Erraldoien indarra Goierrin
Haurren artean lilura pizteaz gain, gazteen artean ere interes berezia sortzen dute erraldoiek eta buruhandiek. Konpartsen historiak aurrera jarrai dezan, lekukoa hartzen ari dira gazteak, eta Goierri ere horren isla da.
Herriko pertsonaia esanguratsuak irudikatu ohi dituzte erraldoiek: iraganeko ofizioak, kondairak, agintariak edo herriaren nortasuna markatu duten irudi sinbolikoak. Ez dira, beraz, irudi hutsalak; herri bakoitzaren memoria kolektiboaren isla dira, belaunaldiz belaunaldi transmititu diren istorioen gorputz erraldoiak. Herriko jai nagusietan ez ezik, urteko beste ekitaldi garrantzitsu batzuetan ere ateratzen dituzte kalera, ospakizunetako protagonista handi bihurtuta.
Baina ba al da erraldoirik eta buruhandirik gabeko festarik irudikatzerik? Bada, jaietako lehen doinuekin batera, kaleak itzal luzez bete ohi dira Goierrin: erraldoien pauso neurtuak, buruhandien korrika zorrotza, eta txistuen zein danbolinen hotsa. Haurren irribarreak pizten diren bezala gaztetzen dira belaunaldi berriekin erraldoien konpartsak.
Goierriko herrietan ere erraldoi eta buruhandien konpartsak ez dira iraganeko postal hutsak. Gazteek hartu dute lekukoa eta aire freskoz bete dira, tradizioari forma berria emanda. Beasain, Urretxu, Zegama, Lazkao eta Legazpin bizirik diraute konpartsek, inoiz baino indartsuago. Askok txikitatik bizi izan dute festa buruhandien atzetik korrika, eta gaur, eurak dira erraldoiak barrutik mugitzen dituztenak.
Konpartsek aurrera begira etorkizuna ziurtatuta izango duten arren, transmisioa ez da berariaz helduko; gaurko lanaren emaitza izan daiteke. Ekitaldi eta jaien aurreko entsegu arratsalde luzeak, asteburuetako plangintzak, pisuari eta beroari aurre egiteko ikaskuntza, koreografiak, lana eta taldean funtzionatzeko konpartsakideen borondatea dira horretarako giltza. Gazte askorentzat, konpartsa ez da jaietako egun jakin batzuetara mugatzen den jarduna: urte osoko konpromisoa da, laguntasun sare bat, eta herriarekin lotura estutzeko modua. ■
Ordizia: Egurretik altzairu berrietara
Azen konpartsa 2002an sortu zuten Ordizian, herriko gazte talde batek buruhandi batzuk hartu eta etxean egindako egurrezko egituren gainean lehen erraldoiak eraiki zituenean. Hasierako lan xume hartatik sortu ziren konpartsaren lehen protagonistak: 2005eko baserritar bikotea, Garate anaiek eginak. Haiek ekarri zuten gero Zozomikote, kaldereroen festari lotutako tamaina ertaineko figura, 12 urte inguruko haurren artean oso ezaguna.
Urteek aurrera egin ahala, konpartsak hazten jarraitu du. 2022an mikeletea eta inudea iritsi ziren, eta 2023an Santa Ana jaietan oinarritutako Santanazale bikotea. Belaunaldi berriko erraldoi horiek altzairu herdoilgaitzez eginak dira, eta arinagoak; zaharrenek 42 kilo arte pisatzen duten bitartean, berrienak 22–25 kilo inguruan geratzen dira. Altuerak, ordea, oraindik ere ikusgarriak dira: 4 metro ingurukoak.
Konpartsak sei buruhandi animalia ere baditu, eta berrienak aza eta ardia dira. Gaur egun, 15 lagun inguruk osatzen dute taldea, eta zuzendaritzan belaunaldi berriak hartu du lekukoa.
