Urte Berri on halere!
Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Baserriko zein herri txikietako bizitzan eragin handia duten albisteak ugariak dira azken boladan. Artikulua idazteko garaian zer gai jorratu erabakitzeko zalantzak izan ditut.
Albiste horietako bat abereen gaixotasunen areagotzea da. Gorantz doan joera dela ematen du eta aldiro inpaktu handia duen gaixotasun berri bat azaltzen ari da. Sute bakanak balira bezala, hedapena mugatzean jarri da fokua. Epe motzean behintzat, hedapena mugatzea lehentasun handia duen egin beharrekoa da eta ez da erraza. Gai nahiko teknikoa da baina irtenbide tekniko posible batzuek sektorean izan ditzaketen ondorioak, gaixotasuna bera bezain kaltegarriak izan daitezke. Hiltze orokorraren neurria oso muturrekoa da eta bere eragina ere bai.
Epe motzetik harago, joera hauen atzean dauden arrazoiak aztertzea beharrezkoa da: aldaketa klimatikoa, pertsona zein animalien mugimendu areagotze esponentziala eta abeltzaintza industrialak dakartzan beste arazo batzuk: animalien immunitatearen galerak eta patogenoen erresistentziak gehiegizko botiken erabilera sistematikoarengatik, abereen gaixotasunen areagotzea buru kopuru kontzentrazio oso handiarengatik… Arazo horien atzean dugun garapen eredua aldatu ahal izateko diskurtsotik ekintzetara igarotzeko premia dugu.
Abeltzaintza industriala behar duen beste proiektu kezkagarri bat bukatu berri den hilabetean argitaratu da: Olaberrian Espainiar estatuko handiena izango litzatekeen biometanizazio planta eraikitzeko proiektua garatzen ari da.
Egunkari batean irakurri dugun eta publikoki ‘de pasada’ zabaldu den informazio apurra dugu soilik. Nafarroan planta askoz ere txikiagoekin sortu diren herri plataformen mugimendua eta horiek ematen dituzten azalpenek kezka handia sortzen dute: Olaberrian planteatzen ari den bezalako dimentsio erraldoia duten proiektuak arrisku handiak dituzten planta industrialak direla (kutsadura, isuriak…), usain txarren arazoak dituztela, kamioi mugimendu ikaragarriak dakartzatela, urrutiko hondakinak ere (purinak eta abar) behar direla ingurukoak nahikoak ez direlako… Proiektuarekin aurrera segi baino lehen, herritarroi behar bezalako informazioa emateko garaia dela uste dut, alternatiba bideragarria ote den benetan baloratzeko: ikuspegi teknikotik, inguramenekotik, sozialetik, ekonomikotik… Paperean posible dena eta berdez etiketatzen den guztiak ez du zertan iraunkorra eta herritarron mesederako izan. ■
