Hiru goierritar Euskal Timberren
Abenduaren 20an Euskal Timber txapelketako finala jokatuko da Zarautzen. 16 parte hartzaileen artean hiru goierritar izango dira: Xabier eta Jon Zaldua zumarragarrak eta Jesus Mari Lasa legorretarra.
Euskal Timber txapelketa munduan milioika jarraitzaile dituen Stihl Timbersports lehiaketaren Euskal Herri mailako txapelketa da. Stihl Timbersports lehiaketa 1985. urtean jarri zuten martxan Amerikako Estatu Batuetan. 2000. urtean Europan antolatu zen lehenengoz. Egun, lau kontinentetan egiten da eta hogei bat herrialdetako 2.000 kirolari inguruk parte hartzen dute. Aizkorarekin, zerrarekin eta motozerrarekin hainbat ariketa azkar egiten dituzte.
Euskal Timberren kanporaketa azaroan egin zuten Astigarragan, ateak itxita. 23 kirolarik parte hartu zuten, eta 16 onenak finalera sailkatu ziren. Xabier Zaldua eta Jon Zaldua aita-seme zumarragarrak eta Jesus Mari Lasa legorretarrak finalera sailkatzea lortu zuten. Joanes Izagirre urretxuarrak eta Haritz Goena lazkaotarrak ere parte hartu zuten. Xabier Zaldua hirugarren postuan sailkatu zen, Iker Vicente eta Julen Alberdiren atzetik; Lasa 13. postuan, eta Jon Zaldua 14. postuan.
Finala bihar jokatuko da, 18:00etan, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Sarrerak entradium.com webgunean eskura daitezke. Helduek 27,50 euro ordaindu behar dute eta 7 eta 17 urte artekoek 17,50 euro. Final zortzirenetan Zaldua aita-semeek indarrak elkarren artean neurtuko dituzte, eta Lasak Dani Vicenterekin jokatuko du kanporaketako buruz buruko hori.
Hirurak baserritarrak dira: Zalduatarrak Gurrutxazpi baserrikoak eta Lasa Urdanetakoa. Legorretarra izan zen aizkora jokoan hasten lehena, 2005ean. Zaldua 2008an hasi zen, eta bere semea, berriz, umetan, aitaren bidea jarraituz. Lasa eta Zaldua elkarrekin aritutakoak dira.
Lasak utzi egin zuen lehia, lesio bat tarteko, baina Euskal Timber txapelketan parte hartzen ari da atzera. «Haritz Goena nirekin aritzen da aizkoran, eta Euskal Timberren parte hartu behar zuela esan zidanean, animatu egin nintzen. Izan ere, lan motza da». Zalduatarrak, berriz, denetan aritzen dira: aizkoran, pentatloian…
Euskal Timberreko finalera sailkatzea lortu dute. «Gauza berria da eta finalera pasatu naiz, baina lana txukun egin gabe. Ea hurrengoan txukunago aritzen garen», aipatu du Lasak.
Xabier Zaldua gusturago ageri da kanporaketan egindako lanarekin. «Ondo aritu nintzen, baina nik espero baino egur gogorragoa aurkitu nuen. Makal egurra zelako gurina bezain biguna izango zela uste genuen, baina ez zen gurina. Etxean baino denbora hobea egitea espero nuen, eta etxeko denbora bera egin nuen: bi minutu eta 35 segundo. Bi minututik gertu aritzeko itxaropena nuen, baina bi minutuko langa Iker Vicentek bakarrik hautsi zuen. Baina, tira, gauza berria zen eta badakigu finaleko egurra nolakoa izango den. Ondo etorri zen denontzako, finalean gauzak nolakoak izango diren jakiteko. Arautegia, adibidez».
Gaztearen iritzia
Jon Zaldua ere gustura aritu zen. «Denbora aurrera samar joan zen [hiru minutu eta 56 segundo behar izan zituen lana osatzeko], baina lan txukuna egin nuen. Atzetik etorri zirenak indartsu aritu ziren, baina helburua lortu nuen», azaldu du.
Kanporaketak zertan hobetu behar duten ikusteko balio izan zien. «Erremintetan alde handia ikusi nuen. Trontzetan, batez ere. Trontza arruntekin joan ginenok atzera gelditu ginen. Vicentetarrek eta Eloy Corcherok lan honetarako prestatutako trontzak eraman zituzten. Horrelako trontza bat lortzen saiatu gara, baina Amerikako Estatu Batuetan egiten dituzte eta ondoren Australiara bidaltzen dituzte prestatzera. Urtebete barru helduko liratekeela esan ziguten. Garaiz helduko ez liratekeenez, Stihl Timbersports lehiaketan parte hartutako baten bi trontza eskuratu ditut», azaldu du Xabier Zalduak.
Lasak, berriz, orain arte erabili duen trontza eramango du finalera, «pixka bat orraztuta», aipatu du. «Gure trontzek mozten dute, baina katigatu egiten dira», argitu du Xabier Zalduak. «Tira egin behar zaie», gehitu du Lasak. «Lau, hiru eta bi hortzetakoak daude. Guk lau hortzekoak eraman genituen, binakako probetan erabiltzen direnak. Banakako probetarako hirukoak dira onenak», adierazi du aizkolari zumarragar beteranoak.
Final zortzirenetan aita eta semea elkarren aurka arituko dira. «Biok ilusio handiarekin prestatu dugu finala. Gogor entrenatu dugu. Irabazi egingo diodala suposatzen da, baina nik arauren bat hausten badut, bera pasako da final-laurdenetara. Lehen kanporaketako helburuetako bat ikastea zenez, arau hauste batzuk barkatu egin zizkiguten. Batzuei gaizki etorri zitzaien, araurik hautsi gabe kanpoan gelditu baitziren, denbora okerragoa egin zutelako. Antolatzaileek eta epaileek hasi aurretik oso zorrotzak ez izatea erabaki zuten, finalerako parte hartzailerik gabe gelditzeko beldurra baitzuten», aipatu du Xabier Zalduak.
Lasak, berriz, Daniel Vicenterekin neurtuko ditu indarrak final zortzirenetan. Finaleko beteranoenak dira. Legorretarrak arerio gogorra izango du, Iker Vicente txapeldunaren aitak askotan parte hartu baitu Stihl Timbersports lehiaketan. «Berak badaki zertan ari den, baina aurre egingo diot». Xabier Zaldua Daniel Vicenterekin aritu zen Astigarragako kanporaketan. «Arerio gogorrena izango zela usten nuen, baina bera baino hobeto aritu nintzen. Trontzarekin hamar segundo atera zizkidan, baina gero bete egin zen. Kontrario gogorra da, dena den».
Gonbidapena
Stihl Timbersports kirolak jarraitzaile asko ditu munduan eta Euskal Herrian ere indarra hartzea espero dute. Ariketak motzak eta ikusgarriak dira, gazteak erakartzeko modukoak. Antolatzaileak ahalegin handia egiten ari dira, ez baita batere erraza eta merkea horrelako txapelketa bat antolatzea. Epaileetako bat Kanarietatik ekarri dute, adibidez.
Jendea finalera joatera gonbidatu dute. «Ikuskizun polita da eta kirolari onek parte hartu behar dute», esan du Lasak. «Familian joateko modua da: Gabonetan gaude, larunbat arratsaldean da…», amaitu du Zalduak. ■

