«Argazki onaren ezaugarriak ikusleak jartzen ditu, ez horrenbeste argazkilariak»
Argazkilaritza ezagutu zuenetik, Gorka Gomezek (Legazpi, 1996) argi izan zuen hori izango zela bere bide profesionala. Ikus-entzunezko gradua amaitu ostean, bere kabuz hasi zen lanean. Hitza-n eta Goiberri-n ere ibili zen. Esperientzia metatzen eta bere lana fintzen joan da. 2025ean, hamar saritik gora irabazi ditu lehiaketetan.
Noiz hasi zinen argazkiak ateratzen?
Nire arrebak kamera bat erosi zuen 2011n, eta udako oporretara eramaten utzi zidan. Uda osoa argazkiak ateratzen pasa nuen, eta Legazpira bueltatutakoan Ikatza argazkilari elkartean hasi nintzen.
Zeintzuk dira argazki on baten ezaugarriak?
Esparruaren arabera, argazkiek ezaugarri desberdinak izan behar dituzte ‘onak’ izateko. Lehiaketetan alderdi teknikoa hartzen da bereziki kontuan. Beste momentu batzuetan, teknikak ez du horrenbesteko garrantzirik, uneak baizik. Argazki onaren ezaugarriak ikusleak berak jartzen ditu, ez horrenbeste argazkilariak.
Zer da gehien kostatzen dena argazki bat ateratzeko orduan?
Argazki bat ateratzea ez da kostatzen, klik bat egitea da. Gakoa argazki bat sortzean dago, aurretik asko pentsatu behar baita dena: zergatik aukeratu pertsona bat eta ez beste bat, zergatik toki bat eta ez beste bat… Zailena zergati horiei erantzutea da.
Zer da argazkilaritzatik gehien eta gutxien gustatzen zaizuna?
Gehien gustatzen zaidana besteengan sortzen duen erreakzioa da; batez ere kamera aurrean izan duzun pertsona horrengan. Uste dut pertsonak zoriontsuago egiteko tresna dugula esku artean. Gutxien gustatzen zaidana, berriz, lana eta afizioa nahiko nahastuta ditudala askotan. Zaila egiten zait guztiz deskonektatzea.
Zure argazkiekin zer kontatu edo transmititu nahi duzu?
Nire argazkigintza ez da hasiera batean diskurtso kontzeptual itxi batetik abiatzen. Eguneroko lanean intuizioz aritzen naiz, interes estetikoek, erritmoek, argiak edo une jakin batek sortzen didan giroak gidatuta. Argazkiak egiteko beharra askotan modu naturalean sortzen da, aurrez pentsatutako azalpenik gabe. Hala ere, erakusketa bat edo proiektu jakin bat prestatzen dudanean, orduan bai, beste lanketa bat egin behar izaten dut.
Ba al duzu proiekturik esku artean?
Orain ‘Azken Artisauak’ izeneko erakusketa batean nabil buru-belarri. Legazpin galtzear dauden arteak, lanbideak, eta batez ere, horiek burutzen dituzten pertsonak biltzen ditu lan horrek.
Zein izan da argazkilari bezala bizi izan duzun momenturik bereziena?
Aurreko urteko Herriz Herri liga irabaztea esango nizuke. Julian Gil kidearekin hasi nintzen rallyetan parte hartzen, eta urteko txapeldunaren makila berak eman zidan. Oso momentu berezia izan zen.
Nahikoa baloratzen da zuen ofizioa?
Uste dut argazkilariaren ofizioa ez dagoela behar bezala baloratua. Mugikorrek eta azkenaldian adimen artifizialak, irudiak sortzeko edo manipulatzeko aukera eman dute, eta horrek nolabait lanaren balioa lausotu du. Hala ere, horrek ez du kentzen argazkilariaren lanak dakarren begirada, esperientzia eta denboraren garrantzia. ■

