«Igeriketak konstantzia eta egonkortasuna ematen dizkit»
Hirugarren urtea du etxetik kanpo bizitzen Nahia Garrido igerilariak (Urretxu, 2007). Madrilgo Blume errendimendu handiko zentroan bizi da egun, eta «oso gustura» dago bertan ikasketak eta igeriketa uztartuz. Diziplinaren garrantzia betidanik izan du barneratuta Garridok. Pixkanaka bere bidea egiten ari da igeriketan, eta emaitza bikainak lortzen ari da, besteak beste azaroan jokatutako Espainiako txapelketan hainbat errekor hautsita.
Noiz eta nola hasi zinen igerian?
Duela zazpi-zortzi urte hasi nintzen. Betidanik kirol askotan ibili izan naiz, baina ez nintzen guztiz nekatzen, eta behin, amak igeriketa probatzeko proposatu zidan. Izugarri gustatu zitzaidan, eta Legazpiko igeriketa taldean hasi eta Tolosako taldean amaitu nuen.
Legazpitik Tolosara, eta Tolosatik Madrilera; aldaketa gogorra izan al da?
Hasiera izaten da beti gogorrena. Aurten hirugarren urtea beteko dut Blume errendimendu handiko zentroan, eta oso gustura nago. Urretxun bizi nintzenean zaila egiten zitzaidan ikasketak eta entrenamenduak uztartzea, eta Madrilera etortzea erabaki nuen bi gauzak ondo egin ahal izateko.
Zer ematen dizu kirol horrek?
Kirol honek konstantzia eta egonkortasuna ematen dizkit. Eguneroko lana eta konpromisoa eskatzen du igeriketak, baina azkenean, egindako esfortzu horrek fruituak ematen dituela ikustea izugarria da.
Azaroa hilabete esanguratsua izan da zuretzat ezta?
Bai. Euskadiko bizkar igeriketako 200 metroko proban errekorra hautsi nuen, igerileku motzeko Espainiako txapelketan. Eta horren aurretik, txapelketa berean, 18 urtekoen Espainiako errekorra eta Euskadiko errekor absolutua hautsi nituen, bizkar igeriketako 50 metroko proban.
Orain zein dira zure helburuak?
Nahiz eta denbora onak egin ditudan, ez dut lortu distantzia motzeko Europako txapelketara sailkatzea. Beraz, igerileku luzeko txapelketan aritzeko denborak lortzea gustatuko litzaidake. Udan egingo da igerileku luzeko txapelketa, Parisen.
Nola kudeatzen dituzu presioa eta urduritasuna?
Normalean psikologo batekin lan egiten dugu, eta denboraldi osoan zehar gure bidelaguna izaten da. Kirolaren munduan nahi baino gehiagotan aurre egin behar izaten diogu presioari, eta beharrezkoa da hori ondo kudeatzeko baliabideak izatea.
Zein da emakumeen egoera igeriketan?
Kirol honetan parekotasun handia dagoela esango nuke. Edozein lehiaketatan beti dago emakumeen eta gizonen parte-hartze oso parekatua.
Erreferenterik badaukazu?
Nire modalitatean, Regan Smith amerikar igerilaria daukat erreferente nagusi modura. ■

