«Amonak baserriko makinan erakutsi zidan josten»
Azkenaldian gehiena kakorratz lanak egiten ari da Sara Garmendia Alustiza (Gaintza, 2000). Beti izan ditu eskulanak oso gustuko, eta sortzaile bezala definitzen du bere burua. «Osagarriak egiten ditut, poltsak gehienak, baina egia da negu garaian alde batera utzita dudala. Udaberri aldera etortzen zait berriz inspirazio gehiago». Poltsak sortzen hasi zenean amonaren laguntza izan zuen. «Baserriko makinan erakutsi zidan josten. Gerora, Erasmusen bidez Suediara joandakoan, kakorratza ezagutu eta poltsak sortzen jarraitu nuen». Lanbidez ingeniari industriala da, eta garbi du berarentzat eskulanak egitea denbora-pasa dela: «horretatik biziko banintz erre egingo nintzateke, eta ez nuke berdin disfrutatuko».
Zer zaletasun dituzu?
Natura, mendia eta eskulanak.
Pelikula bat edo telesail bat.
Prison Break.
Liburu bat.
Tierra, Eloy Moreno idazlearena.
Musika talde edo abeslari bat.
Euskaldunen artean Mirua, bestela Oques Grasses.
Abesti bat.
Merezi ote.
Oporretarako leku bat.
Landak, inguru oso lasaia da.
Zer gosaltzen duzu?
Tostadak, ahuakate eta indioilarrarekin.
Kolore bat.
Horia.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Suedian urte erdi egon eta geroko itzulera, oso oroitzapen onak dauzkat gertukoekin berriz elkartzeaz.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Asteburu pasa bat.
Amets bat.
Daukaguna baloratzen ikasi eta ingurukoak osasunez eta gustura ikustea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Udako goizetan eguzkia ateratzen ari dela terrazan gosaltzea.
Goierriko txoko bat.
Oiduiko ingurua.
Gaintzan biziko ez bazina…
Herri txikiren batean, bertan sortzen den gertuko giro hori asko gustatzen zait. ■

