Hitz egokiak
Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Ordiziako Palestinarekiko elkartasun eguneko mahai-inguruan, hizlari palestinarrak hitz egokiak erabiltzearen beharra aldarrikatu zuen. Ez da aldea dagoela hitz batzuk edo beste batzuk hautatu; erabat kontrajarria izan daiteke transmititutako mezua. Ni ados. Ardura linguistikoa ardura politikoa da. Eta gehituko nioke: hitz egokiak aukeratzeaz gain, ezin dugu utzi hitz bati bere esanahia erauz diezaioten, desitxura dezaten.
Erreakzioaren gorakada garaiotan, badirudi Gasteizko Falangearen aurka eta Iruñean Vito Quilesen aurka egindako ekintzena izan zela, La Vueltako boikotarekin batera, euskal gizartearen iritzi orokorra ezkerrerantz mugitu den momentu bakarra. Bi ekintza antifaxista haiek balio izan zuten, beraz, efektiboki faxistak frenatzeko, eta iritzi publikoa ezkerrerantz mugitzeko. Eta, bitartean, Zupiriak euskal faxistak hizpide, eta alderdi ezkertiarrenak antifaxismo instituzionala eta antzeko oximoronez hizketan. Badute zer ikasia Ordiziako hizlariarengandik.
Bide batez, Brechten pasarte bat:
Keuner jaunak ez zion ezinbesteko irizten herrialde jakin batean bizitzeari. Nonahi izan ninteke gose, zion.
Egun batean bera bizi zen herrialdearen etsaiek okupaturiko hiri batean zebilela, ofizial batek espaloitik jaistera behartu zuen. K jauna jaitsi egin zen, eta ohartu zen ofizial harekiko ez ezik haren herrialdearengako gorrotoa piztu zitzaiola.
Zer dela eta bihurtu ote nauk minutu batez nazionalista? Nazionalista batekin topo egin dudalako, noski. Horrexegatik erauzi behar da txepelkeria, hain zuzen, ukitzen duen oro txepel bihurtzen duelako. ■
