Kulturartekotasuna... ala hil!
Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Iñaki Iurrebasoren eta Garikoitz Goikoetxearen liburuaren izenburua maileguan hartu eta moldatuta, eta aurkezpeneko mezuak eta gogoetak gogoan, kulturartekotasunak euskalgintzaren orainean eta etorkizunean duen pisua ekarri nahi nuke hona. Eta pisua diot, ez zama, aukera itzela dugulako gure diskurtsoak eta eraldaketa sozialeko proiektuak aniztasunetik eraikitzeko.
Autoreek liburuan azaltzen duten gisara, azken hamarkadetan pasa gara kalean euskaraz zaharrek soilik egitetik, entzuten den euskara gehienbat txikien eskutik izatera. Eta hori dramatismoz bizi dugu, hizkuntzaren transmisioari begira arrakala handia dakusagulako. Baina kontua da hizkuntza minorizatu ororen jarraikortasuna bermatzeko ezinbestekoa dela belaunaldi berriek hizkuntza ezagutu eta erabiltzea. Horregatik da hain garrantzitsua gaur egun hezkuntza arautuak duen papera; bertan bermatzen da txikienek euskara ezagutzea.
Dena den, egungo paradigman eta egoera demografikoan ezin dugu utzi euskalduntze prozesua soilik ikastetxeen esku; are gutxiago gure herrietan eskola segregazio kasu larriak ditugunean. Horregatik behar dugu kulturartekotasunaren aldeko apologia. Euskararen etorkizun beltzari aurre egin nahi badiogu, aurreikuspen guztiak irauli nahi baditugu, kulturartekotasuna eta aniztasunaren kudeaketa gure ardatz nagusienetakoak izan behar dira.
Euskara etxean presente ez duten familiei erakutsi behar dizkiegu euskarak zabaltzen dizkigun ateak, bai. Baina hori ez da hitzaldi sorta batekin konpontzen. Horretarako gure leihoak ireki behar ditugu, usain berriez busti, ohitura eta kultura ezberdinak bizi, plazatik irten, ikastetxeetan nahastu. Trintxerek eta segregazioek justizia sozialari bakarrik ez, euskararen transmisio eta hedapenari ere egiten baitiote kalte.
Kulturartekotasunaren urteak izan daitezela hurrengoak! ■