Azken bi urteetan konpartsaren inguruko interesa nabarmen hazi da. Kalejirako atsedenaldietan umeei erraldoiak barrutik ikusteko aukera ematen diete; horrek sortzen duen lilura «neurtu ezina» dela diote. Erraldoiak eramatea, ordea, ez da makala: «indarra eta teknika» behar dira, eta emanaldien aurretik praktikak ugaritu ohi dituzte.
Azen konpartsaren agendan Santa Ana jaiak dira hitzordu nagusia, baina Zaldibia, Beasain, Ordiziako Euskal Jaiak eta eskoletako ospakizunak ere ez dira falta. Etorkizunerako, erraldoi eta buruhandien miniaturak atera nahi dituzte. ■
Urretxu: Berpiztu ziren
Urretxuko erraldoiek badute historia: 1988an piztu zitzaien berriz ere bizia. Udaletxeko azken solairuan ahaztuta zeuden erraldoi haiei etorkizun duin bat eman zieten Aldiri Kultur Elkarteko (gaur egungo Lekaio Kultur Elkartea) lagunek.
Konpartsan gaur egun dauden lau erraldoien artean, Iparragirre da ikur nagusia. 29 urte ditu, eta sortzeko lan guztiak modu kolektiboan egin ziren. Herriko artisau, sortzaile eta lagun askok hartu zuten parte, eta kamiseten salmentarekin dirua biltzen ibili ziren. Cristina Orbegozo, Avelino Prieto, Emilio Salvador, Gerardo Martin, Joseba Guridi, Patxi Arburua, Jazkilan enpresa eta Miguel Zufiria izan ziren, besteak beste, proiektu haren arima.
Gaur egun, konpartsak honako lau erraldoiak ditu: Iparragirre; Angela Kerexeta (2021, erraldoia Mikel Ibartzabalek egina; jantziak Ramon Garciak): Itzainak — gizona eta emakumea — (2006-2007, Mikel Ibartzabal). Eta buruhandi multzo berezi bat, Euskal Bandoleroena (2009, Mikel Ibartzabal), pertsonaia hauekin: Patakon, Bizarbeltz, Frantses Txikia, Eder, Galtxagorri eta Giñi. Konpartsaren nortasun berezia osatzen dute, eta haientzat Juanlu Aranburuk sortutako abesti propioa ere badago.
Konpartsak ez ditu bere kabuz miniaturak sortzen, nahiz eta Urretxuko Udalak Angelaren eta Iparragirreren irudiak kaleratu zituen bere garaian.
Talde sendoa eta belaunaldi artekoa da konpartsa; 16 lagunek osatzen dute. Taldearen osasuna ona dela diote: urteetako inertziak eta komunitatearen babesak proiektua bizirik mantentzen dute. Hala ere, festetan gaztetxoak behar izaten dituzte buruhandiak eramateko.
Hala antolatzen dituzte urriaren 18ko ekitaldiaren modukoak, non haurrek pertsonaien barrualdea ezagutu, istorioak entzun eta tradizioaren zergatia ulertzen duten. «Zaletasuna inoiz baino biziago dago», diote konpartsakideek. ■
Beasain: Ia 80 urteko kalejira
Beasainen erraldoien eta buruhandien tradizioak sustrai benetan sakonak ditu. Lehengo erreferentziak 1940ko hamarkadakoak dira, Bartzelonatik ekarritako bi erraldoirenak eta bost buruhandirenak. Gaur egungo konpartsaren oinarriak, ordea, 1986an jarri zituzten, Basajaun, Mari eta bost kiliki berriren aurkezpenarekin. Legalki antolatuta dagoen Ekaitz Konpartsa duela lau urte sortu zuten, jatorrizko izena mantenduta.
Gaur egun konpartsak sei erraldoi ditu: Basajaun (40 kilo) eta Mari (35), 1986koak biak; Mattin (40 kilo) eta Jone (30), 2014koak; eta Antonio (35 kilo) eta Maria (30), 2023an egindakoak. Horien bidez, Beasaingo nortasuna eta historia, mitologia, dantza edota tren geltokiaren iragana irudikatzen dituzte. Erraldoien altuera 3,5 eta 4 metro artekoa da.
