Argixao, futbol zelaiaz haratago
Argixao izenez gaur egun batez ere Zumarragako futbol zelaia eta ondoan dagoen etxe talde bat ezagutzen badira ere, historian zehar izen horrekin beste alderdi bat ezagutu izan da, hegoalderago dagoen alderdi zabal bat eta Zumarragako udalerria gainditzen duena, gainera. Hala, 1401. urteko agiri batean «sierra rasa de Arguynsarin» aipatzen denean garbi ikusten da Zumarraga, Gabiria eta Legazpiko mugan dagoen eremuaz ari dela: «e dende Ategutia [Atagoiti], e dende por el çerro adelante a Yraçola, y dende a la sierra rasa de Arguynsarin, e dende por el arroyo ayuso asta el río mayor de Legaspia [Urola]». Plano topografikoari erreparatuta ikusten da badela sierra edo mendilerro bat Gabiriako iparraldean Potzuetagaña menditik Ezkioko mugako Kurutzezar mendira doana, Trapalata, Pagoeder eta Arrietako gaina barnean hartzen dituena. Mendilerro hori Irazola ondoan sortzen denez, pentsa dezakegu goiko agiriak hori erreferitzen duela.
Legazpiko udal artxiboan dagoen 1547. urteko agiri batean, berriz, «sel de Arguisain» aipatzen da, muga kontuen artean. Baina era honetan ez dakigu Arguynsain edo Arguisain jatorrian mendi osoaren izena edo kortabasoarena soilik den. Hori bai, badakigu 1889. urteko Gabiriako agiri bati esker «Arguisano-corta» (‘sel de Arguisain’ esapidearen ordaina) Legazpi, Zumarraga eta Gabiriako mugek bat egiten duen lekuan zegoela, Irazolatik gertu: «Reunidos en el sitio llamado Arguisano-corta (…) divisoria para los tres términos jurisdiccionales de Legazpia, Zumarraga y Gabiria».
Antonio Pradak Zumarraga XVI. mendean liburuan jasotako 1547. urteko ordenantzetan «monte de Arguisano» eta «montes de Arguisano» hainbatetan aipatzen dira, eta ikusten da, alde batetik, mende horretan Argisano gailentzen dela Arginsainen kaltetan (herri-etimologiagatik ote?) eta, bestetik, Argisano izenez ezagutzen den eremua oso zabala dela, Gabiriako iparraldeko mendietatik hasi eta Elgarresta auzora bitarterainokoa.
Horrekin lotuta, esan behar da Argixao mendi-multzoko goragunerik handienarentzat (601 metroko garaiera duena) lehengo baserritarrek izen hauek erabiltzen zituztela: Goikomendi, Goikogain, Argixaogain, Zumarramendi eta Elgarrestamendi. Argixao soila, inork ez.
Interpretazio ausarta
Izenaren jatorriaz gauza ziurrik ezin dugu esan, Erdi Arokoa behintzat badelako eta ezagutzen dugun lehen lekukotza ere eraldatuta egon litekeelako, hizkuntzaren ohiko bilakaeragatik edo herri-etimologiaren eraginez. Hala ere, ausarkeriaz jokatu eta botako dut hipotesi bat, kontra egiteko adorerik gutxi egongo direla pentsatuta. Ez ote dago atzean ‘Argin Asenari(z)’ izeneko pertsona baten kortabasoa, denboraren joanak eta hizkuntza-kutsadurak eraldatu dutena? Izan ere, badira han eta hemengo baso-izenetan antzeko egiturak dituzten formak: Petrinasariz, 1483; Mayoyçurrarena, 1433; Urracosaiz, 1608… Dudarik gabe, lekukotasun eta alderaketa gehiago beharko dira horrelako proposamena frogatzeko, edo baztertzeko. ■
