Etxeko komikiak
Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Tintin, Asterix eta Obelix maite genituen. Ipurbeltz erosten genuen Alonsorenean. Superheroiena bakarra zegoen gurean. Telebista erdaldunean ezagutu genituen Superman, Batman, Spiderman eta gainerakoak, baina komikiak ez ziren gurera iritsi. Euskaraz ez zeudelako, agian? Genero ikuspegia zaintzen ez zutelako, agian? Ez dut uste. Euskaraz ez zeudelako izango zen. 70-80 hamarkadak ziren.
Ipurbeltzen komikietan pertsonaia asko ezagutu genituen: Bittor, Ramuntxo ganbelutxo, Poxo, Mintxo … Teodosio erregearen kondaira ere hor ikasi genuen, gurasoak hil zituela, emaztea eta maitalea zirelakoan. Asiskok marraztu aurreko Gartxot koblakariarena ere bai. Bertsio zaharrago horretan aitak nahi gabe hiltzen du semea.
Superheroiena bakarra genuela esan dut, baina bakar hori euskaraz dago. Oraindik ere badut. Pertsonaia nagusiak eta antagonistak gizonezkoak dira gehientsuenak. Superheroi garaiezin baten umezarotik helduarora arteko kontaketa da. Jaioberritan, gizon armatuen taldeak bera hiltzen saiatuko dira, baina ezin. Bere botereen erakustaldia egingo du orriz orri. Azken orrian, hegan egingo du lehen aldiz, eta badirudi bere Kriptonera itzultzeko dela. Ez dakit istorioari jarraipenik eman zioten. Izan daiteke gure planetara itzultzea edo besteren batera joatea, eta bere abenturekin beste komikiren bat edo batzuk egotea, baina ez ditut ezagutzen, eta Interneten ere ez ditut topatu. Ez dakit Joxemarik agindutako erosketa ez ote den, Kimu Berri ikastolako orduko gure maisuak. Harrigarria iruditzen zait hori gomendatzea, baina garai hartan ez zen euskarazko fikzio askorik ere. Orri gehienak jada solte ditu gaur egun, baina galdutakorik ez du, oraingoz.
Aldian behin irakurtzen dut, nahiz eta azalak ez horretara deitu: Jesus, ebanjelioa esaldi eta marrazkietan. ■
