Goizerri
Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Hala esaten zaio euskaraz sortaldeari, hau da, eguzkia ateratzen den aldeari, ekialdeari, alegia. Eta egunotan, bereziki, erraz gogoratu gaitezke handik datozen hiru erregeekin, baina Anjel Lertxundi idazleari irakurria diogu tradizio errusiarrean bazela laugarren monarka bat, izarraren norabidean, berri onaren bila abiatu zen erregina bat, alegia.
Kontua da, ibilian-ibilian, erreginak hamaika pobre ikusi zuela bide bazterretan, eta, errukiturik, haien artean banatu zituela bere opari guztiak. Gajoa Betleemera iritsi zenerako, haurrik aurkitu ez, eta oparirik ere ez hari eskaintzeko. Joan, joan, beti joan, hogeita hamahiru urteren buruan, azkenean, laugarren erregina Golgotara iritsi zen, baina espero zuen haurra gizon eginda agertu zitzaion, non eta gurutzean, azkenetan… Hala bada, gurutzera hurreratu, eta, besterik ezean, egin ziezaiokeen esku erakutsirik preziatuena egin zion, erregalirik benetakoena: bere arima.
Zoritxarrez, aurten ere ez da jaiotzarik izango Betleemen, hau da, Palestinan, baina Italia aldean etxe askotan jarriko dute, eta Bernardo Atxagari irakurria diogu, caganer artzainaren figuratxoa Katalunian bezala, Beniamino izeneko artzain bat jartzeko usadioa dutela han. Sobra ere, Napoliko eskola batean, Luigi Lomboso mutiko pobreari idazlan bat bidali zioten: «Il personaggio historico que preferisco». Gixajoak historiako pertsonaia bat aukeratu beharra zeukan, baina baten ordez hiru nabarmendu zituen: Kaligula enperadorea, Jainkoa sentitzen zelako eta Incitatus zaldia senatore izendatu zuelako; Joan Bataiatzailea, basamortuan garrasika ibiltzen zelako eta kilkerrak jaten zituelako; eta, azkena, Beniamino artzaina aukeratu zuen, jaiotzako eszenografian, astoaren eta idiaren aldamenean, lo seko egoten delako. «Beti lozorroan egoten denez, ez da konturatzen inguruan gertatzen denaz, gizon horrek ez dauka arazorik». (Aitortu beharra daukat etxean daukadala haren irudia, Asisetik pozarren ekarria eta hura bezain gogoko dudala Jabier Muguruzak eskaini zion kantua: Benino edo Benito).
Esaten dute ipuinek haurrak lokartzeko eta helduok esnatzeko balio dutela. Esnatzeko eta berrorientatzeko ere bai, akaso. Eta agian komeni zaigu, haurrak esnatzen zaizkigunerako Rainer Maria Rilke poetaren hitzekin gogoratzea: «Eta orain eman diezaiogun ongi etorria Urte Berriari, gertatu ez diren gauzez gainezka dator-eta». Egitekotan, guk egingo dugu on urte berria, gure Goierri, gure goizerria. ■
