Elikaduraz aritzeko ekoizleek dute hitza
Goierriko lehen sektoreko hainbat ekoizle, joan den ostegunean, Zaldibiako Goizanen egindako lan-saioan. / Iñaki Gurrutxaga
Goierriko landa garapen programa berrituan jasotako eta ‘Goierri Barnetik’ gobernantza prozesuan lehenetsi ziren bi egitasmoren inguruan lan-saio bat egin dute hainbat ekoizlek Goizanen.
Agortua zegoen 2015-2020 programa zaharra egokitu, eta datozen urteetarako bide-orri bat finkatzeko ahalegina egin zuen joan den udazken-neguan Goimen Landa Garapen Elkarteak. Programa-berritze horrek eta Goierri Barnetik lankidetzazko proiektuak landa garapenaren arloa hiru erronketako bat izendatzeak bat egin dute denboran.
Goierriko Landa Garapen Programaren barruan jasotako Baserritik jantokira eta BaserriLab erronken barruan dauden bi proiektu zehatzen berri emateko eta iritziak partekatzeko lan-saio batera deitu zituzten Goimenek eta Biziolak Goierriko ekoizleak. Joan den ostegunean, abenduaren 4an, egin zuten Zaldibiako Goizane eraikinean.
Barnetik elikatzen izena du Goieki eta Uggasa garapen agentziek, eta Goimenek eta Biziolak lankidetzan abiatutako egitasmoak. Hiru ardatzetan dago oinarrituta. Jangela kolektibo bat hornitzea da aurrenekoa; Goizanen dagoen Uztaola eraldaketa gunea aktibatzea da bigarrena; eta hirugarrena, Goierriko Elikadura Mahaia eratzea. Prometea enpresako kideek dinamizatu zuten bilera ireki hori.
Maizpideko jangela hornitzea
Lazkaoko Maizpide euskaltegiaren jangelarekin elkarlanean egingo dute lehen proiektu-pilotua. Bi helburu nagusi ditu egitasmoak: Maizpideko jangelan tokiko produktuak erabiltzeko baldintzak sortzea eta tokiko ekoizleekin lankidetzan eskaera egonkor eta planifikatu bat sortzea.
Hiru fasetan irudikatu dute lan prozesua eragile lanetan ari diren Biziolak, Goimenek, Gunek –Goierri Urola Garaia Nekazaritza Elkartea– eta Goierriko Nekazal Kooperatibak (GNK). Lehen fasean egungo jangelaren diagnostiko zehatza egingo dute, bigarrenean Goierriko ekoizleen koordinazioan oinarritutako hornitzaile sarea osatuko dute, eta azkenik kudeaketa plana.
Azalpenen ondoren, ekoizleek proiektu zehatz horrekiko izan dezaketen interes maila neurtzeko dinamika bat egin zuten eta iritziak trukatzeko tarte hartu zuten. Begi onez ikusi zuten ekoizleek abiatzear den proiektu hori, eta gehiengo handi batek parte hartzeko interesa azaldu zuen, nahiz eta horietako asko bat etorri ziren esatean haien lan-molde eta denboretan egokitzapenak egin beharko lituzketela.
Eraldaketa gunea aktibatzea
Lan dinamikan zehar osatutako horma-irudia.
Bilera irekian hogeitik gora ekoizle elkartu ziren. Horietako asko txekor-haragi ekoizleak, moxal haragiarekin eta txerrikiarekin dabiltzanak, esne-behiekin eta haren eraldaketarekin aritzen direnak, bi artzain-gaztagile ere bai –biak emakumezkoak–, eta gutxiengoa izan ziren okintzan, frutagintzan eta baratzean aritzen direnak.
Azken horiei zuzendutakoa da bereziki bigarren egitasmoa. Urteak dira Goizane eraikinean lehengaiak eraldatzeko gunea dagoela, eta instalazio horien erabilera handitzea eta urte osoan martxan izatea da helburua. Dagozkion osasun araudi guztiak betez, tokiko produktuei balio erantsia ematea eta merkaturatzeko aukerak handitzea bilatzen dute urrats horrekin.
Lehendik ere Uztaolako kide diren lau-bost ekoizle izan ziren lan-saioan. Orain arte sagar garaian zukua egiteko baliatu dute zerbitzu hori elkarteko kideek –baita eskaria egiten duten norbanako hainbatek ere–, baina bestelako eraldaketa batzuk sustatu nahi dituzte: marmeladak, pureak, saltsak…
Elikadura Mahaiaren sorreraz
BaserriLab egitasmoan proposatu zen orain hilabete batzuk Elikadura Mahaia sortzea. Elikadura hitza bere osotasunean hartzea da mahai horren egitekoa. Eragileek argi dute «ekoizleen zaintza oinarrian» dela egin behar dutela lan: «Ekoizlerik gabe ez dago elikadura-sistemarik. Haien zaintza da gure estrategia osoaren ardatza eta lehentasuna».
Hizketarako tartea zabalduta, haren beharra nabarmendu zuten ekoizleek. Era berean, udal aldaketak aldaketa, proiektuei jarraipena eman eta hausturarik ez litzatekeela izan behar aipatu zuten. «Sektorearen biziraupenaz ez, garapenaz hitz egin» beharko litzatekeela izan zen beste hausnarketa bat. ■
Barnetik elikatzen
- Jangela kolektiboa
- Proba pilotua. Lazkaoko Maizpideko jangelarekin egingo dute.
- Hiru fasetan. Lehenean jangelaren diagnostiko zehatza, bigarrenean hornitzaile sarea osatzea eta hirugarrenean kudeaketa plana egitea.
- Interes maila. Ekoizle askok adierazi zuten interesa.
- Eraldaketa gunea
- Helburua. Goizaneko eraldaketa gunearen erabilera areagotzea, tokiko produktuei balio erantsia emanez eta merkaturatzeko aukerak zabalduz.
- Erabilerak. Sagar zukuaz gain, marmeladak, pureak eta saltsak eraldatzea, besteak beste.
- Interes maila. Frutagintzan eta baratzean aritzen diren ekoizleentzat. Ez dago okela eraldatzeko tresneriarik.
