Trinketearen aldeko apustua
Ordiziako Oiangu taldeko palariek Trinketeko Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketako larruzko paleta modalitatean txapeldunorde izatea lortu dute.
Ordiziako eta Goierriko pilotalekuetan ez da trinketerik. Ez da pareta baxuen arteko pilota-hotsaren oihartzunik, ez da hormen artean dabilen soinu berezi hori entzuten. Hala ere, azken hilabeteotan trinketearen izena gero eta gehiagotan entzun da Goierrin. Arrazoi batengatik: Oiangu Pilota Taldea Gipuzkoako txapeldunorde izan da paleta larruko trinkete txapelketan. Ez da emaitza soila, baizik ohitura handirik ez duen eremu batean modalitate baten biziraupenaren adierazpena.
Oianguko arduradun Aitor Otegik irribarrez gogoratu du nola hasi zen esperientzia: «Gabonetako oporretan, mendira joan ordez, trinketera joateko ohitura hartu genuen. Horrela hasi zen. Ez genuen helburu handirik, baina gero eta gehiago gustatzen hasi zitzaigun. Eta orduan esan genuen: ‘Zergatik ez parte hartu txapelketan?’».
Ordizian ez dago trinketerik, eta horrek berez zailtasun handia ekartzen du: entrenamenduetarako Irurara joaten dira. «Bertara joateko baimena eskatu behar izaten dugu, eta ordaindu ere bai. Baina merezi du. Gure gazteei modalitate berri bat erakusteko aukera da», esan du Otegik.
Hormen artean
Trinketea pilotaren antzinako formetako bat da. Ipar Euskal Herrian eta Ameriketan tradizio handia du, baina Hego Euskal Herrian azken hamarkadetan pixka bat galdu egin da. Frontoi arruntaren aldean, trinketea estuagoa eta itxiagoa da: lau hormak inguratzen dute jokaleku osoa, eta horrek jokoaren izaera guztiz aldatzen du.
«Trinketean, pilota beste abiadura batean doa. Palista onek pala arinagoa erabiltzen dute, eta ez da behar izaten hainbeste indar. Eta pilota motelagoa da, efektu gehiago hartzen ditu, hormen kontra saltoka ibiltzen da, eta jokaldi bakoitzak pentsamendu azkarra behar du. Joko teknikoagoa eta estrategikoagoa da».
Trinketearen sekretuak ezker hormako kaseta eta frontiseko frailea dira. Horma txiki edo inklinatu horiek pilota angelu ezinezkoetan jaurtitzen dute, aurkariek aurreikusi gabe. «Horrek guztiz aldatzen du jokoaren dinamika. Ezker horman edo frontoi arruntean ohituta gaude, baina trinketera sartzen zarenean lehenengo aldian galduta geratzen gara. Pilota leku guztietatik etortzen zaizu», azaldu du Otegik.
Pilotari askorentzat, trinketea eskolaren luzapena da: mugimenduen doitasuna, pilota-irakurketa eta erreakzio azkarra lantzeko lekua. Trebetasun teknikoa hobetzen lagundu dezake: «Trinketeak beste ikuspegi bat ematen du. Ez da soilik pala edo esku hutsa lantzea, pilotaren logika sakonago ulertzea baizik».
Barruko apustua
Goierriko pilotariek beti izan dute harremana frontoi zabalekin, ezker hormako jokoa tradiziozkoa baita eskualdean. Horregatik, trinketean jokatzea ia iraultza txiki bat da. Otegi harro mintzatu da: «Guretzat lorpen handia da txapeldunorde izatea, kontuan hartuta trinketerik ez daukagula. Entrenamendu guztiek bidaia, gastu eta antolaketa berezi bat eskatzen dute. Baina klubaren ilusioa eta pilotarien gogoa dira gure erregaia».
Oianguko kideek Irurako trinketean entrenatzen dute, han dagoelako Ordiziatik gertueneko instalazioa. «Trinketera joatea guretzat festa bat bezalakoa da», dio, irribarrez. «Eguneroko errutinatik ateratzea da, beste espazio bat, beste soinu bat».
