Goierri Zuzenean
Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Goierriko herri batzuk elkartu berri dira herriotan egiten diren kontzertu eta jaialdi ezberdinen egutegi bat osatzeko. Ideia interesgarria iruditzen zait.
Izan ere, honetan urteak daramagunak jaialdien eztanda moduko hori bizi izan dugu, non data bat lortzea oso zaila bihurtu den. Esango nuke ezinezkoa izateraino. Zarraparran saiatu izan gara egutegiak bateratzen beste elkarte batzuekin, eta askotan oso erantzun kaxkarrak jaso ditugu.
Albiste horren berri izan nuenean artikulua irakurtzera abiatu nintzen arrapaladan. Harriduraz irakurri nuen egiten zidaten aipamena, baita Zarraparrari ere. Eta bai, guri ere gertatu zaigu gure jaialdia beste gertuko baten egun berean antolatzea.
Noski nik ere estimu handia dizuedala. Mundu honetan jende zoragarria ezagutu dut, eta asko, Goierrin.
Hala ere, susmoa dut sarri gertatuko zaigula egoera berdina. Hemen inori ez baitzaio gustatzen inork bere egutegia inposatzea.
Beraz, gure aldetik, prestutasun osoa dugu egutegi bat osatzeko. Ez ditugu jaialdi formatuan gauza askorik egingo aurrerantzean, baina jarraituko dugu Zumarraga-Urretxura musika ekartzen. Beraz egutegi hori osatu ahal izateko Zarraparra kontutan eduki behar dela iruditzen zait. Gu prest. ■
