Bi urtez goierritarrei zerbitzua ematen
Goierriko Energia Bulegoak bi urte daramatza erabiltzaileek energiaren arloan dituzten zalantzak argitzen laguntzen. Doako eta gertuko zerbitzua, eta arreta pertsonalizatua eskaintzen die goierritarrei.
Udazkena iristearekin batera, etxeetako energia-kontsumoa handitu egiten da, eta fakturen garestitzea eragin ohi du. Bi urte dira Goierriko Energia Bulegoa martxan jarri zela, eta negua ate joka dela gogoraraztearekin bat, goierritarrei zerbitzua erabiltzeko deia egin nahi die. «Une egokia da hau fakturak berrikusteko. Bulegoa eskualdeko herritarren zerbitzura dago, energiaren inguruko zalantzak argitzen laguntzeko doako eta gertuko zerbitzua eskainiz», nabarmendu du Sara Irastorza (Zegama, 1998) arduradunak .
Energiaren merkatua «gero eta konplexuagoa» da, eta herritar askok «nondik hasi» ez dutela jakiten adierazi du: «Eskaintza ugari eta nahasiak daude, faktura aldakorrak, tarifa berriak, potentziaren inguruko zalantzak… Energia bulegoan eguneroko zalantza horiei erantzuna ematen aritzen gara». Beasainen, Lazkaon eta Ordizian ematen du zerbitzua bulegoak astean behin, eta astelehenetik ostegunera Goiekin –ikus ordutegien taula–. Hitzordua aurrez eskatzea gomendatzen du bulegoak. Kontsultak telefonoz eta posta elektroniko bidez egiteko aukera ere badago. Herri ertain eta txikietan ere zerbitzua ematen du, aurrez hala hitzartuz gero. Eskaera norbanakoek zein udalek egin dezakete.
Herritarrentzat onurak
Energia bulegoaren atea jotzen duen orok arreta pertsonalizatua jasotzen du, Irastorzak zehaztu duenez: «Aholkuak jaso ez ezik, jasotako azalpenekin energia gaietan trebatzen dira, eta horrela adierazten dute erabiltzaileek».
Lau dira, batez ere, herritarrek izaten dituzten onurak. Energia kostua murriztea da lehena, kontratua eta potentzia egokituz «urteko aurrezpen nabarmena» lortu baitute etxebizitza askok. Kontsumo-ohituren kontzientzia hartzea litzateke bigarrena: «Jendeak noiz eta nola kontsumitzen duen jakin du, eta ohitura aldaketa txikiek ere aurrezpen handia ekar dezaketela ikusi dute».
Trebatzea da hirugarrena, fakturak ulertzeko gaitasuna lortzea. Irastorzak dioenez, non begiratu eta zer den garrantzitsua ikasita, «herritarrek iruzur komertzialak eta eskaintza desegokiak saihestu ditzakete». Laugarrena «segurtasuna eta lasaitasuna» berreskuratzea litzateke. «Energia gaietan izaten den nahasmena argitu, eta fakturen eta kontsumoaren gaineko kontrola berreskuratzen laguntzen die».
Zaurgarritasunari aurre eginez
Bulegoaren «beste zeregin nagusietako bat» egoera zaurgarrian dauden herritarrei laguntzea dela gogoratu du arduradunak. Halakoetan bonu soziala edota dauden aukera ezberdinak aztertzen dituzte, fakturei aurre egiteko «modu egokienak» bilatuz. «Ezagutza eta laguntza hau denon eskura jartzea da bulegoaren helburua, berdintasun energetikoa eta soziala sustatzeko». Goierritarrei energia bulegora gerturatzeko deia egin die Irastorzak. ■
Bulegoen ordutegiak
843 739 988 / energia.goieki@goierri.eus
- Lazkao. Astelehena. Udaletxea (10:00-14:00)
- Beasain. Asteazkena. Martina Maiz, 3 (10:00-14:00)
- Ordizia. Ostirala. Udaletxeko arreta bulegoa (09:00-13:00)
- Goieki. Astelehenetik ostegunera. Arranomendia, 5. NBF Eraikina (15:00-17:30)
- Herri ertain eta txikiak. Zerbitzua aurrez aurre emateko aukera dago.
Neguan gasaren faktura ulertzeko eta aurrezteko lau gako
Hotza iristearekin batera, gas kontsumoa handitu egiten da, eta garrantzitsua da zehazki zer ordaintzen den jakitea. Faktura ondo ulertzeak gastua hobeto kontrolatzen laguntzen du eta negu honetan ezustekoak saihestu.
- Zure kontsumoa. Fakturan kWh-etan agertzen da kontsumoa; hau da, fakturazio-aldian (normalean hilabete edo bi) erabili duzun energia. Kontagailuaren bi irakurketa ikusiko dituzu: aurrekoa eta oraingoa. Bien arteko aldeak kontsumitutako metro kubikoak adierazten ditu, eta horiek automatikoki bihurtzen dira kWh-etara bihurketa-faktore baten bidez. ‘Estimado/aurreikusita’ agertzen bada, benetako irakurketa egin ez dela esan nahi du, eta zure benetako kontsumoarekiko aldeak egon daitezke.
- Tarte finkoa. Kontsumitu gabe ere beti ordaintzen den zatia da. Fakturatutako egunak zure tarifari dagokion eguneko prezioarekin biderkatuz kalkulatzen da.
- Tarte aldakorra. Kontsumoaren arabera aldatzen da. Erabilitako kWh-ak tarifako kWh-aren prezioarekin biderkatuz kalkulatzen da. Hemen duzu aurrezteko aukerarik handiena: berogailua doituz, isolamendua hobetuz edo ohiturak aldatuz, zure faktura nabarmen jaits daiteke.
- TUR tarifa duzu? TUR tarifa (Azken Aukerako Tarifa, tarifa erregulatua) gaur egun ekonomikoena da gas naturala duten etxe gehienentzat. Fakturako komertzializatzailearen izena begiratuta jakin dezakezu TUR tarifa hau duzun ala ez.

