«Asko eman diot nik CAFi, baina CAFek niri ere bai»
Familia, CAFeko buruzagitza, EAJko buruzagitzari emandako urteak, afizioak eta gizarte arloan egindako lanak direla eta, bizitza bete-betea izan du Fermin Arresek (Ataun San Gregorio, 1937). Beasainen bizi da orain, garai bateko bizitza lanpetutik atseden hartuta.
Gerra garaian jaio zinen.
Bai, Ataun San Gregorion. Baina hura ez dut gogoratzen. Europako Gerra bai, gure aitonarekin joaten ginen, 6-7 urte nituela bonbaketak entzutera, menditxo batera igota. Hemengo gerra ez nuen ezagutu, baina ondorengo urteetako oroitzapen batzuk baditut, kamioiak pasatzen zirela nafarrekin.
Zer giro zegoen gerra ondoren?
Elizak agintzen zuen. Erretorea frankista zen, eta herriko jauntxo aberatsen mende bizi ginen. Bestela, giro lasaia zen, ez dut gogoratzen aparteko episodiorik. Kalean ibiltzen ginen jolasean, txingotan, neskekin batera. Baina gu gehien bat futbolean ibiltzen ginen. Gure artean giro ona genuen.
Aitona maisua zenuen.
Bai, Ataunen, gurekin. Eliza ondoan zegoen eskola. Aitonarekin guk euskaraz egiten genuen, baina eskolan erdaraz. Mutilak bakarrik geunden, gu beheko pisuan, eta neskak goiko pisuan Beasaingo maistra batekin. Aitona Tomas Arrese zen, ataundarra. Nik uste dut Castilla aldean ikasi zuela; kanpoan ibili zen behintzat.
Ondo tratatzen al zintuen aitonak?
Ez, ez. Nik uste dut inpartzialtasuna agertzeko, edo besteen aldean ez desberdintzeko gogorrago egiten zidala. Bihurri samarra nintzela ere esaten zuen. Nirekin beti gogor ibiltzen zen.
Ataunen noiz arte ibili zinen eskolan?
14 urtera arte, eta ondoren CAFeko lanbide eskolan hasi nintzen, Porteria ondoan. Egun erdia pasatzen genuen ikasten eta beste erdia lanean, aprendiz. Bizikletan joaten ginen, 12 kilometro egunero. Aita eta hiru anaia etortzen ginen batera, denak CAFera. Bailaran zegoen lantegi indartsuena zen, Fabrika Handia esaten genion.
Nolatan sartu zinen CAFeko eskolan?
Aita [Santiago] Ordiziako parrokian organista zen, eta han egin zituen lagunen bidez sartu ginen. Irakasleak lantegiko ingeniariak ziren, eta irakasle oso onak. Elektrizitate arloko Jose Gastesi izan zen nik izan nuen irakaslerik hoberena, baina nire anaia Juan Marik ere asko irakatsi zidan elektrizitate mailan. Lehenengo Ofizialtza egin genuen, eta urte batzuetara Maisutza.
Zenbat urte egin zenituen CAFen?
14 urterekin hasi nintzen, eta 65 bete eta gero, jubilatu. Urte asko izan dira, eta auskalo zenbat tren egin ditugun!
Zein lan egiten zenuen?
Aprendiz hasi nintzen, eta lau urte egin nituen Ofizialtza bukatu arte. Gero, Maisutza ziurtagiria eman zidaten garaian Japoniara bidali ninduten, eta hilabete egin nuen han. Bonba atomikoa lehertu zuten lekura eraman gintuzten, Hiroshimara eta Nagasakira, oraindik bonbaren arrastoak garbitzen ari zirela.
Zertara joan zinen Japoniara?
Lokomotore bat muntatzen ikastera. Diseinua egiten ikasi, eta gero hemen egin genuen, handik etorritako ingeniarien laguntzarekin. Tren elektrikoentzako lokomotorrak ziren, garai hartarako oso modernoak, RENFErentzako. Gehien iraun dutenak izan dira; oraindik ere martxan daude batzuk.
