Eta gero zer?
Txikitatik izan naiz burugogorra, galdera batekin bueltaka jardunez gero erantzuna lortu arte etsitzen ez duten horietakoa. Bazen amari etengabe egiten nion galdera bat: ama, pertsona hil egiten da, ados. Baina hil eta gero, zer? Amaren erantzuna: guri dotrinan beti esaten ziguten «entenderemos en el cielo el santo misterio…». Uste dut ez zegoela gehiago sutzen ninduen erantzunik. Nik heriotzaren ostean zer zegoen jakin nahi nuen. Gorputza usteldu egiten da, desagertu, baina barrukoarekin zer? Ez zitzaidan buruan sartzen pertsona osotasunean desager zitekeenik. Gorputza hiltzea bai, baina arima (edo energia, edo nahi duzuen bezala deitu), begiak ixtean sentitzen den hori hiltzea? Niretzat zentzugabea zen.
1.DBHn etikako irakasgaia hautatu nuen arte erlijioko klaseak jasotzen nituen eskolan. Gogoan dut nola egun batean erlijio mota ezberdinak ikusi genituen eta batean errenkarnazioa hitza agertu zen. Honek zera zioen: «Gorputza hil egiten da baina arima ez, eta berriz ere beste gorputz eta bizitza batean itzultzen da lurrera». Orduantxe pentsatu nuen: «Hauxe bai logikoa! Ulertu dut misterioa!».
Pertsona espirituala naiz eta asko errespetatzen dut ez den jendea ere. Nik neuk lehen pertsonan bizi izan ditudan zenbait gauza bizi eta ikusi izan ez banitu ziurrenik ez nintzatekeelako hain espirituala izango.
Batzuetan hilerrira joaten naiz nire senideak bisitatzera. Txikitan makina bat aldiz joaten nintzen hilerrietara, gero ordea beldurra hartu nien, uste dut heriotzaren beldur nintzela eta horrek galarazten zidala hilerrira joatea. Hala ere, nire bizitzako unerik latzenetan anaiak eta arreba dauden lekua bihurtu zen nire kabi, eta gustatzen zait noizean behin Polloeko hilerrira joatea euren omenez, beti irteten naiz indartuta handik. Nahiz jakin badakidan ez dudala haraino joan beharrik anaiak eta arreba sentitzeko, behar ditudanero ondoan baitauzkat, nagoen lekuan nagoela.
Maiz galdetzen diot nire buruari zer izan ote nintzen beste bizitzaren batean, txikitako kuriositateak nigan darrai. Batzuk obsesionatu egiten dira gai honekin eta horrek egungo bizitzatik eta mundutik gehiegi deskonekta ditzake, obsesioa ez da ona. Bizi dezagun bizitza hau, zerbaitegatik hautatu genuen eta hemen eta orain egotea.
Besarkada bat bi planoetatik maite eta zaintzen nauzuenoi. ■
