Nahita egiten dute
Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Informazio baliotsu bat filtratu didate, jakinda ni oso txarra naizela sekretuak gordetzen, kontu mamitsuak ez xahutzen eta kaltetzen gaituzten injustizien aurrean ixilik geratzen. Beraz, ziurrenik nahita egin dute, bozgorailu hau erabil dezadan informazio baliotsu hau zurekin partekatzeko. Datu babesa, kazetaritza-etika eta kontatu didanaren lanpostua zaintzeko, pertsona eta tokien izenak aldatuko ditut. Adi datorrenari.
Amaia urteotan lanean supermerkatu batean ibili da. Sail ezberdinetan lan egin du, baina kutxetako arduradun izatera heldu da. Txaleko gorria jantzita dabilenetik aldaketa asko ikusi ditu: kontsumo-ohituren aldaera, askotariko fidelizazio sistemak, txartel bidezko ordainketa gailentzea, plastikozko poltsen salneurria… Baina, aldaketa guztien gainetik, autozerbitzu kutxena izan da deigarriena. Kutxa horietan ez dago txalekodun langilerik, bertan langilea zu zara: zuk pasatzen dituzu produktuen barra-kodeak argi gorritik, zuk sakatzen duzu ordainketa modua, zuk jasotzen duzu tiketa eta zuk bildu erosketa guztia. Poltsa ere ez dizute oparitzen lan osoa zuk eginda ere.
Amaiak beste zeregin bat du orain. Geratzen diren kutxako langileen arduradun bezala, egunero gogorarazten die supermerkatuko arreta-politika berria: 1-Egizue zuen lana poliki. 2-Ez zain egon zuen kutxan, hurbildu soilik bizpahiru bezero pilatzen direnean. 3- Azpimarratu autozerbitzuko kutxak libre daudela. 4- Bilatu barra-kodeak produktuen alde guztietan, inoiz egin ez bazenute bezala. Aldizka sartu kodeak eskuz. 5- Eman kanbioak ahalik eta gogaikarrien. 6- Noizbehinka, kobratu gaizki bezeroaren kalterako.
Kutxako ilaran zauden hurrengoan zure buruari galdezka azkarrago egin ote dezaketen, fijatu zaitez. Protokolo ofiziala da, nahita egiten dute. Ez dut nik esaten, Amaiak berak kontatu dit. ■