Horiez gain, konpartsak bost kiliki ditu, guztiak 1986koak eta euskal mitologiako pertsonaietan oinarrituak: Akerbeltz, sorgina, zezen gorria, Patxi Errementaria eta Mateo. Berezitasun modura, herriko pertsona ezagunak irudikatzen dituzten hiru buruhandi ere badituzte: Pitxu, Pello Irizar eta Javier Galarreta.
Konpartsak kide nahikoa ditu gaur egun, nahiz eta belaunaldi berrien txandaketan lan pixka bat egin behar izan den. Aurten, gainera, Mattin eta Joneren miniaturak aurkeztu dituzte, IV. Erraldoi eta Buruhandi Bilkuran.
Azken urteetan zaletasuna handitu da, bereziki haurren eta familien artean. Kalean ateratzen direnean harrera beroa jasotzen dute, eta 2026an iritsiko den Beasaingo erraldoien 80. urteurrenak tradizioa eta zaletasuna are gehiago indartzea ekarriko du. ■
Zegama: Tradizio bizia
Zegamak aspaldidanik du erraldoien eta buruhandien presentzia herriko festetan. Izan ere, 1929. urtean, ‘La Voz de Guipuzcoa’ egunkarian argitaratutako festetako programan ageri dira lehen aldiz erraldoiak eta buruhandiak, musika bandarekin eta gaiteroekin batera. Horrek erakusten du ia mende bateko tradizioa dutela, gaur egun arte etenik gabe iritsi dena.
Hasierako multzoa honela osatua zegoen: bi erraldoi handi, 3,60 metro inguruko altuerakoak; bi erraldoi txiki, Mari eta Tartalo izeneko pertsonaiekin; eta bost buruhandi, etsaiaren, amonaren, astoaren, mutikoaren eta neskatoaren irudiekin. Denboran zehar, hainbat konponketa eta zaintza lan egin dizkiete. Horren lekuko da 1951ko udal akta-liburuan jasotako erraldoi eta buruhandien konponketa, baita 1957ko festetako programa ere.
Zegaman ez da konpartsa egituraturik egon, baina antolaketa herriaren parte-hartzean oinarritu izan da beti. Gaur egun, buruhandiak 16 eta 17 urteko gazteek eramaten dituzte, eta bi urtez behin txandakatzen dira. Erraldoi handiak herriko gazteek eramaten dituzte, txandaka, eta erraldoi txikiak LH5eko ikasleen esku egoten dira, belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko.
Bestalde, Zegamak ez du erraldoien edo buruhandien gomazko miniaturarik, baina horrek ez du oztopatzen figurak herritarren imajinario kolektiboan bizirik mantentzea.
Agenda aldetik, erraldoi eta buruhandiak San Bartolome jaietan, inauterietan, San Martin ferian eta eskolako guraso elkarteak antolatutako festetan ateratzen dituzte. San Bartolome egunean herriko txistulariekin egiten dute kalejira, eta gainerako ekitaldietan txaranga, dultzainero edo trikitilariek laguntzen dituzte.
Zegamako kaleak, beraz, aspaldi-aspalditik bete dira erraldoien pauso geldo baina sendoz, buruhandiek lagunduta. Tradizioak, urteak joan eta urteak etorri, herriaren taupadarekin bat egiten jarraitzen du. ■
Lazkao: Laburra bezain emankorra
Goierriko erraldoi konpartsa gazteenetakoa da Lazkaokoa, eta ibilbide laburra izan arren, urte gutxian herriko haurren ilusioa eta lilura eurenganatzeko astia izan dute bertako buruhandiek eta erraldoiek. 2016an, Iker Lekuonaren gidaritzapean, guraso talde bat elkartu eta herrian zeuden lau buruhandiekin ateratzen hasi ziren. Ordura arte, haurrek eramaten zituzten buruhandiak. «Arrakasta» hutsa izan zen urte hori konpartsarentzat, eta beste lau buruhandi egiteko eskaria egin zioten udalari. Hala, astoa, antzara, Lazkao Txiki eta Tximista izaki mitologikoa egin zituen Iñaki Moyua tolosarrak, eta ordutik, taldea etengabe hazten joan zen.
