‘Txapeldunorde’
Maitane Legarreta • Irakurzalea
Realaren lehen taldean jokatzeko ametsa izango zuten 80ko hamarkadan jaiotako ume askok. Elgoibarko San Migel auzoko pilotalekuan grina betez futbolean aritzen zen mutiko hark lortu zuen Realarekin Lehen Mailan debutatzea. Ametsa bete zuen, baina amesgaizto bihurtu zitzaion.
Zuhaitz Gurrutxagak Ander Izagirrerekin batera idatzitako Txapeldunorde liburua euskaratu du Joxe Mari Berasategik. Gurrutxagak bere bizitzako hainbat pasarte kontatu ditu bertan: jaio bezain laster, hilabetez amarengandik aparte eduki zuen bihotzeko arazoa, gerora futbol jokalari profesional izateko aukera zapuztear izan zena; auzoko umezaro eta bizimodu zoriontsua; nerabezaroko futbol partidak eta parrandak…
19 urtetik aurrera, Realean jokalari zela sentitutako presioak eta huts egiteko beldurrak eragindako gorabeherak dira nagusi liburuan. Elgoibartarrak antsietatea eta depresioa izan zuen, eta azkenik, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa agertu zitzaion: kutsatzeko beldurragatik inor ukitzeari izua, garbitasunarekiko obsesioa, dena itxita eta itzalita utzi zuela behin eta berriz ziurtatzea, zelaiko marra eskuineko oinarekin gurutzatu beharra… Bizitza baldintzatzen zion buruko gaitzak, alderdi profesionalean ez ezik, baita pertsonalean ere.
Egoera zailak bizi izan arren, umore handiz deskribatu ditu gertaerak, eta irakurleari irribarrea eta tarteka barre-algara sorrarazten diote. Nahasmendu obsesio-konpultsiboak dakartzan ondorioak ulertzeko aukera ematen du liburuak. Lehen mailako futbol jokalari izateak erraza eta ederra soilik dirudi kanpotik, baina Gurrutxagaren barruko begiradak gure aurreiritziak zartatzeko balio dezake. Horretaz gainera, gizarteak arrakasta eta porrota ulertzeko duen modua birplanteatzeko aukera ere ematen du. ■
