«Bertsozaletzat dut neure burua eta bertsolaritza gertutik jarraitzen dut»
Alaitz Sarasola Olano (Altzaga, 1979) Ordizian hazi zen eta azken 17 urtean Zaldibian bizi da, baina altzagarra sentitzen da. Hamaika urterekin hasi zen Goierriko Bertso Eskolan. Horrek bertso saio ugari egiteko eta jende asko ezagutzeko aukera eman zion. «Bertsozaletzat du neure burua eta bertsolaritza gertutik jarraitzen dut, oso zalea naiz». Zapiak Bat kultur elkarteko kidea da. «Udazkeneko I. Zapi Janztea antolatzeko sortu genuen elkartea, 2017an. Ordutik ekimenak ugaldu ditugu: eskolako bertso saio didaktikoa, margoketa tailerra, Zaldibiako irakurle taldea sortu…».
Zein helbururekin antolatzen duzue Zapi Janztea?
Lehiaketa eta sariketetan irabazleari txapela janztea ohikoa da. Txapelketa izena ere hortik dator. Zapiak, ordea, ez du halako baliorik izan. Guk emakumearen ikurra den zapiari protagonismoa eman nahi izan genion, zapia janztea ohorea izan zedila. Zaldibiako bertso saio honetan hobekien kantatzen duenari zapia janzten zaio. Eta zapidun hitza irabazle hitzaren sinonimo bihurtu da. Pozik gaude, bada zerbait!
Zer zaletasun dituzu?
Bizikletan ibiltzea, korrika egitea, mendira joatea, irakurtzea, eskulanak egitea, baserriko lanetan aritzea… Joskintzan ere zaletu naiz azkenaldian.
Pelikula bat edo telesail bat.
Mi vida sin mí.
Liburu bat.
Eider Rodriguezen Dena zulo bera zen.
Musika talde edo abeslari bat.
Gorka Urbizu, Olaia Inziarte, Izaki Gardenak, Anari, Itoiz…
Abesti bat.
Esanezinen Ez nuen jakin hobeto egiten, eta Chill Mafiaren Merezi ote, adibidez.
Oporretarako leku bat.
Frantzia barnealdeko herri txikiak.
Zer gosaltzen duzu?
Ez dut beti berdina gosaltzen. Gaur, jogurt begetala eta espeltazko gailetak.
Kolore bat.
Udazkeneko koloreak, oro har.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Aurreneko aldiz bat-batean jendaurrean bertsotan egin nuenekoa, Idiazabalgo eskolako aretoan. Asko estimatzen dudan Mikel Mendizabalekin joan ginen.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Gure seme-alabak: Beñat eta Ihintza.
Amets bat.
Erakundeek euskara eta euskal kulturan askoz gehiago inbertitzea eta erdigunean jartzea, gure nortasunik galdu ez dezagun.
Bizitzako plazer txiki bat.
Familian, Euskal Herriko tontor berriak deskubrituz, egunpasa eder bat egitea.
Goierriko txoko bat.
Altzagako Sarasola auzoa. Gurasoak bertan bizi dira, hangoa naiz eta ordu asko ematen ditut bertan.
Zaldibian biziko ez bazina…
Oso gustura bizi naiz Zaldibian. ■