2019an bi erraldoi berri aurkeztu zituen konpartsak; orduan ere, mitologiatik tiraka: Mari eta Basajaun. Aurreneko erraldoiak izan ziren, eta oraingoz behintzat, bakarrak. Erraldoien miniaturak ere atera berri dituzte, haurrentzat zein bildumazaleentzat pentsatuak, eta Lazkaoko etxeetara hurbiltzeko helburuarekin eginak. Baina buruhandiez eta erraldoiez gain, bi zezen-suzko ere badituzte, eta horiek guztiek osatzen dute egungo konpartsa.
Konpartsaren irteera berezien artean ohitura bilakatu duten erraldoien bilkura dago. Laugarren edizioa ospatuko dute 2025ean. Euskal Herritik kanpora ere bidaiatuak dira; Kataluniara bi alditan joan dira, eta taldea indartzeko zein kultura ezberdinak ikusarazteko balio izan die.
Motibazioa, aire freskoa eta grina soberan da Lazkaoko Erraldoien Konpartsan: «Azken bi urteetan hamar bat gazte batu dira, eta hamasei urteko lau gazte dagoeneko hasi dira erraldoiekin ikasten». ■
Legazpi: Gazte harrobia, etorkizunerako
Legazpin jaietako erraldoien inguruko lehen dokumentazioa 1948koa da, eta ordutik ibili izan dira herritarrak erraldoien inguruan. Garai batean Manuel Uribetxeberria ‘Jalisko’ arduratzen zen, eta harengandik hartu zuen Mikel Alonsok lekukoa.
Gaur-gaurkoz 10 erraldoik, 15 buruhandik eta 25 herritarrek osatzen duten Legazpiko erraldoien familia, nahiz eta joan-etorriko urte luzeak igaro izan dituzten. Bi erraldoi zeuzkaten hasierako urteetan, baina San Joan bezperako su batean erre ondoren, berriak ekarri zituzten: erromerian elkar ezagutu zuten Mikel eta Mikele bikote dantzari-txistulariak (gerora 20117an eraberritu zituzten, pisu gehiegi zutelako). 1986an, beste bi erraldoi ekarri zituzten tropelera: Antton eta Anttoni baserritarren bikotea; eta 2006an, berriz, Bruno eta Pakita. Mirandaolako olagizona da Bruno, eta Pakita haren emaztea. Bi horien erreplika txikiak ere atera zituzten 2018an, arrakasta handia izan dutenak. Iaz, azkenik, beste lau erraldoi ekarri zituzten, aurrekoak baino zertxobait txikiagoak, baina denak herriko gaiekin edota ohiturekin lotutakoak: Irati ezpata-dantzaria, Gurutz oilar-joko jokalaria, eta Legazpiko inauterien isla diren Lintx eta Katamalo. Horiei guztiei beste hamabost buruhandi gehitu behar zaizkie, urteetan kopuruz handitzen joan direnak.
Herritarrez ere hornitzen joan da Legazpiko Erraldoien konpartsa, eta belaunaldi aldaketa nabarmena bizi izan du azken urteotan. Iker Zeberio izan zen taldera batzen aurrena, 2018an. Taldea «egoera kaskarrean» zegoen orduan, baina urtebete geroago beste hiru lagun erakarrita, urtero-urtero 15-16 urte inguruko gazteak sartzen joan dira, gaur arte. Orain, harrobi ikaragarria dute konpartsan, eta etorkizuna bermatuta du. ■






