«Futbolak nire nortasuna garatzen lagundu dit»
Txikitatik izan du Naroa Santanak (Lazkao, 2002) futbolean jokatzeko grina. Lazkaoko futbol taldean hasi zen, eta handik Realeko bigarren taldera egin zuen jauzia. Orain, Atletico Balearesen dabil, Mallorcan. Hasieratik «etxean» bezala sentitu dela dio lazkaotarrak, eta «oso gustura» dagoela bertan.
Noiz eta nola sortu zitzaizun Mallorcara joateko aukera?
Aurreko denboraldi amaieran sortu zitzaidan aukera. Realarekin zazpi urte egin ondoren, ziklo bat itxi nahi nuela sentitu nuen, eta beste esperientzia berri bat bizitzeko momentu egokia zela iruditu zitzaidan. Erabakia ondo pentsatu nuen, baina argia izan zen. Uste dut, aldaketak egitea beharrezkoa dela hazten jarraitzeko.
Taldean integratzea erraza egin al zaizu?
Bai. Taldeko kide guztiak lehen momentutik nire alboan egon dira, gauzak erraztuz eta giro atsegina sortuz. Horrek asko lagundu dit ondo integratzen eta hasieratik etxean bezala sentitzen.
Noiztik zabiltza futbolean?
Zortzi urte nituela hasi nintzen futbolean jokatzen, Lazkaoko futbol eskolan. Hasiera hartan ez ginen neska asko, eta hori erronka bezainbeste motibazio-iturri izan zen niretzat. Ordutik futbola beti nirekin izan dut.
Zer esango zenieke futbolean hasi nahi duten neskei?
‘Ezin duzue’ esaten dietenei entzungor egiteko esango nieke, eta gustatzen zaien kirola egitera animatzeko.
Zer ematen dizu futbolak?
Kirol honek, alde batetik, pasioa eta poza ematen dizkit, baita motibazioa eta energia ere. Bestetik, lana, diziplina eta erantzukizuna erakutsi dizkit. Gainera, harremanak sortzeko aukera eman dit. Azken batean, futbolak nire nortasuna garatzen lagundu dit, bai alderdi pertsonala, eta bai bizitzako balioak lantzen.
Zein izan da jaso duzun aholkurik baliotsuena?
Aitak emandako aholkuak ezinbestekoak izan dira nire ibilbidean. Hark une bakoitza gozatzeko esaten zidan, baita futbolean plazeragatik eta dibertitzeko jokatzeko ere. Jada gure artean ez dagoen arren, bere hitzek eragin handia izaten jarraitzen dute nigan.
Erreferenterik baduzu?
Bat esatekotan, nire ama esango nuke. Bere indarra, konstantzia eta babesa funtsezkoak dira niretzat. Askotan erreferente handienak ez dira pantailan agertzen diren kirolari famatuak, baizik eta egunerokoan zure ondoan daudenak.
Zein dituzu epe motzeko eta luzeko helburuak?
Epe motzean, nire jokoa hobetzea eta taldean modu eraginkorrean laguntzea ditut helburu. Entrenamenduetako eta partidetako erronkak ondo kudeatzea eta baita beste kategorietara igotzeko aukera izatea ere. Epe luzera begiratzea ez dut horren gustuko, urratsez urrats joan nahi dut, ikasiz eta hobetuz.
Nola ikusten duzu emakumeen futbola gaur egun?
Emakumeen futbola garai oso indartsuan dago. Azken urteetan profesionalizatu egin da, eta egiturak eta baliabideak ere asko hobetu dira. Gainera, ikusgarritasuna ere handitu da, eta hori ezinbestekoa da jendeak futbola baloratzeko. Egonkortasun ekonomikoan eta lan baldintzetan egiteko asko dago oraindik, baina bide onetik goazela esango nuke. ■

