Ekonomiaren bidez gizarte hobea sortzeko tresnen bila
Miren Etxezarreta Zubizarreta Ordizian jaio zen, 1936an, frankisten estatu kolpe saiakera baino lehentxeago. «Zure ondoren gerra etorri zen», gogorarazten zioten mojek eskolan. Denda baten jabe ziren gurasoak, eta ikasketetan sakontzeko modua eman zion erosotasun horrek. Bilbon ikasi zuen Zientzia Ekonomikoen karrera, 130 bat ikaskideren artean zortzi emakume bakarrik zirela. Eta gerra egin dio bere bizitzan zehar 1936ko gerra eragin zutenen munduari.
Ekonomian doktorea da. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB) eta Londresko London School of Economicsen ikasi zuen. 1960ko hamarkada bukaeran hasi zen Ekonomiako irakasle, Brightonen (Ingalaterra) 1968an eta Bilbon 1970ean. Bere irakasle lanean bezala liburugintza eta artikulugintza oparoan, ekonomiaren aplikazio eta funtzio soziala lehenetsi du. Unibertsitateko irakasle modura, zortzi doktoretza-tesi zuzendu ditu. Bartzelonan bizi da. Bilbon irakasle gustura hasi zen arren, bi urte geroago ez zioten kontratua berritu, eta kalean geratu zen. UAB unibertsitatean 1974an hasi zen lanean. 2007tik, Ekonomia Aplikatuko katedradun emeritua da.
Euskal baserriaren bideragarritasun ekonomikoa aztertuz hasi zuen ikerkuntza. El Caserio Vasco liburuan argitaratu zituen lehen ondorioak, 1976an. Gaur egun atzera mahai gainean dagoen gaia ere landu zuen, 1988an ateratako La agricultura a tiempo parcial en España liburuan. Bere karrera guztian beti kezka-iturri eta aztergai izan du nekazaritza; 2007koa du arloaz azken argitalpena.
Antikapitalista konbentzitua
Ohiko ekonomikoarekin kritiko, eta Europa hartzen ari zen bide kapitalistaren parean jarrita, ekonomia kritikoa deritzon korrontean garatu du lan profesionala eta dibulgaziokoa. 10 liburu idatzi ditu, eta ezin konta ahala artikulu publikatu.
Mugimendu sozial ugaritan parte hartzen du. Jubilatuen pentsioen inguruko azterketa ugari egin ditu, pribatizazioak gaitzetsiz. Ohiko Ekonomiaren kritika sustatzen jarraitzen du, TAIFA mintegiaren bitartez. Globalizazioaren aurkako ekintzaile eta antikapitalista konbentzitua da.
“Kapitalismoa feudalismotik jaio zen”. “Ekonomia Konbentzionalak nahi duena da agintzen dutenen interes ekonomikoen mesederako dena gizartearen interes orokorrerako ere onuragarri dela sinistaraztea”. “Pobreak daude aberatsak daudelako”. “Ongizatearen estatua sozialdemokraziaren bilaketa eta asmakizun bat da, kapitalismoa demokraziarekin bateratu nahi zuena. Eta ezinezkoa da, nahiz eta urte askoan, eta oraindik ere bai, kapitalismoaren katastrofe handienak arintzeko balio izan duen”, esan izan du.
2024an, Ordiziako Udalak Etxezarretaren obra jaso, sailkatu, artxibatu eta digitalizatzeko lana hartu zuen bere gain, ikerketa beka bat sortuta. ■
