Kultura hegemonikoa
Aitor Carrasco • Musikaria
Aurreko astean Zetak proiektu musikala izan zen TVEko La Revuelta saioan. Honek zeresana eman du eta hainbat iritzi eta artikulu irakurri ditut, gehientsuenak euskararen aldeko keinua aipatuz.
La Revuelta bezalako prime-time-ko saio batean ordubetez euskarari eta ‘gure’ kulturari tartetxo bat ematea ederki iruditzen zait. Baina, Reparazek esan bezala, hazka eginez gero, funtsean bere hitoa aurkeztera eta saltzera joan zen, lehendik ere jada nahikoa bozgorailu izan ez bazuen.
Makro ekitaldien garai hauetan, euskaraz izanagatik, merkatu kapitalistaren logika kopiatzera mugatzen denak, ez ote du nahikoa hegemonia inposatzen Euskal Herrira ere heldu zaigun kultur kontsumoaren inguruan?
Non geratzen dira hamarkada askoan azpiegitura oparo eta osasuntsua eskaini dizkiguten gaztetxeak eta gune autogestionatuak? Hori ere ez al da hegemoniari (merkantilari, kasu honetan) aurre egitea? ■