Japoniakoa berezia izango zen.
Oso esperientzia berezia izan zen, hura oso desberdina zen, jendea, janaria… Eta bitxikeria bat badut itzulerako bidaiakoa. Hegazkinean megafoniatik Mister Arreserengatik galdezka ari zirela konturatu nintzen, eta esan zidaten bigarren aldiz “mother” (ama) izan nintzela. 1966. urtea zen, nire bigarren alaba jaio zenekoa. Bidaiari guztientzako xanpaina atera zuten, topa egiteko!
Gehiagotan izan al zinen Japonian?
Ez, baina Hong Kongen bai. Trenak egin genituen ingelesentzat, hiritik aireportu berrira joateko, eta gu kuadrilla bat joan ginen, trenak han bukatzeko eta entregatzeko, hala jasota zegoelako kontratuan. 1998 ingurua zen.
Nazioarte mailan hasita zineten?
Bai. Ordurako ezagunak ginen, eta lan asko egiten genuen kanpoan. Niri toki askotan ibiltzea tokatu zait.
Non ibilia zara?
Frantzian asko, Italian, Belgikan, Suitzan… Trengintzan lan egiten zuten enpresekin kontratuak egiten ziren, nolabait ere, lanak konpartitzeko: kanpoan bukatzeko hemen egindakoak, eta kanpokoak hemen bukatzeko. Estatu Batuetan eta Hego Amerikan ere ibilia naiz. Estatu Batuetara hemengo teknologia eramaten genuen. Kontratua zen trenak han egitea eta hango jendea enplegatzea. Esperientzia oso kuriosoa izan genuen, izugarrizko arazoa zegoelako lan harremanetan, beltzen eta zurien artean, arrazakeria handia zegoelako. Gatazkak izaten zituzten, eta kaleratzeak eta horrelako erabaki gogorrak hartu behar izaten genituen.
Asko ibiltzen zinen kanpoan.
Nik Maisutza bakarrik nuen eginda, baina CAFen beti izan ditut ardurak. CAFeko IV. Dibisioko arduraduna ere izan nintzen, trengintzakoa. Horregatik joaten nintzen hainbeste kanpora.
CAFen aldaketa handia ezagutu duzu?
Eskolan eta lanean genbiltzanean, trengintzan oso motel genbiltzan, besteen patenteek uzten zizkigutenak egiten genituen bakarrik. Baina CAF berritzen hasi ginen, eta horretan ari ginela egundoko krisialdia sortu zen, konpetentziak erosi nahi izan gintuelako. 1970eko hamarkadan izan zen hura. Haren berri izan genuenean, eta Jose Mari Baztarrika eta Andres Arizkorreta gidari genituela, enpresaren akzioak bilatu, isilpean erosi eta geurea mantentzeko borrokatu egin genuen. Orduko administrazio kontseilu osoa bertan behera utzi genuen, eta horrela hasi zen CAFen aro berria.
Zeintzuk izan ziren ondorioak?
CAF berritzea lortu genuen, eta hasi ginen maila handiagoko trenak egiten, merkatu gehiagotara iristen, borrokatzen, behintzat. Munduan zehar ezagun bihurtzen hasi ginen, trengile konpetenteak izaten. Bikoiztu egin zen gure ahalmena, baita langile kopurua handitu ere. Gaur, munduan zehar dauzka lantegiak, eta autobusak egiten ere hasia da. Baina Beasain da zentroa, hemen dago erabakigunea.
Azken aldian Israel aipatu da asko.
