizidioan erahildakoak, 24 orduan botatako euri litroak, lan istripuetako heriotzak, etxebizitzen alokairuen preziok, tenperatura minimo eta maximoak, etxegabetzeak, lurraldeetako bertso txapelketetako puntuak, asteburuko kirol ekitaldietako emaitzak, erregaien prezioa, herri lasterketetako denborak, manifestazioko parte hartzaileak, errepide istripuak, aitaren urteak, indarkeria matxistaren biktimak, aurrekontuak, Durangoko azokako nobedade eta standak…
Azken boladan, datuak bazter guztietatik iristen ari zaizkidan sentipena dut, pilaketa galanta, zenbakiak bata bestearen atzetik, sorgin gurpilean jira eta buelta. Ziurrenik, eguneroko eta urte osoko joera izango da, baina azken egunotan egin du kirrinka zerbaitek neure baitan.
Zenbat? Dena kontatzeko beharra hezurretaraino sartu digu, antza, gizarte kapitalistak. Kontagailua aldez aurretik ezarrita dago, beste norbait da zer, noiz, nola eta nondik zenbatu eta hedatu erabakitzen duena, jatorri eta larritasun oso ezberdineko gertaerak parekatzeraino. Zifra sekuentzia hotz eta datu hutsen kate horretan, ordea, horietako bakoitzean, uste dut, ertz ezberdinak daudela eta horiek hitzez ezagutu eta azaltzeak garrantzia duela. Hori dela garrantzitsua, benetan.
Pertsonengan zuzenean eragiten duten gertaerak daude lerroburuen azpiko geruzetan ezkutatuta, testuinguru batzuetan sortutakoak, arrazoi batzuengatik gertatzen direnak eta ondorio batzuk eragiten dituztenak. Morbotik eta txutxumutxuetatik urrunduta, nolakotasunak azpimarratu eta pertsonen kontakizunetan sakontzea gehiago axola zait, estatistiketatik ihes egin, zer eta zergatik gertatu den ezagutu. Kasuetako bakoitzak pertsona edo kolektibo bakoitzarengan sortutako sentimendu, poz, atsekabe eta gorabeherez ari naiz, bestelako analisi, irakurketa eta gogoetak egiteaz, beste patxada batez, irakurketan sakontzeaz. Bat eta bat ez da beti bi. Gertaeren kontakizuna jarri beharko genuke erdigunean, ahotsa eman, lekua egin eta entzun, ondoren, kasuan kasu, indarrak bildu, sentitu eta ekin diezaiogun.
Kontuak egin ala kontuan hartu, bada aldea. ■
