«Amonaren errezetak markatzen dit egunerokoan bidea»
Beasaingo erdigunean, goizeko usain freskoaren artean, Olano harategiak badu beti ateak irekitzen direnean ateratzen den zerbait berezia: lanaren usaina, erpin guztietatik darion tradizioa, eta familiaren bateko eta besteko ahaleginak pilatutako esentzia. Horren erdian agertzen da Xabi Olano, belaunaldi berriaren ordezkaria. Oraindik gaztea da, baina harategiaren 60 urteko historia kontatzen duten hormak bezain tinko ari da lanean. Olanotarrek odolki txapelketa irabazi zuten azaroan Beasainen, beste behin. Txapelen eta trofeoen aldarea txiki geratu zaie; eta hemen da Xabi, irribarre apalarekin baina begietatik poza ateratzen zaiola.
Nolakoa izan da harategian erreleboa hartzea?
Duela bi urte hasi nintzen bete-betean, eta egia esan, tailer bateko praktikak eta harategiko egunerokoak ez dute konparaziorik. Hemen dena da biziagoa, zehatzagoa, zuzenagoa. Lan asko dago, baina egia da egiten dudan hori gustura egiten dudala. Ofizio honen erritmoak badu zerbait harrapatzen zaituena.
Baina erreleboaz hitz egiten dudanean, ezin dut amona aipatu gabe utzi. Harategiak 60 urte beteko ditu, eta niretzat sinboloa da: etxeko historia. Nik erreleboa hartu nuen momentu berean amona hil zen, eta beti geratu zait barruan nolabaiteko zulo txiki bat. Askotan aipatzen zuen ilusio handia egingo ziola nik familiaren negozioarekin jarraitzeak. Horregatik, harategian egun gogorren bat izaten dudanean, askotan etortzen zait gogora amona, eta, nolabait, bere irribarrea irudikatu egiten dut.
Txikitan bazenuen ogibidean jarraitzeko asmorik?
Egia esan, ez. Nire burua industriaren munduan ikusten nuen, mekatronikaren inguruan. Goi mailako formakuntza egitea argi nuen, eta hala egin nuen, eta ez harategiko lan hau hartzea. Baina bizitzak baditu bira bereziak: praktikak beste toki batean egiten ari nintzen bitartean, azken unean beti amaitzen nuen aitari edo osabari laguntzen. Eta laguntza horiek, pixkanaka, ohitura bihurtu ziren.
Eta halako batean, konturatu nintzen benetan planteatzen ari nintzela erreleboa hartzea. Ez zen erabaki arina izan, baina familiaren historia, amonaren hitzak eta nire barruko hari ikusezin bat bildu ziren. Eta azkenean, bide hau hartu nuen. Orain, atzera begiratuta, badakit erabaki zuzena izan zela. Pozik nago!
Gurasoengandik zer ikasi duzu?
Egia esanda, dena. Harategiko ofizioa ez da soilik teknikak ikastea; bizimodu bat da. Esfortzua, puntualtasuna, xehetasunak zaintzea… Gurasoak eta osaba izan dira nire maisuak, eta gaur dakidan guztia beraiei zor diet.
Anekdota kurioso bat ere badut. Ni ezkerra naiz, eta haragia zatitzeko moduak, angeluak eta mugimenduak eskuinarekin egiteko pentsatuta daude. Ezin da imajinatu ere egin zein zaila izan den ikastea. Beraien azalpenak, nire mugimenduak… guztiz kontrakoak ziren. Baina ofizio honek badu hori ere: moldatzen irakasten dizu.
Zer esan nahi du beste behin ere odolki txapelketa irabazteak?
Ilusio handia. Lan baten aitortza da. Ordizian bigarren saria ere hartu dugu, eta horrek baieztatzen du egiten duguna ongi egiten dugula. Urtea luzea da, lan askokoa, eta sariek nolabaiteko pizgarri hori ematen dute: jarraitzeko indarra, motibazioa, bidea zuzena dela esaten dizuten kolpe txiki horiek.