Nik ez nekien Israelentzako egiten zenik ere, ia 23 urte dira jubilatu nintzela. Baina auzi hau agertu zenerako, Israelentzako trenak ia eginda zeuden. Zer egin behar da trenekin? Arazo larria da hori. Kanpoan arazo gehiago ere izan dira, kontratuen kontzesioekin, Belgikan eta Irlandan… baina konpontzen joan dira. Hala eta guztiz ere, esan daiteke munduko handiena ez, baina lantegi lehiakorrenetako bat dela CAF.
Asko maite duzu CAF.
Urte eta gauza asko eman dizkiot, baina CAFek niri ere bai. Oso errekonozitua izan naizela sentitzen dut, eta asko eskertzen dut hori.
Nolakoa izan zen zure jubilazioa?
Ikaragarria! CAFeko langileak elkartu ginen Castillo jatetxean, 2003ko urtarrilaren 31n, elurte galantarekin. Plaka bat, makila, argazkiak ateratzeko makina… sekulako opariak egin zizkidaten. Pozik jubilatu nintzen. Ordurako asko entregatua nion CAFi, eta lana ilusioarekin egiten nuen oraindik, baina lana uzteko ilusioa ere banuen, eta iritsi zen garaian pozik geratu nintzen.
Beste lan bat ere egin zenuen, Oñatin.
Zahor fabrika berria egiten ari zen Ignazio Egaña, eta ni arduradun nintzela, hemengo talde bat kontratatu zuten, Italian erosi zuten makinaria berria martxan jartzeko. CAFeko lana bukatutakoan joaten ginen, eta goizeko ordu txikiak arte ez ginen etortzen etxera. Garai hartan atera nuen gidatzeko baimena, Arantzazuko errepidean. Oñatiarrek Seat 600 bat utzi ziguten hemendik harako joan-etorriak egiteko, eta gero oparitu egin zidaten hura. Lanak amaitzean beste auto bat oparitu zidaten, Volkswagen bat. Lagun handiak ere egin nituen han, eta urte batzuetara, 2005ean, ni eta lan haietan ere ibili zen Juan Mari nire anaia Txokolatearen Kofradiako ohorezko kide izendatu gintuzten.
Lanetik aparte, saltsa askotan ibili zara nahastuta.
Bai. Ehiza, arrantza, etxegintza, ikastola… Ataun San Gregorioko etxebizitza kooperatibaren sorreran ere ibili nintzen. Han lan asko egin nuen, eta bukatu genuenean, ‘Gernika’ koadroaren erreplika bat oparitu zidaten. Oraindik gordeta daukat.
Ikastolaren sorreran ere ibili al zinen?
Bai, Ataun San Gregorion sortu genuen, elizak lagunduta. Don Eugeniori eta Don Joseri esker, lokala ere utzi ziguten eskolak emateko. Lehen promozioa 1965eko bost umek osatu zuten, nire alaba tartean. Arantxa Aierdi ataundarra izan zen lehen irakaslea. Han gure umeak 6 urtera arte egon ziren, eta gero OHO egitera Ataungo ikastola nagusira jaitsi ziren, eta gero mailaz igo ziren heinean, Beasainera joan ziren, Alkartasuna Lizeora.
Lizeoaren sorreran ere izan zinen.
Bai, guk, bailarako ikastolek sortu genuen lizeo bat Beasainen, ikasleak mailaz igotzean sortu zen premiari erantzuteko. Eta ni arduradunetako bat izan nintzen, tarte batean. Barruraino sartuta egon nintzen ikastolen munduan, eta Gipuzkoako Ikastolen Federazioko zuzendaritzan ere parte hartu nuen, hemengo ordezkari gisa. Nire lana batik bat dirua eskatzea izan zen, gestioak, bilerak… Bilera batzuk oso gogorrak izan genituen, enfrentamenduak ere bai orduko hezkuntza arduradunekin, baita geure artean ere.
Garai hartarako politika astintzen hasita egongo zen.
Baina ni politikan lehenagotik nenbilen, aitaren eraginez sartuta. Erakunde batean sartu ninduen, eta mandatuak egiten nituen, hona eta hara ikurrina eramatera, propaganda eramatera…
Eta EAJn, noiz sartu zinen?
