«Ezkondu egin behar ginela gurasoei esan nien eguna ez dut ahaztuko»

Irati Otamendik (Beasain, 1997) Alkartasuna Lizeoan eta Txindoki Institutuan egin zituen oinarrizko ikasketak, eta ondoren irakasle-ikasketak gauzatu zituen Donostian. «Oso argi nuen irakasle izan nahi nuela. Haurrak asko gustatzen zaizkit: beraiekin gozatzea, beraien haurtzaroa ahalik eta onena izatea helburu», azaldu du. Kanpezun (Araba) lan egiten du. «Herri txikia da. Hara joan behar nintzela esan zidatenean, ez nekien non zegoen ere. Erronka nagusia euskara eta euskal kultura indartzea da». Oionen (Araba), Idiazabalen eta Beasaingo ikastolan ere lan egina da. Senarra zeraindarra du eta han bizi dira.
Zer zaletasun dituzu?
Dantza eta eskulanak. Beasaingo Ostadar taldean dantza egin nuen. Pandemian Zeraingo Solkie dantza taldea martxan jarri nuen. Eskulanei dagokienez, kakorratz lanak egitea, puntua egitea eta makinarekin jostea gustatzen zait. Amarengandik datorkit zaletasuna: Otea eskulan dendako nagusia da.
Pelikula edo telesail bat?
Mamma mia!
Liburu bat.
Album ilustratuak asko gustatzen zaizkit. Polita haurrentzako liburua, adibidez.
Musika talde edo abeslari bat.
Gorka Urbizu. Donostian ikusi genuen, Antzoki Zaharrean.
Abesti bat.
Idoia Asurmendiren 25. artikulua.
Oporretarako leku bat.
Landak (Frantzia). Gurasoekin urtero joaten nintzen. Nire txoko kuttuna da.
Zer gosaltzen duzu?
Kafesnea eta ogi txigortua ahuakatearekin eta tortillarekin.
Kolore bat.
Arrosa.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna?
Nire gurasoei ezkondu egin behar ginela esan nien eguna.
Jaso duzun oparirik bereziena?
Amonak ezkontzarako oparitu zizkidan belarritakoak.
Amets bat.
Nire buruan dauzkadan balioak dituen eskola batean lan egitea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Lagunarteko gosari osteak eta bazkalosteak.
Goierriko txoko bat.
Beunde.
Zerainen biziko ez bazina?
Beasainen. ■
