Txokolatea, gailetak eta lagunak
Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Gure gurasoen etxea ez da inoiz izan jende asko biltzekoa. Lagun-talde gehienetan egoten dira etxe batzuk ezagunagoak besteak baino; etxe batzuetan, beste batzuetan baino ohitura handiagoa egoten da lagunak eramateko. Lagun-taldeko etxe ezezagunen artean sartuko nuke gurea. Dena den, akorduan daukat garai bat, pare bat lagun maite etxean izaten zirenekoa; etxeko sukaldean biltzen ginen eta barre-algaraka pasatzen genuen denbora. Negu bat izan zen, bi negu asko jota. Eskolako lanak elkarrekin egin nahi izaten genituen; beti egin dute lagun maiteenek eskola dibertigarriago. Eta berdin eskola ingurua. Formula bat asmatu genuen, asmatu zuten gure familiek, eta asteartero-asteartero etxe diferente batean zabaltzen genituen motxilak. Txandan-txandan pasatzen genituen hiruron etxeak. Gure amak txokolatea martxan izaten zuen eltzean, eskolatik bueltan gentozenerako. Sukaldeko mahaia hartzen genuen, txamarrak eta motxilak hor nonbait askatu, aulkien eta zoruaren artean, eta mahaiko izkina batean pilatzen genituen Matematikako liburuak eta Inguruneko txostenak, amak txokolate bete katilukada banatzen zigun bitartean. Planazo bat izaten zen: txokolatea, gailetak eta lagunak.
Noizbait, atera ginen elkarren etxeko sukaldeetatik eta igaro ginen barre-algaraka beste toki batzuetan denbora pasatzera. Noizbait, utzi genion klasekideak izateari, eskolako lan berberak edukitzeari. Baita asteartero-asteartero dibertitzeko tartea hartzeari ere. Baina gaur, ordukoez bestelako lagun maiteen ondoan eseri naizenean gurasoen etxea ez den geure etxeko sukaldeko mahaian, banatu duenean pisukideak txokolate beroa katiluetara eta egin dugunean barre gustura, iruditu zait gauza pila bat aldatu direla, baina ez den-denak; eta planazo bat izaten jarraitzen duela txokolatea, gailetak eta lagunak mahai bueltan biltzearenak. ■