Ezkutuan ibili nintzen lehenengo, eta gero partiduan ofizialki sartu nintzen. Ataunen funtzionatzen zuen EAJk, eta oso goiz sartu nintzen. Han egin nuen nire bizitza, politikan. Gaztetatik konprometitu nintzen alderdiarekin, eta urte asko egin nituen. Zinegotzi izan nintzen Ataunen, 1991tik 1995era, eta batzordeetan parte hartu nuen beste legealdi batzuetan. Kultura eraman nuen batez ere, baina hirigintzan eta beste gai sozialetan ere ibili nintzen. EAJko bailarako arduradun ere izan nintzen, eta Gipuzkoako Erki Batzarrean ere parte hartu nuen
Franco hil zenean…
Ospatu egin genuen, era guztietara. Ondoren, askoz ere askatasun gehiago zegoen, edo geuk hartzen genuen, eta banan-banan apartatzen joan ginen Francozale guztiak. Udaletxeak demokratizatu ziren, eta indar handiarekin gainera agertzen hasi ginen. Francozaleek ez gintuzten errespetatzen aurretik, mendean edukitzen gintuzten. Baina Franco hil ondoren jendilaje hura markatu eta aparte utzi genuen, eta baztertuak izan ziren. Hura oso borroka interesgarria izan zen. Beldurra eragiten zuten lehen, baina gu, abertzaleak, ausartago bihurtu ginen.
Orduan Herri Batasuna ere sortu zen…
Aurkariak ziren, ez genuen harreman onik izan. Ikastolen inguruan eta izan genituen harremanak, baina beti izugarrizko kezken menpe. Gure arteko harremana mesfidantzazkoa zen.
Orain gauzak aldatuta daude. Onera?
Bai. Orain harreman gehiago dago, elkarrekin konfiantza gehiago dago.
Oraindik aktibo jarraitzen al duzu?
Ez, utzita nago. Lehen Ataungo bileretara joaten nintzen, baina hura ere utzi nuen. ■
«Pertsona mugitua»
Enkarna Arratibelekin ezkondu zen Fermin Arrese. Duela gutxi joan zitzaion emaztea, eta hura gogoratzeko, urrezko ezteiak ospatu zituzteneko argazkia aukeratu du. «Enkarna San Gregorioko Ergoene auzokoa zen, eta txikitatik ezagutzen genuen elkar. Ezkondu ginen Beasainen, nire arreba eta ni, biok batera, Asuncion parrokian. Emaztearen etxean jarri ginen bizitzen, eta 5-6 urte egin genituen han. Hiru alaba izan genituen, eta umeek ikastola beharra izan zuten garaian jaitsi ginen San Gregoriora, eta eskola arazoak handitu zirenean, etorri ginen Lazkaora, CAFeko etxeetara. Han 23 urte egin genituen. Eta jubilatu nintzenean, Beasainera, oraingo etxera».
Afizio ugarikoa izan da Arrese, eta ehiza, arrantza, eta mendian ibiltzea izan ditu gustuko: «Ataunen asko, baita Burgosen eta Sorian ere, batez ere basurdetan, horretarako osatu genuen kuadrillarekin, eta perretxikotan». Arrantza Agauntza errekan egiten zuen; amuarrainak ateratzen zituen, asko gainera. «Baina orain ez dago lehen bezalako afiziorik».
Musika ere gustatzen zaio, eta Loinatz koruan abeslari izandakoa da. «Aita organista zenez, musika pixka bat ere ikasi genuen, pianoa zer edo zer, baina gutxi. Baina kantuan bai, egiten nuen».
Ondo irabazia du Arresek «pertsona mugituaren» titulua, baina duela sei-bat urte utzi zituen alderdikide lanak eta besteak. «Orain etxe inguruan nabil, hiru alabekin eta bilobekin».


