Goierriko bailara nolakoa zen 1971. urtean (eta III)
Beasaingo Ezkiaga auzoa, 1970 inguruan, hazkundearen ondorio.
Historiaren errepikakortasunaren erakusgarri, Goierrin 1970eko hamarkadan zegoen etxebizitza beharra eta falta da, gaur egungoarekin erka daitekeen gabezia edo arazoa. Goierriko Guraso Elkarteak Siadeco etxeari eskatutako ikerketa soziologikoan azaldu zen ondorioetako bat zen etxebizitza urritasuna. Aurreko bi Gertaera ataletan azaldu denez, hazkunde demografiko handia jasan zuen bailarak aurreko bi hamarkadetan, industriaren eskulan beharrak eraginda hein handian.
«Taxuzko etxebizitzak» izateko eskubidea aldarrikatu zuen Guraso Elkarteak –garaiko gizarte eragile antolatuenetakoa eta eraginkorrenetakoa, Zumarragako eskualde ospitalea bultzatu zuena, aldi berean–. Etxegintzarako plangintza baten beharra azaleratu zuen Siadecoren azterketak. «Dirudienez, Goierriko etxe egileek dirua bakarrik izan duten beren helburu. Hemen ere plan baten beharra laster azaltzen da. Gauza bat dago garbi: ezin daitezkeela gauzak beren gisara joaten utzi. Behar-beharrezkoa da plan bat egitea», idatzi zuen J. Elustondok 1971ko maiatzaren 5eko Zeruko Argia astekarian.
Goierriko hirigintza eta urbanismoa handitzen 1950ean hasi zen. Ordutik 1970era, «etxe asko» eraiki zen eskualdean. 1971n zeuden etxebizitza guztietatik %37,8 bi hamarkada horietan egindakoak ziren. «Beraz, esan daiteke alor honetan dinamika handi samarra egon dela». Baina ez zen nahikoa, milaka langile berri aterpetzeko beharrean jarraitzen baitzuen Goierrik.
Jabeak eta errentariak, pare
Beste datu esanguratsu bat ere eman zuen ikerketak. Etxejabe edo errentero izatearen balantzan, 1970erako jada jabeak gehiago ziren, ordura arteko joera iraulita. Baina oso-oso paretsuan zeuden bi sailen portzentaiak: %51,9 ziren Goierrin etxeen jabeak, eta %45,5 errentan bizi ziren. Eraikitzen ziren etxe gehienak saltzeko izaten ziren: «Gaur egunean, egiten diren etxeak saltzeko egiten dira batik bat, eta Goierriko bailaran ere hala gertatzen da. Azken urte hauetan egin direnak gehienak saltzeko izan dira».
Etxe kopuruarekin batera, horien ezaugarriak ere ez ziren egokienak. Goierrin 1.427 familia «pilatuta» bizi ziren 1970ean, eta familien %17,2 behar baino neurri txikiagoko etxebizitzetan bizi ziren. «Familia hauen egoera, beraz, ez da oso egokia. Goierrik, hemen ere, hutsune ederrik azaltzen du».
Siadecoren ikerketak «hamaika arazo» erakutsi edo identifikatu zituen. Konponbidea emateko, «azterketa sakon baten» beharra galdegin zuen Guraso Elkarteak, eta horretan bakarrik ezin zela geratu aurreratu zuen: «Heldu egin behar diogu lanari. Neurri handi batean, gure etorkizuna ari gara jokatzen. Urak alde egindakoan, alferrik da presa egiten hastea». Urak joan eta etorri, aktualitate beteko analisia da 50 urte geroko Goierrirako ere. ■