Horrez gain, klubak gazteen artean modalitatea sustatu nahi du: «Sei kadete eta jubenil bat ditugu, eta nahi dugu urte batzuen buruan haiek ere trinketean probatzea. Momentuz ez dira espezifikoki horretan ari, baina apurka-apurka sartzen joango dira. Beste urte batzuk beharko ditugu, baina trinketeak bere lekua izango du Goierrin».
Babes beharra
Trinketearen sustapena ez dago kluben esku bakarrik. Gipuzkoako Pilota Federazioak azken urteetan interes berezia jarri du modalitatean, batez ere pala gomaz eta pala larruz jokatzen diren txapelketetan.
«Federazioak trinketea sustatu nahi du, nazioarteko presentzia duelako. Trinketean jokatzen diren modalitateak mundialistak dira: eskuz binaka, palan gomaz eta pala larruz. Euskadik parte hartzen du munduko txapelketetan eta, hortaz, hemen jokalariak trebatu behar dira», gehitu du Oiangukoak.
Baina baliabideak ez dira beti nahikoak. «Federazioa saiatzen da, baina ezin du modalitate guztietan diruz sartu. Gehien bultzatzen dena emakumezkoen pala da trinketean, teknifikazio programarekin, eta hori oso beharrezkoa da. Emakumeen presentzia handitzen ari da, baina oraindik urria da».
Oiangu elkarteak bere kabuz pauso bat gehiago eman du: emakumezkoen pala txapelketak antolatzen ditu Ordizian. «Aurreko urtean guk geuk antolatu genuen, eta aurten federazioak hartu du ardura hori. Horrek erakusten du bide onean goazela».
Komunitatearen balioa
Oiangu ez da klub erraldoia, baina bihotz handikoa bai. Otegik xehetasun guztiak ezagutzen ditu: «Oraintxe bertan 60 palista inguru ditugu. Benjaminetan 20 haur, alebinetan hutsune handi bat —mutil bakarra—, 13 infantil, 5 kadete, jubenil bat eta 20 senior. Kopuruak ez dira txarrak!».
Bere autokritika garbia da: «Nahiko kritikoa naiz, bai. Oianguk behar duena ez da dirua bakarrik, boluntario lana da. 1990eko hamarkadan edozein ekintzatarako jendea zegoen, baiana gaur egun jendeak ez du denborarik edo nahiago du zerbitzu bat ordaindu. Guk behar dugu kirola maite duen jendea, ez kirola egitera datorrena bakarrik».
Klubaren egunerokoa boluntarioen lanarekin sostengatzen da: gurasoen, pilotarien eta lagunen esfortzuarekin. «Palista nagusiak eskolako irakasle izan daitezke, edo komunikazio taldean lagundu. Komunitatearen lana da, baina ilusioz egiten da». Otegi konbentzituta dago pilotak ez duela soilik lehia izan behar. «Guretzat pilotak komunitatearen espiritua dakar, talde lana, konpromisoa. Horregatik diot boluntarioen lana funtsezkoa dela. Klub bat ez da soilik pilotariz osatzen, baizik eta guztien artean sortzen den lotura horretaz».
Eta, hala ere, baikortasuna nagusi da: «Aurtengo lan taldearekin oso gustura nago. Zuzendaritza berria dugu, prentsa taldea ere bai, eta energia berritu da. Hori da kluba bizirik mantentzen duena».
Trinketetik selekziora
Oianguren asmoak ez dira herri mailara mugatzen. Trinketean egindako lanak ate berriak ireki diezazkieke pilotariei. «Epe laburrean, gustatuko litzaiguke Gipuzkoako selekziorako jokalariren bat ateratzea». Epe luzeagoan, Euskal Herriko trinkete txapelketan parte hartzea eta emaitza onak lortzea dira nahiak. Horrek bide emango luke selekziorako, eta, zergatik ez, mundialera joateko. Ez dira hitz hutsak: bi profesional atera dira gure klubetik lehenago, eta badugu esperientzia».
Trinketea Goierritik urrun badago ere, ilusioa hurbil dute. «Hor dago gure indarra. Ez dugu azpiegitura bera, baina bai grina eta jende ona». ■


