Esku bete egitasmo du Goiekik 2026an
Goiekiren administrazio kontseiluak abenduaren 16an onartu du 2026ko Kudeaketa plana. Garapen agentziaren sail ezberdinek elkarlanean hausnartutako hainbat zerbitzu eskaini eta hamaika proiektu garatuko ditu.
Goierriren garapen sozioekonomikoa sustatzea. Horixe da 1993. urtean sortu zen Goieki garapen agentziaren egitekoa. Kapital publikoa duen erakundea da –Goierri beheko 18 udalerri dira kide–, irabazi asmorik gabekoa, eta interes orokorreko jarduerak bultzatzen ditu goierritarrek dituzten premiei erantzuna emateko. Goiekiko departamendu ezberdinak osatzen dituzten pertsonek egin dute ate joka den urtean eskainiko dituzten zerbitzuen eta garatuko dituzten proiektuei buruzko hausnarketa, eta eskualdeko udalekin partekatu eta gero, aste honetan bertan, abenduaren 16an, onartu du Goiekiren administrazio kontseiluak 2026ko Kudeaketa Plana.
Goierriren etorkizuna eta goierritarren bizi-kalitatea ziurtatzeko lan egitea da Goiekiren helburu nagusia. Goierri eskualde lehiakorra da, puntako industria-sarea dauka, ekintzaile ugariren sorlekua da eta Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturalek inguratzen dute. Hori dela eta, industriari, ekintzailetzari eta turismoari lotutako proiektu estrategikoak bultzatzen eta dinamizatzen ditu, horiek izango baitira eskualdearen etorkizuneko jasangarritasunaren ardatz nagusiak. «Ardatz horien bitartez, ekosistema sozioekonomiko oparoa, lehiakorra eta balio erantsi handikoa sortzea dugu helburu. Horiek dira enplegua eta ongizatea sortuko dutenak».
Industriaren garapena
Goierriko industriaren garapena da Goiekiko Industria arloaren helburu nagusia, lanpostuei eutsi eta balio erantsi handiagoko lanpostuak sortzeko. 2026an hainbat proiektu jarriko ditu martxan horretarako, eta nabarmenenak Goierri Valley elkartearen barruan garatuko dira. Elkarte hori Goiekik bultzatutako Lankidetza Sarea zenaren garapenaren ondorio da. Proiektu horiek irekiak dira enpresa guztientzat, elkarteak erabaki hori hartu baitzuen iaz.
Digitalizazioa eta berrikuntza teknologikoa lantzeko, ETE Digitala eta Betek proiektuak dinamizatuko ditu enpresetan bide orri pertsonalizatu baten bitartez. Nazioartekotzeari lotuta, aurten Argentinan abiatutako misioari jarraipena emango diote Fadelra erakundearekin batera. Nazioartean enpresentzako aukerak eta elkarlana arakatzea da helburua.
Bi zerbitzu berri ere jarriko dira enpresen eskura: Barnekintzailetza eta Lanaren zentzua. Lehenaren egitekoa da enpresei barne-ekintzailetzako proiektuen identifikazioan eta dinamizazioan laguntzea. Bigarrenak enpresek talentua erakartzea eta bertan gelditzea izango du helburu, lehiakortasuna hobetu eta berrikuntza, jasangarritasuna eta erakargarritasuna sustatzeko. Ildo horretan, Jarraikortasun erronkari erantzungo dion prozedura bat definitzeko kosorkuntza prozesu bat jarriko da martxan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta garapen agentzien artean.
Lan Mentoring zerbitzua ere eskainiko du Goiekik. Enpresetan dagoen ezagutza kritikoaren transferentzia gauzatzen eta sistematizatzen laguntzen duen zerbitzu espezializatua da. Horiez gain, espazio industrialen kudeaketan eta diru-laguntzen inguruko aholkularitza ematen jarraituko du.