Lehiaketan pasa den urtean egon nintzen lehen aldiz zuzenean, nahiz eta aurretik beti laguntzen ibili. Urduritasuna, hori ez da desagertzen. Beti eragiten du zirrara, eta nolabait ederra ere bada: erakusten du axola zaizula.
Zein da zuen odolkiaren sekretua?
Egia esan, sekretu handirik ez du. Betiko errezeta da gurea, amonak erabiltzen zuena. Produktu onak eta neurriak errespetatzea dira gakoa. Ez dugu ezer arrarorik erabiltzen, ezta modako gehigarririk ere. Ondoa eta tipula ongi prestatzea, eta gero pazientzia izatea: hor dago diferentzia. Eta noski, urte osoan zehar egiten dugun lan jarraituak ere badu eragina; ez dugu lehiaketarako soilik prestatzen, egunero-egunero lantzen dugu gure esentzia.
Lehiaketa eguna nola bizitzen duzue?
Ez dit loa kentzen, baina egun kargatua da. Goizean oso goiz hasi behar izaten da, azokara behar den guztia eraman, postua antolatu… Eta, hein berean, harategian ere lan handia izaten da. Egun horietan ni ibiltzen naiz han eta hemen, laguntza behar den tokian laguntzen. Ez dago atsedenik, baina badu bere xarma.
Eta hurrengo egunak?
Zoramena. Irabazi ostean, jendeak sekulako gogoa edukitzen du odolkia erosteko. Azken asteotan, hotzarekin gainera, ia iritsi ezinik gabiltza. 800 kilo inguru egiten ari gara une honetan. Zenbakiak ikusita, batzuetan kostata sinesten dugu.
Halako lan-kargak iristen direnean, nola mantentzen da oreka?
Zaila da. Produkzioa handitu behar da, baina beti-beti daukagu lehentasun bat: betiko bezeroa zaintzea. Astero etortzen den hori, gurekin urteak daramatzana, hori da gure ardatza. Jakina, bezero berriei ere arreta handiz erantzuten diegu. Lan oldea handia denean, ez da batere erraza izaten.
Tradizioa eta berrikuntza nola uztartzen dituzu?
Betiko errezeta mantentzen dugu, baina lana erosoago egin ahal izateko teknologia berriak sartzen ditugu. Obradorea muntatu genuenean asko aldatu zen dena: orain hobeto erantzuten diogu eskariari, kalitatea galdu gabe. Tradizioari eustea da garrantzitsuena, baina gaur egungo erritmoak ere kontuan hartu behar dira.
Bezeroek zer bilatzen dute gaur egun?
Jenero ona. Horrek ez du ordezkorik. Gero, prezioa ere asko begiratzen da, jakina. Produkzio kostuak asko igo dira, eta horrek eragin zuzena du prezioetan. Guk ez dugu gehiago irabazten: tartea betikoa da. Lehengo irabazi bera edukitzeko, bikoitza saldu behar izaten da gaur egun.
Zer etorkizun ikusten diozu Olano harategiari?
Zaila da bidea. Herrietako dendek ez dute bizitza erosoa gaur egun. Lan asko dago, eta erreleboa topatzea gero eta zailagoa da. Jendeak nahiago ditu bestelako lanak, agian ez hain lotuak. Baina halako dendak galtzen badira, herriak beraiek iluntzen dira. Beasainen ikusten ari gara: dendak ixten dira eta ez dira berriak irekitzen. Nik uste dut erakundeen aldetik bultzada handiagoa behar dela.
Lanean zer da gehien gustatzen zaizuna?
Obradoreko lana. Gogorra da, bai, baina nire martxan aritzen naiz, eta gustatzen zait. Hor aurkitzen dut nire lekua.
Zuk zer jaten duzu plazer hutsez?
Haragi gorria duen edozer. Hestebete on bat, eta, noski, txuleta on bat. Hori da niretzat plazer hutsa. ■

