Ormaiztegiko ziklo-krosa, mugak gaindituz
Nazioarteko maila izan du aurten atzera Ormaiztegiko Ziklo-Kros Probak, azaroaren 9an 53. aldiz jokatu zenak. UCIren C2 kategoriako lasterketa izan da, eta Clement Horny belgikarrak eta Anais Morichon frantziarra izan dira garaile elite mailan. 39 urte ziren Ormaiztegin nazioarteko ziklo-krosik egiten ez zela. Orain hurrena, azkenekoa 1986an izan zen. Munduko lau txapeldun elkartu ziren Ormaiztegin: Paul de Brauwer izan zen irabazlea. Klaus-Peter Thaler, Albert Zweifel eta Pascal Richard menperatuta. Antolatzea bera, eta zer esanik ez Europa mailan, zenbat kostatzen den adierazten du; ondare immaterial izena merezi izateraino.
Iñaki Maiora ormaiztegiarrak 1986ko urte hartan bukatu zuen ibilbide profesionala, eta agur esan zuen. Maiorak 6 aldiz irabazi zuen Ormaiztegiko ziklo-kros proba. Jose Ramon Izagirrek, eta haren seme Gorka Izagirrek eta Jon Izagirrek ere errepikatuko zuten balentria, geroago.
Ohituta zeuzkan Ormaiztegik goierritarrak urtean behin munduko ziklo-kroslari onenak bertan ikustera. 1962an antolatu zuten Baso Txulo elkartekoek lehenbizikoa, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente Mariano Galartzak bultzatuta eta animatuta. Nazioarteko mailarik ez bazuen ere, estatuko onenak ekarri zituzten: Jose Luis Talamillok irabazi zuen aurreneko proba, eta Amelio Mendijur urretxuarrak hurrengo biak.
1970eko bukaerako eta 1980 hasierako hamarkadak izan ziren urrezko aroa. Ziklo-krosa 1976tik 1978ra antolatu gabe geratu ondoren, indar berrituta itzuli zen 1979an, antolakuntza Ormaiztegi Kirol Elkarte sortu berriak bere gain hartuta. Nola itzuli, gainera: nazioarteko kategoriarekin, eta Erik de Vlaeminck belgikar mitikoa ekarrita. Munduko Txapelketa zazpi aldiz irabazia zen, 1966ko Beasaingotik 1973ra. Roger anaia ere txapeldun handia zuen, batez ere errepidean gehiago. Baina bi goierritarrek erakutsi zioten bizkarra jada gainbeheran zegoen txapeldunari. Joxe Mari Iurrebaso urretxuarrak irabazi zuen, eta Maiora bigarren geratu zen, Erik de Vlaemincken aurretik.
1980an, elurretan
Hurrengo urtean ere, 1980an, goitik jarraitu zuen Ormaiztegiko Ziklo-Krosak. Klaus-Peter Thaler alemaniar munduko txapelduna ekarri zuten izar handitzat. Azaroaren 30ean, San Andres festa-egunez jokatu zen proba. Elurra mardul egin zuen bezperatik, eta zirkuitua zuri-zuri zela lehiatu ziren txirrindulariak, malutapean. Eguraldia gordina izan arren, jendetza bildu zen ziklo-krosa ikustera, korredore alemaniarren harridurarako.
Eta, beste behin, euskal ziklista batek menperatu zituen erraldoi handienak, Iñaki Bijandi bizkaitarrak irabazi baitzuen. Profesionaletan karreran 23 ziklista irten ziren. Iñaki Maiorak hasieratik lehertu zuen erritmoa. Thalerrek, Iurrebasok eta Bijandik bakarrik eutsi zioten. Fede Etxabek Teka taldearekin lehen karrera zuen hura. Marino Lejarreta berriztarra ere berritasuna izan zen; ez zen espezialista, baina itzulirik galdu gabe bukatu zuen lasterketa, 13. postuan.
Honela bukatu zen: Bijandi irabazle, Thaler bigarren (1:18ra), Maiora, Iurrebaso, Uebing, Gorostidi, Duran, Insausti, Soraluze eta 10. Xabier Izuzkitza gabiriarra. ■