Goierri Valley elkartearen markoan hainbat proiektu estrategiko garatuko dira. RLBO 360º zerbitzua da bat, errelebo egoera dauden enpresei bideratua. Eraikuntza industrializatua egitasmoarekin Goierrin industrializatutako eraikuntza eredua bultzatu nahi da. Azoketan proiektuarekin enpresen arteko parte-hartze bateratua bilatzen da, baliabideak optimizatu eta elkarlana sustatzeko. Azkenik, Nor da nor? joko interaktiboa sortuko da, gaztetxoei Goierriko enpresetako profesionalak erreferente bihurtzen laguntzeko.
Ekintzailetza sustatzen
Goiekik 30 urte daramatza negozio-ideia bat duten ekintzaileekin lanean. Enpresa proiektua gauzatzen laguntzen die, proiektuaren fase guztietan aholkularitza emanez: negozio ideia, proiektuaren garapena, enpresaren sorrera, finantzazioa, enpresa gunea eta enpresaren kontsolidazioa. Formakuntza saioak ere eskainiko ditu sare hori indartzeko.
Datorren urtean 29. edizioa izango du Enpresa Ekimen Berrien lehiaketak, hiru kategoria sarituz: enpresa ekimen berriko proiektua, enpresa barruko proiektu berritzailea eta gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez.
Bidari lantaldea dinamizatzen ere jarraituko du Ekintzailetza arloak. Kontsumo lokala sustatzea eta Gipuzkoan erreferente eta lehiakorra den sektorea garatzea du helburu, sektorearen kudeaketa profesionalizatuz eta eskualdeko merkataritzaren digitalizazioan urratsak eginez. Zerbitzu berri bat eskaintzen ere hasiko da Bidari, jarraikortasuna beharko duten negozioei eta negozio berri batean ekiteko interesa dutenei zuzenduta. Transmisio prozesuan lagunduko die.
Egitasmo bateratzaileak
Goierri BarNETik izenpean lanean ari den eskualdeko gobernantza eredu berriaren garapenean sakonduko du. Eragile ugarirekin adostutako plangintza eta aurrekontua izango du 2026ean proiektu horrek: Energia erronka, Landa Garapena eta Zaintzaren Misioa zehazten hasteko urtea izango da.
Gizarte arloan sor daitezkeen eta udal mailan soilik kudeatu ezin diren beharrei aurre egiteko proiektuak garatzen jarraituko du Goiekik hainbat eragilerekin batera. ElkarEkin lanean, Hazilan + eta 2026an 18 udalen artean osatuko den Enplegu Plan berria. ■
Lau lan ardatz nagusi
Goieki garapen agentzia sortzen den unetik Plangintza Estrategikoan oinarritutako ekintzak aurrera eramatea izan du helburu, eskualdeak dituen beharrak kontutan hartuta.
- Industriari zerbitzuak eskaini. Lehiakorrak izatea da helburua, eta ondorioz, geroari begira iraunkorrak. Industriako enplegua mantentzeko ahalegina.
- Ekintzaileei bultzada. Enpresa ekimen berriak sustatu nahi dituzten pertsonei eta enpresei laguntza eskaini.
- Turismoa. Turismoa antolatu, dinamizatu, sustatu eta merkaturatu, eskaintza dibertsifikatuz eta sektoreko enpresen lehiakortasuna bultzatuz Goiturren bitartez.
- Eskualdeko zerbitzuak/Proiektu estrategikoak. Goierri BarNETik, Enplegu plana, Energia bulegoa, Gizarte arloko ekimenak, Bidari…
Harremanetarako
Goiekin erronkei aurre egiteko prest daude, hasieratik amaitu arte; erronkak bultzatuz eta gauzatzen lagunduz: www.goierri.eus/harremana.
- Industria Arloa: Xabier Perez, xabier.goieki@goierri.eus / 943 16 00 40
- Ekintzailetza arloa: Maialen Sanchez, maialen.goieki@goierri.eus / 943 16 18 31

